Dokumentuaren akzioak
Sari biribila Kukairentzat
«Hunkituta» Mayak berak azaldu duenez, eta egindako hamaika lan orduen aitortza jasota itzuli dira Valentziatik (Herrialde Katalanak), bertan beren goi mailako artearen arrastoa utzita, baina baita aldarrikapena ere. Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena gogora ekarri zuen Mayak, eta euskaraz, bertan zutitu eta borrokatu zirenei esker egin eta ekoiztu ahal izan dutela Oskara esan zuen.
Euskal aktoreen kontrako boikota amaitzeko eskatu eta adierazpen askatasunaren aldeko aldarria egin zuen, bestalde, Eneko Gil Kukaiko kide eta dantzariak: «Salaketa argi genuen taldekide guztiok, gogoa genuen mezu hori plazaratzeko. Nire amaierako esaldiarekin, berriz, gure herriko historian hainbat jendek izan duen garrantzia nabarmendu, eta boluntario, anonimo eta urte askoan klandestinitatean lanean aritu diren pertsona horiei erreferentzia egin nahi izan nien. Zutitu den herria izan da gurea, jakin du egungo belaunaldiei transmitizen gure kultura, gure hizkuntza, gure historia. Horri esker, gaur egun naturaltasunez ikasi, dantzatu, sor dezakegu gure hizkuntzan».
Zazpitik, hiru
Zazpi izendapenetik, hiru sari lortu zituen Kukai Dantzak: «Izugarria izan da. Are gehiago kontuan hartzen badugu dantza eta kultura tradizionaletik abiatutako proiektua dela Oskara». Saria «biribila» izan dela gaineratu du errenteriarrak, «zazpi izendapen bagenituen ere, hautagaitza guztiak dantza ikuskizun onenaren sariaren barruan biltzen zirela uste dudalako». Saritu zituzten unea, hitz bakarrarekin definitu du dantzariak: «Brutala. Izugarria izan da hiru sariak jasotzea Kukai Dantza osatzen dugun guztiontzat».
Proiektu bakoitzaren atzean lan handia dago, ordu askotako prestaketa kalitatezko ikuskizuna sortzeko. «Indarrezko mezua» zabaltzearen laguna dela dio, baina ahoan bilorik gabe mintzatu da Maya: «Arte eszenikoen egoera ez da batere hona. SGAEk ematen dituen datuak izugarriak dira, desesperanteak diru bilketari eta ikusle zein emanaldi kopuruari dagokionean». Euskal Herrian egoera hobea bada ere, «egiteko asko» dagoela dio: «Dantza tradizionalaren kasuan, egoera oso larria da, besteak beste, ez dagoelako hezkuntzarik, irakasle tituludunik, eta etorkizuna arriskuan dago».
Kulturara bideratutako eraikinak eta kultura kontsumoa badirela dio, baina kultura beste zerbait dela erantsi du, «gizarte baten eta norbanakoaren ezinbesteko oinarria da kultura, heziketan zein gure bizipenetan, eta urrats hori egitea falta da. Noizbehinka kontsumitzen dugun zerbait izatetik, gure egunerokotasunean eta heziketan presente dagoen zerbait izatera pasa behar du». Kulturak hor hartzen duela zentzua dio, «horrela hasten da pizten espiritu kritikoa. Langa hori pasatzeko dugu oraindik».
Herritarren konplizitatea
Hunkituta itzuli dira sariekin, herriak jaso du mezua, eta azken horrek are gehiago hunkitu dituela aitortu du. Oreretako Kuadrillek sinatuta, hainbat pankarta jarri zituzten herrian Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko. Gora herria! goiburuarekin. Jasotako zorion mezu bakoitza izan da berezia, baina pankarta horiek «ilusio berezia» egin dietela aitortu du Mayak: «Mezu ugari jasotzen ari gara. Herriko jendea nolabait sari horren konplize sentitzea, bere egitea sari hori, izugarria da. Guk bizi izan duguna oso polita izan da, baina hainbeste jenderekin konpartitzea… izugarria da».
Bartzelonako Brodas Brosekin elkarlanean estreinatu berri duen Topa proiektuarekin arituko da asteburuan Kukai Dantza, eta Oskara-k ere bidea du aurretik bere formatu ezberdinetan. Halere, 2018-2019rako proiektuak ditu buruan Mayak. Seinalerik onena hori omen da, «ideiak ditugu, proiektu oso politak ateratzen ari dira. Martxan, eta dantzatzen jarraitzen dugu».
Kukai Dantzako kideak.
Iraia Oiartzabal: «Ikuskizunaren identitatearen parte handia jantzigintza dela uste dut»
Jantzien diseinu onenari Max Saria lortu duzu 29 urterekin. Ez da marka makala.
Egia esan, txundituta gaude. Hainbesteko babesa, mezuak, deiak… Izugarria izan da, egia esan, kristoren biharamuna.
Espero zenuen saria?
Denok oso sentsazio onarekin joan ginen Valentziara, oso positibo. Nik uste dut denok ginela aurrez oso pozik egindako lanarekin, etxeko lanak oso ondo egin genituen. Hortik aurrera, gertatzen dena gertatzen dela, prest joan behar duzu gertatzen dena onartzeko. Nik lasaitasun edo sosegu puntu hori banuen.
Max Sarien aurretik ere, zuk Oskara ikuskizunerako sortutako jantziak denon ahotan ibili dira. Inor gutxi utzi dute indiferente.
Egia esan, espektakulua bera oso indartsua da, eta ikuskizunaren identitatearen parte handia jantzigintza dela uste dut. Oskara ikuskizunaren ezaugarri indartsuenak jantzigintzaren bidez transmititzen dira.
Tradizioa oinarritzat hartuta, baina zuriz eta uniformatuta, purismoz, jantzien bidez, modernitatea transmititzea lortu dugu.
Hori guztia dantzarien mugimenduetan ikusia, emaitza izugarri indartsua da. Kritika, egia esan, oso ona izan da hasiera-hasieratik.
Sari hau nahita edo nahi gabe ere, zure ibilbideari nolabaiteko aitortza bat ere bada. Euskal jantzi tradizionalak zure hastapenetatik izan dituzu inspirazio iturri.
Nire ikasketen bukaerako proiektuak Dantzatu zuen izena. Gainera, nik seinaleetan asko sinisten dut. Lan horrekin hasi nintzen pixkanaka bideratzen nire euskal sortzaile identitatea.
Ondoren, Cesc Gelabertekin ikasle garaiko proiektu hura gauzatzeko aukera izan nuen, nolabait. Proiektu horretatik hartu genituen jantzi batzuk Gelajauziak ikuskizunerako, eta, Oskara, azkenik, ibilbide hori guztia biribiltzeko aukera paregabea izan da.
Zure ustez, sari honek nola eragingo du zure ibilbide profesionalean? Etorkizunean nondik jo nahi duzu?
Ni diseinatzailea naiz, baina nire burua sortzailetzat hartzen dut, eta edozein proiekturi begirada eta pentsatu bat emateko prest nago.
Gaur egun bi arropa marka ditut, bat nire izen-abizenekin, eta bigarrena nire bikotearekin batera sortua, Komorebi marka, motozaleentzako goi-joskintzako jantziak sortzeko.
Orain, egia esan, bi markekin buru-belarri ari naiz, baina horregatik ez diot atea itxi nahi beste egitasmo askotan aritzeko aukerari. Proiektu txiki asko ditut oraintxe bertan esku artean, eta oso garrantzitsuak dira niretzat, proiektu txikiek nire errutinatik ateratzen laguntzen nautelako, nire kreatibitatea eta sorkuntzarentzat elikagai direlako, eta azkenean, nire pertsonalitatearekin bat datozelako.
Dokumentuaren akzioak