Dokumentuaren akzioak
Sareak bikoiztu egin du emanaldi eta ikusle kopurua sortu zenetik hona
Euskal antzokien Sareak Araba egitasmoan sartzea eta dantza sustatzea ditu helburu aurtengo urteari begira
Horietan guztietan 362 ikuskizun eman zituzten guztira, 1.255 emanalditan, aurreko urtean. Obra horiek 388.018 lagunek ikusi zituzten, hau da, 309k emanaldiko. Horrek esan nahi du duela zazpi urtetik (Sarea sortu zenetik) hona bikoiztu egin dela egitasmo honetan egin diren emanaldi eta ikusleen kopurua. 2002ko datuekin alderatuz, emanaldien kopurua %10a igo da eta ikusleak %18 gehiago izan dira. Datuok Eusko Jaurlaritzako Kultura Sortzeko eta Zabaltzeko Zuzendari Jose Antonio Arbelaitzek, Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura zuzendari Rikardo Bilbaok eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Imanol Agotek aurkeztu zituzten, atzo.
Gero eta antzoki gehiago sartu dira Sarean, azkenekoa Andoaingo Bastero Kulturgunea izan da, eta horrek ekarri du ikusle eta ikusgarri kopuruaren gorakada. Gipuzkoan eta Bizkaian, esate baterako, emanaldietatik %70 Sareko antzokietan programatu dituzte. Sarearen laguntzari esker herri askotan publikoa sortu dela esan zuen Arbelaitzek, eta baita antzerkia egiteko eta ikusteko «azpiegitura egokia indartu» ere.
'Kutsidazu bidea, Ixabel', arrakastatsuenetakoa
Sareko obren artean antzerkia da nagusi (programazioaren %84a). Dantzak, aurreko urteekin alderatuz, gorakada izan du (76 emanalditik 114ra igo da). Eta gainerakoa lirika (%4a) eta musika ikuskizunek (%3a) hartu dute.
Antzerki obren artean publiko helduarentzako ikuskizunak programatu dituzte gehienbat antzokiek: ikuskizunen %73 eurentzat da. Antzokietara etorri diren konpainiei dagokienez, «egitarau irekia eta orekatua» mamitu du Sareak, Arbelaitzen arabera: «Prest gaude kanpotik datozen kalitateko eskaintzei ateak zabaltzeko. Garbi daukagu horrela aberastu egiten dugula gure programazioa, eta bide batez, elkarrekikotasuna dela eta, gure taldeak lan merkatu berrietara irtetea errazten dugu», azaldu zuen.
Bertako ekoizpenenetan, gehien programatu eta ikusitakoen artean Gorringoren Kutsidazu bidea, Ixabel ikuskizunak izan duen «aparteko arrakasta» nabarmendu dute Sareko arduradunek, «Madrildik datozen obra handiekin lehiatu baita».
Aurtengo helburua:dantza sustatzea
Aurtengo egitasmoen barruan «dantza emanaldientzat zirkuitu egonkor bat» sortu asmo du Jaurlaritzak. Iaz Sareko antzokien erdiak bi emanaldi edo gehiago eskaini zituen, eta aurten marka horri eustea edo, are gehiago, haustea dute helburu, «Saretik kanpora ere ez baitago dantza emanaldientzat egitaraurik». Sarearen bigarren helburu nagusia Araba egitasmoan sartzea da, «hankamotz gelditzen da bestela proiektua», esan zuen Arbelaitzek. Arabako Foru Aldundiak egin behar du horretarako eskaria, eta oraingoz ez du egin. Bitartean, Gasteizko Principal antzokiak eta Aguraingo Harresiak Sarearekin «elkarlanean» dihardute.
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Bizkaikoak beren kasa arte eszenikoak sustatzeko egitasmo bana antolatu nahi dute. Hala, Bizkaian 20.000 biztanletik gorako herriekin hasiko dira lanean; azpiegitura aldetik herri handi horiek egokitzeko asmotan, Rikardo Bilbaok aurreratu zuenez. Gipuzkoan, berriz, Imanol Agoteak azaldu zuenez, 10.000 biztanletik beherako herriekin egingo dute lan, azpiegitura, zerbitzu eta aholkularitza aldetik.
2003an gehien emandako ikuskizunak
Ikuskizuna Taldea Emanaldiak
Kutsidazu bidea, Ixabel Gorringo 34
Inés Desabrochada Concha Velasco 20
Korokokó Ados 19
Ai, ama! Hika antzerki taldea 19
Natatxa Txalo 19
Muzzikiren bidaia... Pok produkzioak 19
Las mujeres de verdad... Ados 18
1937, gogoaren... Kukai-Tanttaka 17
Trena Teatro Paraiso 16
A cuestas con Murphy Vaiven producciones 15
2003an gehien ikusitako ikuskizunak
Ikuskizuna Taldea Ikusleak
Mayumana Mayumana 15.359
Como en las mejores... Avance Producciones 14.766
Kutsidazu bidea, Ixabel Gorringo 14.751
Inés desabrochada Concha Velasco 13.264
Las mujeres de verdad... Ados 8.086
Katxiporreta Takolo, Pirritx eta Porrotx 7.282
Luces de Bohemia Ur teatro 6.540
Mariana Pineda Sara Baras 6.256
Uno mas uno no son dos Latre eta Dettell 5.937
Peter Pan Ananda Dansa 5.467
Euskarazko emanaldiak 1997 1998 1999 2000 2001 2002 2003
Emanaldiak euskaraz 174 203 225 291 303 349 370
% 27% 27% 28% 29% 29% 32% 33%
Euskal antzokien sarea. Gipuzkoako eta Bizkaiko 36 antzoki daude udalen, diputazioen eta Eusko Jaurlaritzaren egitasmo honetan.
Dokumentuaren akzioak