Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Sariak berak baino, sariaren oihartzunak lagun diezaguke»

Dokumentuaren akzioak

«Sariak berak baino, sariaren oihartzunak lagun diezaguke»

Oihana Vesga (Antigua, 1991) eta Igor Calonge (Antigua, 1974) dantzariek jasoko dute XXI. Dantza Saria, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearen eskutik. Ekitaldia igandean, etzi, izango da Viktoria Eugenia antzokian, Dantzaren Nazioarteko Egunaren galaren barruan. Sektoreari esker ona adieraztearekin batera, sariak emanaldi gehiago lortzeko balio izatea espero dute.
Egilea
Inaxio Esnaola
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2024/04/26
Lotura
Irutxuloko Hitza

Igor Calonge eta Oihana Vesga dantzariak, Viktoria Eugenia antzokian.

Igor Calonge eta Oihana Vesga dantzariak, Viktoria Eugenia antzokian.

Igor Calonge (I.C.): 19 urterekin hasi nintzen dantzan, eta, momentuz, 49 urte ditut. Beraz, 30 urte daramatzat. Sariari dagokionez, polita iruditzen zait profesionalen elkarteak nire ibilbidea saritzea. Cielo Raso konpainiarekin azken hamabost urteotan egindako bidea kontuan hartu dutela uste dut. Egia esan, orain arte egindako lanei ikusgarritasuna emango die. Beraz, saria jasotzea zoragarria da, bai, baina nire lanak aurrera jarraitzen du.

Oihana, zuk, berriz, dedikazioaren saria jasoko duzu. Garrantzitsua da zuretzat?

Oihana Vesga (O.V.): Bitxia da sariaren izena. Hasiera batean, ezustean harrapatu ninduen, eta esker onez hartuko dut. Dantzan gabiltzanok ez dugu sekula horrelako sarietan pentsatzen, edo ez diegu garrantzi handiegia ematen. Sari honek izen-abizen asko ditu, gaur egun naizen dantzaria izateko irakasle askoren laguntza izan dudalako. Dantza garaikideko nire lehen irakaslea Miriam Perez Cazabon izan zen, eta, batez ere, garrantzitsua izan zen Studio 84 akademiako Sonia Lopez irakaslea, oso lagungarria izan zelako. Nirekin batera beste dantzari asko atera ziren akademia hartatik, eta horietako batzuk oraindik dantza munduan jarraitzen dute. Egia esan, nostalgia sortzen dit sari honek, eta ikusiko dugu zertarako balio duen etorkizunean.

Zenbat urte daramatzazu dantzari lotuta?

O.V.: Londresko goi mailako dantza ikasketak 21 urterekin bukatu nituen, eta hamabi inguru daramatzat dantzari profesional gisa.

Horrelako sari batek profesionalki lagundu diezazueke?

I.C.: Espero dezagun, bai. Sariak berak baino, sariaren oihartzunak lagundu diezaguke. Izan ere, dantza sektoreak ezagutzen gaitu, eta sektorea bera da saritzen gaituena. Aldiz, garrantzitsuagoa da halako aitortzaren bidez ate batzuk ireki ahal izatea. Kultur programatzaileekin dugun harremana errazten du, eskaintza horren zabala izanik, artista bakoitzaren curriculumari erreparatzen diotelako. Berme moduko bat da, zure lana ona dela ziurtatzen dutelako aitortzek eta aipamen bereziek. Pulitzer Saria ematen badizute, seguru deituko zaituztela, eta ez alderantziz.

O.V.: Erabat ados Igorrek esandakoarekin. Kanpora begira bai dela lagungarria, programatzaileekin dugun harremana erraztu dezakeelako. Dantzarion artean, sari honek ez dizu ospe berezirik ematen, elkar ezagutzen dugulako. Dena dela, ikusteko dago sari honek zer ekarriko digun. Nik ez dut inor ezagutzen aitortza hau jaso duena, eta, beraz, ez dakit emanaldi askoz gehiago lortu dituen ala ez.

Nolakoak izan ziren zuen hastapenak dantzaren eta arte eszenikoen munduan?

O.V.: Haurra nintzela, Hendaian bizi ginen, eta han hasi nintzen euskal dantzak ikasten. Gutxira, balleta ezagutu nuen. Inoiz ez dut izan prima ballerina bat izateko ametsa. Ez nuen aukera gisa ikusten. Horrela ere, dantza betidanik izan dut gertu, eta uste dut bazela niretzat espazio pertsonal bat, hitzez adierazi ezin nuena erakusteko. Donostiara etorri ginenean bizitzera, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolan balleta egin nuen Coral Lopezekin, eta, ondoren, Antiguako Studio 84 akademian ibili nintzen. Hain zuzen, han erabaki nuen dantza garaikidean murgiltzeko saiakera egin behar nuela, ogibide bihurtzeraino. Urtebete egon nintzen Miarritzeko Maurice Ravel kontserbatorioan, eta gero pausoa eman nuen Londresko London Contemporary Dance Schoolen goi mailako ikasketak egiteko. Horrela topatu nuen nire lekua dantza garaikidean, eta horrek eraman nau Nerea Gurrutxagarekin batera Mari Zaunka kolektiboa sortzera. Hor gabiltza dantza eta beste lengoaia batzuk uztartzen.

I.C.: Nire kasuan, lagun bati esker hasi nintzen dantzan. Iñaki Landaren eskolan eman nuen izena, aipatu moduan, 19 urte nituela. Ballet klasikoa probatzeko gogoa nuen. Izan ere, musika klasikoaren zalea nintzen txikitatik, eta, ez nuen dantza garaikidearen erreferentziarik. Iñaki Landak gutxira esan zidan balleta uzteko, eta dantza garaikidean murgiltzeko. Lehen klasetik maiteminduta atera nintzen. Maitasun hori bokazio eta diziplina bihurtu zen. Urtebetera, konpainia batekin Burgosera joan nintzen, eta asko ikasi nuen. Ondoren, Iruñean, Asturiasen, Madrilen eta beste hainbat lekutan beste esperientzia batzuk pilatu nituen. Egia esan, ez nuen dantza ikasketarik egin, eta ez daukat dantzako titulaziorik. Aldiz, pixkanaka, konpainiekin egindako lanekin trebatu nintzen.

Nire barne bilaketarekin hasi nintzen, beti lan fisikoari lotuta. Niretzat oinarrizkoena fisikoa da. Antzerkiak, poesiak eta izaera artistikoak zure bizitzarekin lotura zuzena dute, eta horien isla zara. Ordea, fisikoari garrantzia ematea erabaki nuen. Ez naiz dantzari trebeena, baina nire gorputzaren bidez adierazteko bidea aukeratu nuen. Horrela, lurrera bota nuen nire burua, eta lurrarekin dudan harremanean oinarritu dut nire bide propioa.

Egia esan, oso diziplinatua naiz nire gorputzarekin. Estudioan egunero nabil sartuta, nire gorputza lantzeko beharra dudalako. Egun batean huts egiten badut, ez naiz ondo sentitzen. Orain errazagoa da, nire gorputza ematen ditudan klase irekietan ere lantzen dudalako. Irakasle gisa aritzetik hori da niretzat erakargarriena. Nire sormena beste dantzariengan proiektatu eta haiekin esperimentatzen dut. Ematen diedana bueltan jasotzen dut, eta hori oso aberasgarria da.

 

«Dantza garaikidea landu nuen lehen klasetik maiteminduta atera nintzen. Maitasun hori bokazio eta diziplina bihurtu zen»

Igor Calonge, dantzaria

 

Dantzariak ez ezik, koreografoak ere bazarete. Bien arteko lotura erabatekoa da, baina zertan dira desberdinak?

O.V.: Saiakera bat egin nuen bere garaian, nire burua kanpoan kokatzeko. Hau da, koreografo gisa, kanpoan. Esperientzia ona izan zen, baina ordutik, barruan nago, nire lanetan. Oraingoz, behintzat. Bata zein bestea desberdinak dira. Komunikazioan sekulakoa da egin beharreko lana. Zailagoa da beste dantzariek gorpuztea buruan dituzun mugimenduak, zuk zeuk egitea baino. Sormen prozesuetan, nahiago dut antzezlanaren parte izan. Hor nago erosoen sortzerako garaian, nire burua ulertarazteko bide bat delako. Oso garrantzitsua da zure lanaren bidez jakitea nor zaren, horrek sortzaile gisa duzun askatasunarekin lotuko zaituelako. Sormena da zeure buruarekin konektatzen zaituen bideetako bat, eta horrek eboluzio etengabe bat dakar.

I.C.: Dantzaria eta koreografoa izateko modu desberdinak daude. Koreografo batzuek espazioa eta sormena ulertzeko modu berezia dute, nire gaitasunetik urrun samar dagoena. Thierry Malandainek dantzariekin lan egiteko duen modua nik egin ahal izatea gustatuko litzaidake. Agertokietan bakoitza kokatzeko duen artea harrigarria da. Itzik Galilik ere badaki agertokian pertsonak modu harrigarri batean mugitzen. Koreografo moduan, ni ez naiz horrelakoa. Orduan, koreografiak egiteko hainbat modu daude, bakoitzak duen proposamenaren araberakoa delako. Era berean, dantzaria izateko modu desberdinak daude. Dantzari batzuek beraien gorputza soilik eskaintzen diote konpainiari. Aldiz, beste batzuek, gorputza ez ezik, izaera eta sormena jartzen dituzte.

Hori guztia azalduta, Cielo Raso konpainia sortu nuenean, dantzaria eta koreografoa nintzen, aldi berean. Hau da, barruan eta kanpoan nengoen denbora guztian. Barruan egoteari utzi nion, oso nekagarria zelako emanaldi bakoitzeko lan guztiak nire gain hartzea. Goiz hasi eta berandu bukatzen nuen, eta dantzari gisa fisikoki ezin nuen nire onena eman. Orduan, kanpora atera nintzen, eta mundu miresgarri bat topatu nuen. Izan ere, sortzen nuenaren lehen ikuslea nintzelako. Orain, ordea, nire burua konplikatzea erabaki dut, berriz ere, Née ikuskizunean barruan eta kanpoan nagoelako. Hori bai, oso interesgarria iruditu zait, bakarkako dantza izanik, barrutik sorturikoa ezin dudalako momentuan kanpotik ikusi.

 

«Sari honek izen-abizen asko ditu, gaur egun naizen dantzaria izateko irakasle askoren laguntza izan dudalako»

Oihana Vesga, dantzaria

 

Oihana, zuk baduzu esperientziarik dantza irakasle gisa?

O.V.: Aritu izan naiz, bai. Irakastea oso bestelakoa iruditzen zait, baina ez da nire lehentasuna. Sormena oso pertsonala iruditzen zait, norberak egin beharrekoa.

Galdera zail bat. Nolakoa da zuen dantza era?

O.V.: Oso zaila da, bai, hitzez adieraztea. Pertsona oro bere bizitzako elementu askoren batuketa da, eta hortik bakoitzak aukeraketa pertsonala egiten du. Oso momentukoa eta aldakorra da, bakoitzak momentuan duen desirekin lotuta dagoelako. Hori ikusi dut nire dantzari ibilbidean. Hasieran, konpainia batean egon nintzen, eta nire dantza era teknikoagoa eta klasikoagoa zen. Pixkanaka, beste dantza era eta lengoaietara jo dut. Hainbat teknikatatik edaten dut, eta nire lanketa oso fisikoa da. Alegia, gorputzari oso lotua dago.

I.C.: Ikusleek ikusiko dutenaz ari gara. Horrela, nik nahi dudana da ikusleak ni maitatzea, eta modua bilatuko du hori lortzeko. Mugimendu bakoitzarekin, nire bihotza ikusleekin konektatu nahi dut, naizenarekin, transmititu nahi dudanarekin. Aitzakia bat behar dut mugitzeko, eta normalean, akzio batekin du lotura. Hortik aurrera, ikuslea kaptatzen saiatzen naiz. Bestalde, nire mugimenduekin gorputzaren edertasuna bilatzen saiatzen naiz.

Solasean

Errazagoa da, akaso, batak bestearen dantza eraz pentsatzen duena adieraztea.

I.C.: Hori da esatera nindoana. Oihana dantzari argia, garbia eta mugimenduetan oso zehatza iruditzen zait. Gorputza mugitzen duenean narratiba bat transmititzen du. Oso ondo konektatua dago bere gorputza, artikulazio guztietaraino. Eta noski, asko gustatzen zait.

O.V.: Igor ikaragarria iruditzen zait. Bere dantza era azaltzeko hitz bat erabili beharko banu, poesia litzateke hitz hori. Hori jasotzen duzu bere lanetatik, baita emozioa ere. Erraietatik datorkio dantza era. Mugimenduarekin proiektatzen duena transmititzea lortzen du. Bestalde, dantzari gisa, oso ondo ezagutzen du bere gorputza. Oso organikoak dira bere mugimenduak, eta duen ezagutzari esker, birtuosoa da.

Saria jasota, dantzan jarraituko duzue. Zeintzuk dira zuen egungo eta etorkizun hurbileko proiektuak?

I.C.: Une honetan, Née dantza ikuskizunarekin nabil. Abenduan estreinatu nuen, eta bakarlari gisa nabil han eta hemen aurkezten. Horrekin batera, hainbat dantzarirekin osaturiko Hamaika obrarekin jarraitzen dut. Urrian, berriz, oso gustuko dudan Pequeños Actos ikuskizuna Panamara eramango dugu.

O.V.: Mari Zaunka kolektiboarekin Erreka ondoan bi gezur ikuskizuna iazko apirilean estreinatu genuen, eta aurten emanaldi batzuk ditugu. Dena dela, gustatuko litzaiguke gehiago lortzea. Egin dugunetan oso harrera ona izan du, eta uste dut pieza honek ibilbide luzeagoa duela. Bestalde, dantzari gisa nabil beste sormen batzuetan.

Dokumentuaren akzioak