Dokumentuaren akzioak
Sasha Waltz dantza garaikidearen berritzaile handia, Kursaalen
Juan Kruz Díaz de Garaio Esnaola gipuzkoarrak koreografietako bitan parte hartuko du gaur Donostiak hartuko duen ikuskizunean. Stravinskyren musika du ardatz emanaldiak.
Sasha Waltz & Guests Dance Company berlindar konpainia Kursaal auditorioan arituko da gaur, martxoak 14, 20:00etan, “Sacre” programarekin. Koreografo alemaniarrak "Udaberriaren sagaratzea" obraren bere bertsio txalotua aurkeztuko du Donostian, Igor Stravinskiren musikaren gainean. Waltzen beste bi piezarekin osatuko da programa: "Fauno baten biaoa", Debussyren musikarekin, eta "Maitasunezko eszena", Berliozen "Romeo eta Julieta"ren musikarekin.
"Dantza-antzerki alemaniarraren birsortzailetzat" hartu du Sasha Waltz nazioarteko prentsak, eta arrakasta handia izan zuen, 2013an, gaur Donostian eszenaratuko duen koreografiaren estreinaldian, hain zuzen ere "Udaberriaren sagaratzea" Stravinskren obra estreinatu eta mende batera.
Sasha Waltzek berak (Karlsruhe, 1963) azaldu duenez, Mariinsky Antzokiak eskatuta onartu zuen musikaren eta dantzaren historiako pieza garrantzitsu hau agertokietara eramatea: abangoardia modernoko musika pieza famatuenetakoa da Stravinskyren lana, disonanatzia ugarien (zarata dirudite ia) eta soinu espresionistaren ondorioz.
"Luzaroan egon naiz interesatua izadiaren boterea eta ordena nagusia konjuratzen dituzten mito eta erritu arkaikoetan. Gaurko munduan, teknologiak halako eragina duelarik, hainbesteraino murriztu dira izadiaren indarrak, ia-ia hondamendi forman bakarrik ageri dira. Erritualek, bestalde, izadiaren nolakotasun ziklikoa agertzen dute, eta haren jatorrira bideratzen dute gizadiaren lotura. Indartu egiten dira goren mailako ordena baten sinesmena eta harekiko harremana; gizabanakoak komunitatearen mesedetan sakrifikatzen du bere burua. Stravinskiren Le Sacre du Printemps obrarako koreografiak pieza bat osorik material horretara eskaintzeko aukera ematen dit", adierazi du Waltzek.
Arratsaldeko zortzietan taularatuko dute “Sacre” ikuskizuna, eta sarrera gutxi batzuk salgai daude oraindik.
Dokumentuaren akzioak