Jazinto Rivas Elgeta soinu-jolearen ibilerak jasotzea ez da gorabeherarik gabeko lan prozesua izan; izan ere, komikigintzak baditu bere gauzatxoak. Izagirre formatoaren ezaugarrietara egokitzea izan zen lehenengoa. Bestea, soinu-jolearen bizitza 48 orriko albumera ekartzea. "Elgetari buruz dakiguna oso interesantea da, baina interesanteagoa da akaso ez dakiguna", esan zuen aurkezpenean Izagirrek.
Donostiako tornuan utzi zuen Jazinto Rivas haren amak, eta Elgetako Intxuzabal baserrian hartu zuten adopzioan. Haurtzarotik helduarora pasa orduko, ordea, laster hartu zuen Eibarrerako bidean. "Gerra aurreko garai haietan Eibar izango zen Gipuzkoako leku interesanteena bertan gertatzen ari zen guztiarengatik. Eibarren garatu zuen kontzientzia politikoa Elgeta-k".
Gero etorri ziren gerra, frontea eta kartzela. "Lau bat urte egin zituen preso. Gizon bat hil izanagatik omen zuen bizi osoko kondena", gogorarazi zuen Izagirrek. El Dueso eta Puerto de Santa Maria espetxeetan izan zen Elgeta. Gerra osteko garaietan kartzelak preso politikoz beteta egongo zirela ohartarazi zuen Izagirrek: "Kartzela ere leku oso interesantea izango zen".
Euskal Herriko Trikitixa Elkartearen ekimenez ikusi du argia Sasi artean Elgeta komiki-albumak. Aurretik, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen Xabiroi aldizkarian argitaratu dituzte atalka 48 orrialdeak. "Trikitixa Elkartean interes handia zuten Elgeta-ren ibilerak jasoko zituen komiki-albuma egiteko, eta oso gustura daude emaitzarekin", esan du Fanok. "Lan honekin gertatu zaigu pertsonaiaren ezaugarriengatik, eta herri mailan duen garrantziarengatik eskuetatik ihes egin digula komikiak atera orduko. Konturatu gara figura garrantzitsua dela Elgeta, eta kariño berezia diola jende askok".
Garrantzitsua izan zen Elgeta-k trikitiaren transmisioan egindako lana. Baserriz baserri ibiltzen zen mantenuaren eta soldata txiki baten truke soinu txikia erakusten. Hala ikasi zuten Sakabik, Lajak, Maltzetak… eta hurrengo belaunaldi oso batek.
Komikia, elipsearen formatua
Komikia ez da nolanahiko formatua. Adi irakurtzea eskatzen du, eta neurri batean irakurketa horretan gutxieneko entrenamendu bat. "Irudietan ematen den informazioak besteko garrantzia dute bineten artean daude hutsune zuriek", azaldu zuen Fanok. "Elipseak dira, eta espazio horiek ere irakurri egin behar ditu hartzaileak".
Hala, hiru egileek azaldu zuten komikian ezin dela dena esan, eta esaten ez dena irakurleak jarri behar duela. "Komiki batek bi edo hiru irakurketa eskatzen ditu, eta arretaz egin beharreko irakurketak dira", azaldu zuen Garluk-ek. "Komikiak hizkera propioa du", azaldu zuen Izagirrek. "Hori behintzat ikasi dut prozesu honetan".
Gerra aurreko Eibarko euskara
Hizkuntzaren trataerak ere arreta berezia eskatu du lan honetan. "Nola jorratu euskara batuaren aurreko Eibarko hizkera?", planteatu zien aurkezpenera bertaratukoei Izagirrek. Bere kabuz saiatu izana aitortu zuen, baina kapitulu berri bat argitaratu orduko iristen zirela zuzenketak. "Komiki-albuma egiteko Eibarko Badihardugu Elkartearen laguntza kontratatu genuen. Asier Sarasuak eta Aintzane Agirrebeñak lan handia egin dute, eta asmatu dute. Istorioak asko irabazi du sinesgarritasunean".
Elgeta-ren piezak komikiaren aurkezpenerako
Adolfo Jainagak jantzi zuen musikarekin Sasi artean Elgeta komiki-albumaren aurkezpena. Hiru pieza jo zituen; fandango bat, arin arin bat, eta lotuta dantza egiteko foxtrot bat. "Gure Elgetak fandangoak eta arin arinak joko zituen Goimendiko erromerian, eta Eibarren berriz agarrauean dantzatzeko piezak izango ziren gehiago. Kontua da genero guztiak dominatzen zituela, eta gauza zela entzundako kantuak soinu txikiarekin belarriz ateratzeko".
Zorrotza eta neurriz kanpokoa zen garai haietan errepresio sexuala. Orbeako langileei lotuan dantza egiteagatik ordainsariaren zati bat ere kentzen zietela kontatu zuen Izagirrek. "Txibatoak egongo ziren eta lantokian abisuren bat jasotzen bazuten multa egoten zen".
Bitxikeria eta pasadizo ugari izan zituzten hizpide komiki-albumaren sortzaileek eta Jainagak Elgetako aurkezpenean. Komikigintzan dihardutenen egoera prekarioa ere berbagai izan zuten. "Batzuetan galdetzen digute ea zenbat denbora behar izaten dugun orri bat egiteko. Nahiago dut ez jakin! Datua ez zait interesatzen. Badakit ez dela errentagarri ateratzen. Eskaintzen diot eskatzen didan denbora eta kitto", esan zuen Fanok.
Iritzi berekoa azaldu zen Garluk. "Merkatu frantsesean egiten ditut lan asko, eta han hobeto ordainduta dago. Dena den, beti hartzen dira gustura hemengo lanak, batez ere horrelakoak badira".
Izagirrek horrela eskatuta azaldu zuen Garluk-ek Frantzian beste kotizazio sistema bat dagoela indarrean. "Ez da autonomo kuota finko bat ordaintzen. Egindako lanaren arabera portzentaia bat ordaintzen da, eta laguntza batzuk ere jasotzen dira". Antzerako eredu bat defendatu zuen mugaz alde honetako sistemarako ere.
Komiki-albumak sinatzeko tartearekin eman zioten amaiera Elgetan egindako aurkezpenari.