Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sarea tradizinoa ezagutu arazteko bide

Dokumentuaren akzioak

Sarea tradizinoa ezagutu arazteko bide

Bizkaiko dantzei buruzko webgunea sortu barri dau Elai Alai dantza taldeak

Komunikabidea
Deia, Ortzadar gehigarria, Nagore Ferreira
Mota
Albistea
Data
2001/10/19

Portugaleteko Elai Alai taldeaaren urtebeteko beharraren emoitza dogu dantzak.com. Euren helburua argia da: Euskal Herriko kultura tradizionala zabaltzea. Ahalik eta jente gehienari heltzeko guneko informazinoa hiru hizkuntzatan ipini dabe: euskeraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Gune barriaren bitartez munduan osoan zehar bananduta dagozan euskal etxeetara heldu gura dau Elai Alaik



Orain dala ia berrogei urte sortu zan Elai Alai; ordutik Euskal Herrian bertan ibilteaz gain, munduko makina bat herritan izan dira euskal dantza ezagutu arazoten. Hain zuzen be, Gaizka Benguria dantzak.com-en koordinatzaileak azaltzen dauanez, Euskal Herritik kanpo otu jakien sarean dantzei buruzko gunea gertatzea: «Kanpoan dantzatzen dogunean batzuetan itauntzen deuskue ia zelan dan dantza bat, ia ze pauso egin behar diren... Holan sortu zan ideia, eta internetek sekulako aukera emoten euskunez, lanari ekin eutsagun».



Webguneak sei atal daukaz: Bizkaiko dantzak, Euskal Herria, artikuluak, multimedia galeria, web mapa eta informazioa (Elai Alai dantza taldearen ganeko informazioa, euki dabezen laguntzaileeei buruzko datuak...). Bizkaiko hogeita bat dantzari buruzko jakingarriak daukaguz gunean; Bizkaiko ‘‘adierazgarrienak’’ diranak. «Bizkaikoekaz hasi gara bizkaitarrak garelako, baina gure asmoa zabalagoa da; izan be Euskal Herriko dantza guztiak batu gura doguz-eta. Bizkaiko adierazgarrienak dagoz gunean, baina edegita dago atal hori; proposamenen bat egon ezkero...», argitzen dau Gaizka Benguriak. Aukeratu dabezen dantzen artean daukaguz esaterako, arin-arina, soka dantza, kaixarranka, Lekeitiko aurreskua, biribilketa, makil jokua, dantzari dantza edo ezpata joku nagusia. Bizkaiko dantzak sailean dantza bakoitxaren deskribapen orokorra, kokapen geografiko eta historikoa, erabiltzen diren tresna, jantzi eta musikagaz batera zati teknikoa be aurkituko dogu. Benguriaren eritxiz azkenengo zati hori izan da gatxena: «Nahikoa lan gatxa izan da; ez da erreza grafikoen bidez dantzak azaltzea. Teorikoki erabilgarriak izan leikez , baina praktikarako, dantzan ikasteko, ez hainbeste».



Euskal Herriari eskeini deutsien atalean historia, geografia, euskara, jolasak eta euskaldunen mundu magikoren inguruko informazino zabla topatu geinke. Honegaz guztiagaz webgunearen oinarri diran dantzak kokatu nahi dabe egileek.



300 argazki, 100 animazio, 80 bideo



Euskal dantzen ganeko jakingarrien ostean multimedia galaria daukagu, eta bertan hamaika argazki, animazio eta bideo. Bai argazkiak bai bideoak aretoetan egindakoak dira, Gaizka Benguriak dinoenez, «garbiagoak izan daitezen, ulertzeko errezagoak». Dantzariek erabilten dabezen tresna eta jantzien irudiak, edo musika partiturak dira sail honen gainontzeko osagaiak. ‘‘Edozein liburutan topatu leikena egitea ez zan gure asmoa, gauza interaktiboa egitea zan gure helburua. Gune atsegina eta interesgarria egin nahian guztira 300 argazki, 100 animazio, 80 bideo, 21 partitura eta 10 melodia sartu doguz. Adituentzako tresna erabilgarria izango da, baina dan-tzen mundura hurreratu gura dauanaren-tzat be ez da aukera txarra dantzak.com», azaltzen du webgune barriko koordina-tzaileak



Elai Alai taldeak sortutako webgunerako, beren-beregi, hamabost adituk hogeita bat artikulu idatzi dabez. Artikulugileen artean Andres Ortiz-Oses, Jon Baltza, Iñaki Irigoien, Jabi Santamaria, Ibon Koteron, Josu Larrinaga eta Josu Goiri dagoz. Testuotan ez doguz dantzen ganekoak bakarrik ikusiko. Dultzainea, albokea, txalapartea, euskal mitologia, pelota, aratusteak dira, besteak beste, artikuluak atalean topatuko doguzan gaiak.

Dokumentuaren akzioak