Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Segura, dantzaren hiriburu

Dokumentuaren akzioak

Segura, dantzaren hiriburu

Larunbatean 18:00etan Segurako Baratze pilotalekuan, 41. Euskal Herriko Dantza Txapelketan Araba, Lapurdi eta Gipuzkoako 13 bikotek hartuko dute parte. II. Dantza Eguna ere ospatuko dute
Egilea
Loinaz Agirre
Komunikabidea
Goierriko Hitza
Mota
Albistea
Data
2017/10/19
Lotura
Goierriko Hitza

Larunbatean, urriak 21,dantza izango da protagonista Seguran. Segurarrek ondaretzat duten Euskal Herriko dantza txapelketak 41. edizioa beteko du. Gipuzkoa, Araba eta Lapurdiko 13 bikotek hartuko dute parte; azken urteetan ez bezala, ez da goierritar dantzaririk izango oholtza gainean. Dantzariek zortzi bueltako fandangoa txistuz Isilkara Txistulari Taldearen musikarekin dantzatu beharko dute eta Arin-Arina trikitiaz Estanga anai-arrebak trikitilarien piezarekin. Ohi bezala, Euskal Telebistak grabatuko du txapelketa eta egunean bertan 22:00etan eskainiko du. Dantzariek beraien lana bukatutakoan eta epaimahaiak kontuak egiten ari diren bitartean, Tio Teronen Semeak taldeak Freshcool ikuskizunaren moldaketa bat eskainiko du.

Epaimahaia

Josu Ibarra, Nerea Vesga, Antton Mendizabal, Arantxa Garin eta Ander Garitaonaindiak osatuko dute dantzaren arloko epaimahaia eta bost atal neurtuko dituzte: pausoak (gerritik beherakoa), gorputza (gerritik gorakoa), alderdi artistikoa, erritmoa eta akatsak. Jantzi dotoreenak ere saria izango du eta horretarako Ainhoa Mendiburu eta German Nestares izango dira epaile.

Dantza eguna

Baratze pilotalekuan goi mailako eta teknika handiko dantzaz gozatzeko aukera izango bada ere, dantza herrikoiak ere izango du lekua larunbatean Seguran. Egun osoan zehar, herrian dantza egiteko aukera izango da, «dantzari ez den jendea ere dantza egitera animatzeko egun bat da», esan zuen Eñaut Telleria alkateak aurkezpenean. Polka erraldoia, dantza gidatuak eta herri bazkaria antolatu dituzte. Bestalde, Ardixarra etxean, Ordiziako Ortzadar argazki elkar-tearen Iragana orainean argazki erakusketa ikus daiteke.

Segura ezagutzeko aukera

Segurarrek bere ondaretzat dute dantza txapelketa, «herriko ondare bezala sentitzen dugu», dio alkateak. Baina Maria Jesus Telleria Diputazioko Kultura Zuzendariak gehitu zuenez, ondare inmaterialaz gain, Segurak eskaintzen duen ondare materiala ezagutzeko ere egun aproposa izango da larunbata. Ondarearen Europako Jardunaldien barruan, 11:30ean Ardixarra etxetik abiatuz, Erdi Aroko paisaian murgiltzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.

Egitaraua

II. Dantza eguna
· 11:30. Plazan topaketa nagusia eta Azpilla dantza taldeak gidaturiko polka herrikoi erraldoia.
· Ondoren. Errebal taldearekin dantza plaza gidatuak.
· 13:30-15:30. Herri bazkaria  (Helduak 8 euro, haurrak 4).
· Ondoren. Errebal taldearekin dantza plaza gidatuak.
· 17:15. Kalejira plazatik Baratze pilotalekura.

41. dantza txapelketa
· 18:00. Baratze pilotalekuan,
· 13 bikote lehian: Jon Ander Iriondo-Maider Arrieta, Beñat Olano-Amaia Uralde, Gorka Kerejeta-Leire Eizmendi, Ekain Uzkudun-Laura Bastida, Iker Sanz-Ane Urruzola, Gorka Etxeandia-Sara Chaves, Pierre Latasa-Miren Arbelbide, Mikel Subinas-Maite Beobide, Julen
Berrondo-Nagore Berrondo, Amets Amubieta-Larraitz Larrañaga, Julen Murgiondo-Saioa Galarraga, Xabier Artola-Idoia Beasada eta Irati Aranguren-Leire Urresti.

Dokumentuaren akzioak