Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sean Aucutt: ‘Euskal Herria gero eta amerikanoagoa da’

Dokumentuaren akzioak

Sean Aucutt: ‘Euskal Herria gero eta amerikanoagoa da’

Egilea
Koldo Isusi Zuazo
Komunikabidea
Bizkaie
Mota
Elkarrizketa
Data
2006/09/21

Hona hemen Oinkari Dantza Taldeko aita galestarra eta ama bizkaitarra dituan Sean Aucutt-ek euskera garbian kontau deuskuzanak:

1.- Diasporan, euskal jatorriko komunidade sendo eta aberatseko Boise urian sortu zan Oinkari. Noiz? Noren ekinbidez? Zelako helburuakaz?

Gitxi gorabehera, 1960an jaio zan taldea Boise, Idahon eta, beraz, ez jaku asko falta 50. urteurrena ospatzeko. Euskaldun amerikanu eta euskaldun talde baten ekinbidea izan zan jantza taldea abiarazotea. Helburuak argiak ziran, euskal kulturea, tradizinoak, musikea eta folklorea gorde eta bultzatzea, hain zuzen be. Hasierako talde horretan ibili ziran batzuk aitatzearren, Alberto Urkiaga Boisekoa eta Simon Atxabal Ispasterrekoa nabarmenduko neukez. Hori bai, AEBetan jaiotakoak izan arren, kasu guztietan euskal jatorriko lagunak ziran eta gara gaur egun be, aita eta ama euskaldunak, gurasoetako bat edo bestela aitite edo amuma euskaldunak daukaguz.

2.- Orain 46 urte inguru Euskal Herrira etorri ziran Oinkari sortzekotan ebizan batzuk eredu bila...

Bai. Nora etorri ziran ez dakit zehatz baina bai sorrerako taldeko batzuk Euskal Herrira etorri zirala badakit, Donostiara oso oker ez banago baina ezin deutsut esan zein jantza taldegaz izan ebezan hartu-emonak. Tolosan badago Oinkari izeneko talde bat baina gu zaharragoak gara.

3.- Gaur egun talde sendoa zarie, 70 jantzari ingurugaz, zazpi probintzietako jantzak eskaintzen dituana eta diru-iturri bereziak dituana...

Gaur egun ez gara 70era heltzen, pentsaizu gehienak ikasleak gara eta kasu baztuetan ikasteaz aparte, lan egiten dogu. Ganera, badira batzuk irailetik bagilera Idahotik kanpoko unibersidade edo eskoletan dabizenak eta ez da erraza taldea batzea ensaioak egiteko. Udan, barriz, taldeko ia gehienak gagoz Boisen eta orduan errazagoa izaten da, emonaldi gehienak be udan izaten doguz. Normalean, domekatan alkartzen gara.

Eskaintzen doguzan jantzen harian, Euskal Herriko jantzak eskaintzen doguz, aspaldikoak baina gehienbat Bizkaikoak, izan be, gehienak bizkaitarrak gara. Dantzak ikasteko eta nahitaezkoak dira hartu-emonak hemengo jantza taldekaz, berbarako Andra Mari Dantza Taldekoakaz.

Beste alde batetik, diru-iturriarena aitatu dozu eta arlo horretan esan behar deutsut guk ez dogula inolako diru publikorik jasoten, hemen udaletatik eta jasoten dan moduan. Taldea aurrera eroateko dirua geuk lortzen dogu, emonaldien bidez edo jaialdietan jarten doguzan txosnen bidez. Horrezaz gan, emoi partikularrak be izaten doguz maila desbardinetan: green level (250 dolar), red level (500), silver level (1000) eta golden level (2500).

4.- Zer egiten dozue gazteak taldera erakarteko?

Historian atzera eginaz, lehen euskaldunak AEBetara joaten hasi ziranean, black-vasco legez hartzen ginduezan, white man, gizon zuriei lana kentzera joaten ginalakoan. Hortik aurrera, euskaldunek behar asko egin dabe, hasieran artzain legez eta gero beste zeregin batzuetan eta gaur egun euskaldunok fama ona daukagu AEBetan eta ondo hartzen gaitue beti eta gazteak ia berez datoz gugana ze euren zuztarrak nondik datozen jakin gura izaten dabe. Jantza taldea gara, ganerako jantza taldeen antzeko ezaugarriakaz baina gu hara eta hona dabilen taldea gara, AEBetan, Idahon zeresanik ez baina Washington, New York eta beste leku batzuetan emon doguz ekitaldiak baita Argentinan be, eta Euskal Herrira be egiten doguz osterak, azkena orain 3 urte. Esangura horretan, gazteek euskal kulturea eta folklorea lantzeko ez eze, bidaiak egiteko eta lagunarterako aukerak be ikusten dabez taldean.

5.- Gaur egun, talde beteranoa zarie eta AEBetan ekitaldiak eskaintzeaz gan, Euskal Herrira hirugarrenez etorri zarie orain, 1985eko eta 2003ko bidaien ondoren. Oro har, ze gorabehera edo aldaketa igarri dozuez Euskal Herrian lehen bisita haretatik gaur egunera? Hemengo kontuak jarraitzen dozuez?

Bai, orain hiru urte Donostian, Astigarragan eta Añorgan izan ginan. Hartu-emonak daukaguz Añorgako Arkaitz Dantza Taldeagaz (Boisen egon ziran orain urte batzuk) eta Galdakoko Andra Mari Dantza Taldeagaz (igaz egon ziran Boisen). Hartu-emon horreek sano positiboak dira, izan be, horreei esker, gure kasuan, euskerea ikasteko gogoa biztuten jake eta badira batzuk Lazkaon eta beste herri batzuetan euskerea ikasten ibili diranak eta hartu-emon estuagoak bideratu dabezanak. Gure taldean, gaur egun, 10 bat izango gara euskeraz berba egiten dakigunok eta beste bost bat berba batzuk dakiezanak.

Bigarren galdereari erantzunez, hemengo kontuak jarraitzen doguz, jakina, Internet bidez eta nahiz eta gauza asko ez doguzan behar bezela ulertzen.

Gorabehera edo aldaketen harian, Euskal Herria gero eta amerikanoagoa dala uste dot. Euskal Herriaren esentzia galtzen doa, herritarren arteko hartu-emonak, kaleko eta herrietako giroa, bizia, denda txikiak galtzen doaz. Autoa lehen baino askoz gehiago erabilten dozue eta herrian bertan lan egin beharrean, etxetik urrun zoaze lanera. Merkataritza-guneetan egiten dozue bizimodua, azken finean, guk ameriketan orain urte batzuk bizitako giro horretan zabize.

6.- Euskal jantza tradizonalak zelan hartzen dabez iparamerikarrek? Oro har, kanpoko folklorea eta tradizinoak interesetan jakez?

AEBetan arraza, kolore, erlijino eta maila guztietako lagunak dagoz eta beste herri, kultura eta tradizinoakazko eretxi eta jarreratan gorabehera handiak dagoz baina oro har asko gustetan jakez kanpoko folklore eta tradizinoak.

7.- Euskal komunidade sendoenak, akaso, Idahon eta Nevadan dagoz baina gizarte iparamerikarrean zelako oihartzuna dauka euskal komunidadeak? Politikaz aparte, gizarteko ganerako sektoreetan badago euskal jatorriko inor?

David Bieter Boiseko alkatea euskalduna da, Pete Zenarruza Idahoko Estadu Idazkari ohia be bai eta epaileak eta abogaduak be badagoz euskaldunak. Gero, jakina, beste sektore eta lan batzetan be badagoz euskaldunak. Lehen esan deutsudan legez, fama ona daukagu AEBetan, besteak beste, behargin finak garalako.

8.- Andra Mari Dantza Taldea igaz egon zan Boiseko Euskal Jaian eta orain Oinkarikoak zabize gurean. Dantza ekitaldiez gan, saio ofizialak be aurrikusita daukazuez...

Bai. Bizkaian zehar gabiz dantza saioak eskaintzen: 12an, Markina-Xemeinen; 13an, Durangon; 14an, Galdakaon saio bi; 15ean, Sopelanan; 16an eta 17an, Galdakaon; 18an, azken saioa, Gernikan.

Horrezaz aparte, Gasteizen, Juan Jose Ibarretxe lehendakariak harrerea egin euskun. Oraingoan ez dogu han dantzarik egin baina orain hiru urte bai.

9.- Aurrera begira, zeintzuk dira Oinkari Dantza Taldearen erronka edo egitekoak?

Taldeari eustea da helburu nagusia. Taldekide kopuruari jagokonez, normala dan bezela, gorabeherak bizi izan doguz baina ez dogu sekula taldea galtzeko arriskurik izan.

Dokumentuaren akzioak