Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sareak sei koreograforen lanen saioak antolatu ditu

Dokumentuaren akzioak

Sareak sei koreograforen lanen saioak antolatu ditu

Besteak beste, Asier Zabaletak, Blanca Arrietak eta Matxalen Bilbaok beren obrak taularatuko dituzte zenbait antzokitan gaurtik aurrera

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2006/03/03

Barakaldo antzokian, Elorrioko Arriolan, Donostiako Gazteszenan, Irungo Amaian eta Gasteizko Federico Garcia Lorca antzokian eta Montehermoso kulturgunean erakutsiko dituzte sei koreografiak.

- Asier Zabaleta: 'Babia': Inguruan dutenari jaramonik egin gabe, beren barne munduan murgilduta dauden pertsonaia ugari azaltzen dira Asier Zabaletak Ertza konpainiarekin emango duen Babia obran. Oholtzan ageri diren pertsonaiek eta bizi dituzten egoerek ez diote hari narratibo jakin bati jarraitzen; elkarren artean lotuta doazen sekuentziak dira. Dantzak eta antzerkiak bat egiten dute Zabaletaren Babia-n, lau interpreteren eskutik: Pilar Andres, Iñigo Iraultza Garcia, Maria Ibarretxe eta Jorge Lastra.

- Blanca Arrieta: 'Memoria': Blanca Arrietak oroimenetik tiraka sortu du Memoria. «Guztia gorputzaren gehiegizko kuriositate baten ondorioz sortzen da, bere iraunkortasuna, bere mugak eta misterioak. Abiadurari eta denboraren igarotzeari egiten diogu aurre, hemen geratzen denari eta bidean galtzen denari; oroitzapenei, oroimenari». Pentsamendu hori hiru pieza laburren bidez adierazi du Arrietak, Igor Calonge, Robert Jackson, Agurtzane Arrien, Helena Golab eta Fernando Hurtado dantzariekin.

- Matxalen Bilbao: 'Capricho': «Gogoko dut begiak ixtea, ikusmena ez den beste zentzumenei jarraitzea, azala zabaltzea, gorputza espazioan sentitzea, bere mugak sentitzea, inguratzen nauena deuseztatzea eta ukitzen dudana zer den asmatzea». Lotura-n, aurreko obran, hasitako ukimenari buruzko ikerketa prozesua Capricho-ra eraman du Matxalen Bilbaok. Saioak argumenturik ez duela azaldu du, «hizkuntza argia du, ikusten dena baino ez da». Tonahiuh Diazek eta Bilbaok berak interpretatzen dute obra.

- Steak tar-tar: 'No sabes cuánto esperamos de ti': Eva Vidalek hezkuntzari buruz idatziko testuak ditu oinarri Steak Tar-tar konpainiaren lanak. Jorge Lastrak, Maria Ibarretxek eta Izaskun Santamariak osatzen dute taldea. «Galdera mordoa egiten dizkiogu geure buruari; izan ere, urte andana ematen ditugu eskolan, baina bizitzan aurrera egin ahala, zenbait egoerari aurre egiten behar izaten diegu, eta beti ez dugu jakiten zein den biderik egokiena, eskolako liburuetan ez dira ageri galderen erantzunak», azaldu du Lastrak. Obraren mamia, «jaso dugun hezkuntzaren hutsuneei buruzko lana da».

- Teresa Nieto: 'Consuelo': Emakume helduen alde egin du Teresa Nietok azken obran. «Gizon gazte batekin maitemindutako emakume nagusia da Consuelo», azaldu du Nietok. «Bere baitan duen emakume gaztea ateratzen du konkistatzeko». Claudia Faci dantzariak egiten du Consuelo gaztearena eta Nietok berak Consuelo helduarena. Biek desiratzen duten gizonaren rola Jesus Caramesek jokatzen du. Consuelo helduarekin maitemintzen da azkenik.

- Pepe Hevia: 'Delicado abismo': Montserrat Gudiolen obra piktorikoari gorazarre egiten dio Pepe Heviaren piezak. «Mugimenduak garrantzi handia du lanean; mugimenduek eta Gudiolen irudiek. Bi planoek bat egiten dute, eta fusio horretatik istorio txikiak sortzen dira, sekuentziak». Viviana Boronat, Danay Hevia, Marta Pardos, Silvia Paricio, Sonia Roma eta Pepe Hevia bera dira antzezleak.

Dokumentuaren akzioak