Dokumentuaren akzioak
Sasien gainetik
Ez dira asko dantzaren aldeko hautua egiten duten mutikoak. Beste aukera batzuek duten nagusitasun mediatikoa, gurasoen babes falta edo gizarte matxistaren presioa izaten dira askotan egoera horren arrazoiak. Aurreiritzi eta estereotipoek indartsu jarraitzen dute dantzaren inguruan, eta horrek kezkatu egiten ditu eskola eta kontserbatorioetako zuzendariak. Egoera hori bestelakoa da Euskal Herritik kanpo. Europako herrialde askotan, dantzari izateak aitortza dakar.
Gasteizko Jose Uruñuela dantza kontserbatorioak urteroko dantza jaialdia antolatu zuen maiatz hondarrean. Hedabideen aurrean egindako aurkezpenean, mutikoen egoerari buruz galdetu zuten kazetariek. Carmen Tercero zuzendariak kezka agertu zuen egoerarengatik, diskriminazioak ikasketak sobera goiz uztera bideratzen dituelako: «Mutikoak etortzen dira, bai, eta maite dute, baina, azkenean, utzi egiten dute, presio handia dutelako eskolan ikaskideen aldetik, irakasleen aldetik eta hezi eta babestu beharko lituzketen pertsonen aldetik. Gehienetan gurasoek, hezitzaileek eta lagunek huts egiten dute», azaldu zuen.
Jaialdia bukaturik, berriz ere heldu dio gaiari, baina tentuz. Beldur da egoera hori gehiegi zabaltzeak kalte egin ote dezakeen. Hala ere, iritzia eman du. Bere esperientzia kontatu du, kontserbatorioan ikusi duena. Alde batetik, ikasle batzuek eskolako kideengandik jasaten duten diskriminazioa aipatu du. «Bullying-a zabalduta dago». Dena den, hiru mailatan ikusi du presioa: gurasoengandik, irakasleengandik eta ikaskideengandik heldu da batzuetan presioa. «Guraso guziek ez dituzte seme-alabak babesten; badira ezetz esaten dutenak haurra futbolean sartzeko». Eskola eta institutu batzuetako irakasleen jarrera ere ez du begi onez ikusi Tercerok: «Batzuek ez dute ikasleak balletera etortzerik nahi, haientzat denbora galtzea baita».
Batik bat mutiko gazteenekin gertatzen dela azaldu du; gero, 15 eta 16 urterekin, ingurukoek esaten dutenari kasu gutxi egiten dietelakoan. «Adin horrekin berdin zaie esaten dietena, eta errazago izaten dute mutilek orduan, neska asko daudelako, eta mutil gutxi», azaldu du kontserbatorioko zuzendariak.
Cristina Alvarez ere kezkaturik agertu da mutiko gutxi izaten direlako dantza eskoletan. Nafarroako dantza eskolako zuzendaria da Alvarez, eta datu orokor batzuk eman ditu egoeraren berri emateko: mailarik txikienetan, haur bat edo bi izaten dituzte ikasturte bakoitzean, eta maila ertaineko lau ikasturteetan, bi mutil baizik ez. Alvarezek ezagutu ditu jazarpen kasuak, baina beste arazo handiago bat antzeman du: «Arazo nagusia da mutilak dantzan ez aritzeko dagoen presio soziala. Ehunekoa izugarri apala da; gezurra dirudi XXI. mendean gaudenik».
Oraindik bada lanik
Egoera hori dela eta, gurasoen lana ezinbestekotzat jo du. «Geratzen direnek, normalean, gurasoen babesarengatik jarraitzen dute. Pertsonalitate handiko mutikoak izan ohi dira, gainera». Hala, kexu da guraso batzuek ez dituztelako haurrak dantzara bideratzen: «Guraso belaunaldi bat bada haurrak zer nahi duen erabaki zain egoten dena, eta, noski, egunero futbola, futbola eta futbola adituta... gurpil zoro bat da».
Dantza klasikoan ez ezik, beste dantza mota batzuetan ere aurreiritziek mutikoz hustu egiten dituzte dantza eskoletako aretoak. Ander Errasti dantza irakaslea da Orioko Danbolin musika eskolan (Gipuzkoa), eta Errastik ere sumatu du gizartearen eragina. Mutiko gutxi izaten ditu lehenbiziko mailetan, eta 9 urte betez geroztik, gutxiago dira jarraitzen dutenak.
«Gaur egun bizi garen gizartean denek esaten dugu dena dela berdintasuna eta ez zaigula axola besteek zer esaten duten, baina gero badago tabu bat kontu honekin». Komentarioak badaude, baina, batik bat, kirolaren aldeko hautuarengatik uzten dute dantza, irakaslearen irudikoz. Hori agerian uzten du errealitate berri batek: 13-14 urteko neskek dantzaren alde egiten zuten lehen, baina askok kirolen alde egiten dute orain.
Irakasle ez ezik, dantzaria ere bada Errasti. Txikitan hasi zen, eta ez du gogoan zaila egin zitzaionik. Eskolako mutiko bakarra zen: «Kirola edo dantza erabaki behar izan nuen, eta nik oso garbi izan nuen. Ez zait inoiz inporta izan zer esaten zuten». Noiz edo noiz lagunek esan izan zioten hori neskena zela, baina horrelakoei ez zien jaramon handirik egin.
Nahiko ohikoa dirudi txikitan dantzan hasteagatik beste haurren komentarioak aditu behar izatea. Igor Yebrak, adibidez, txikitako egoera azaldu zuen urtarril hasieran Dantzan.eus atari digitalari eskainitako elkarrizketan: «Bai, beste haurrek gauza larriak egin zizkidaten, nahiz eta klaseko garaiena izan, nolabaiteko klaseko ikono edo marka, liderra. Inbidia zidan jende asko zegoen, eta haiek are gehiago erasotzen zidaten. Gauza larriak izan ziren, baina horiek ez dira haurren kontuak, gurasoenak baizik, haurrek ez baitute beren kabuz halakorik egiten, ezpada jaso duten hezkuntzagatik. Zein izan da horren ondorioa? Ez dudala eskolako lagunik».
Euskal Herrian denbora tarte txikia eman zuen Iker Murillo dantzariak. Ez die garrantzi handirik eman txikitan beste haurrek esandakoei: «Nire esperientzia nahiko ona izan da. Egia da jazarpena jasan nuela txikitan, baina ez nuen kasu handirik egin. Profesional gisa iritsi naiz nahi nuen tokira». Murillok azaldu du oso gazte atera zela, eta «beste mundu batean» sartu zela. Hala ere, familiaren babesa izan du beti. «Nik dena kontatu dut beti, eta hori inportantea da», azaldu du. Inguruan ikusi ditu dantza alboratu dutenak, baina ez mutilak soilik, baita neskak ere. «Gogorra delako utzi dute, edo etxetik kanpo egon behar zutelako».
Euskal Herrian oraindik ere hainbat klixe oso erroturik daudela uste dute dantzari batzuek. «Tristea da hemen honetaz hitz egitea; kanpoan hori ez da horrela. Hemen, dantzaria homosexuala dela pentsatu ohi da. Denetarik dago konpainietan, neskak eta mutilak, homosexualak edo heterosexualak», dio Murillok. Horretaz nahikoa badaki Vitali Sanfronkine dantzariak. Errusiarra da, eta bestelako egoera bizi izan du: «Errusian, dantza hemen baino askoz ere gehiago da. Normala da mutiko batek dantza egitea. Badira dantza haientzat ez dela uste duten mutikoak, baina gehienek errespetua diote dantzari». Gainera, dantza eskola batean sartzea oso zaila dela gogorarazi du, beraz, arte diziplina hori ez dago gutxietsirik. «Hemen, futbola da nagusi, indar handia du, eta, alde horretatik, matxistagoa da».
Arrazoi bat edo beste dela medio, denek nabarmendu dute mutiko gutxik egiten dutela dantza ikastearen aldeko hautua. Iaz, Jon Maia dantzariak ere kezka hori agertu zuen BERRIA-n argitaratutako artikulu batean. Azken 30 urteotan mutilak uzkurtu egin direla zioen. «Askoz ere mutil gutxiago ikusten dut dantzan gaur egun. Egungo mutikoek badute zama hori buruan, mutil eta dantzari izatea arraroa dela, ez dela euren mundua entzuten dute; harritu eta tristatzen nauen gauza bat da, uste bainuen kontu horretan aurrera egingo genuela».
Klixe eta estereotipo horien parte da galtza elastikoak janzten dituen dantzariarena. Gizon eta emakume binomioan, gaizki ikusiriko jarrera mutikoentzat. «Historiari begiratuz gero, nork ez du galtza elastikorik eraman? Gaur egun ez dut ulertzen zergatik harritzen ahal zaituen mutil bat galtza elastikoak jantzirik ikusteak. Igerilari batek zer jantzi darama? Eta txirrindulariek? Dantzariak bezala janzten dira-eta», kexu da Gasteizko dantza kontserbatorioko zuzendaria. «Ikuspuntua aldatu dugu dantzako jantziak kirolera eramateko, baina ez dugu aldatu onartzeko mutiko dantzari bat. Gainera, denetariko jantziak eramaten dituzte dantzariek».
Dantza kulturaren falta ere aipatu dute batzuek mutiko eskasiaren arrazoi gisa. «Hemen ez dago dantza tradiziorik, ez gizonetan ez emakumeetan. Falta da jakitea dantza ez dela tutu kontua soilik, eta dantza klasikoaz gainera alor asko daudela», esan du Alvarezek. «Sentsiblitatea ez da genero kontu bat». Horretarako, presentzia handiagoa beharko luke dantzak, Nafarroako eskolako zuzendariaren aburuz. «Ez dago aski babesik; dantzariak ez dira izarrak edo ez dute dirurik sortzen, ez da komertziala. Telebistan ez da ikusten, ez dago dantza programaziorik, eta hezkuntzan ere garrantzi handiagoa eman beharko litzaioke musikari eta dantzari».
Ikusarazteko premia
Bide beretik jo du Sanfronkinek. «Errusian, dantza toki guzietan ikusten duzu». Gainera, haurrei bideratutako emanaldi gehiago behar direla uste du. «Kulturako norbaitek txipa aldatu beharra du. Beste herrialde batzuetan, dantza presente dago iragarkietan, filmetan... Orain, Errusian soilik dantza klasikoa duen film bat aurkeztuko dute». Euskal Herrian ere Telmo Esnal ari da dantza tradizionalarekin film bat grabatzen.
Murilloren aburuz, etxean landu beharreko gaia da hori. «Haurrek etxean gauza asko ikasten dituzte. Gurasoen lana da. Batzuetan gurasoek ez dute errurik, baina lan ona egin behar dute; hori garrantzitsua da». Dantzari dagokion maila aitortzea ere izan daiteke jendea erakartzeko modu bat. Bide horretan, irakasleek badute zer eginik, Errastiren aburuz, guraso askok denbora-pasa ikusten dutelako jarduera hori. «Lanean ari garenok dantza bultzatu behar dugu, eta ikusarazi honek baduela etorkizunik, lanerako aukera egon daitekeela. Hezitzaile gisa kontzientzia hori sortu eta gurasoak ere horretara bideratu». Horretarako, erreferenteak sortzea eta ikusaraztea beharrezkoa litzateke. Arestian aipatu dantzariek, adibidez, haien helburua lortu zuten behin dantza ikasteko hautua egin zutelako.
Dokumentuaren akzioak