Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Santu guztiekin, Aristerrazuko erromeriara

Dokumentuaren akzioak

Santu guztiekin, Aristerrazuko erromeriara

Egilea
Aitziber Arzallus
Komunikabidea
Karkara
Tokia
Aia, Aristerrazu
Mota
Albistea
Data
2022/10/25
Lotura
Karkara

Bi urtetik gorako etenaldiren ostean, Domu Santu egunean hasiko dute Aristerrazuko erromeria denboraldia. Izer eta Alabier eta Elizagoien Ahizpak igoko dira oholtzara, 18:00etatik 21:00etara.

Zortzi hamarkada baino gehiago joan dira Aiako Andatza auzoan aurreneko erromeriak egin zituztenetik. Hasiera batean noizik eta behineko ohitura zena, asteroko bihurtu zen gerora, eta azken 50 urteotan, azarotik ekainera, trikiti doinurik gabeko igande arratsalde gutxi izan dira, pandemia iritsi arte. Beste hamaika toki bezala, Aristerrazuko plaza ere hondoa jota utzi zuen pandemiak. Harrezkero, saiakeraren bat bai, baina normaltasunik ez da bueltatu hara. Baina salbuespen egoerak ez du luze iraungo, beste astebete besterik ez, Santu Guztien egunarekin emango baitiote hasiera erromeria denboraldiari. Izer eta Alabier eta Elizagoien Ahizpak izango dira oholtzara igoko diren trikitilariak, eta hiru orduko saioa egingo dute, 18:00etan hasi eta 21:00etara arte. Taberna ere zabalik izango da erromeriak irauten duen bitartean.

"Ilusioz" daudela adierazi du Ibon Errazu Andatza erromeria elkarteko idazkariak. "Lan ordu asko sartu behar izan ditugu dena martxan jartzeko, eta aurrerantzean ere sartu beharko ditugu, baina jendeak erantzuten badu, gustura egindako lana izango da", esan du azkoitiarrak. Aitortu du itxaropena badaukatela, jendean eskean aritu zaiela eta erantzun ona espero dutela, baina eguna iritsi arte, ezin jakin.

Igandero Aristerrazura joateko ohitura zutenentzat, bi urte gogorrak izan dira; pandemiagatik aurrena, eta beste gorabehera batzuengatik gero, bi urtean bizpahiru erromeria besterik ez dituztelako egin. Errazuk azaldu ditu zergatiak: "Aurrena, pandemia etorri zen, eta beste gauza guztiak bezala, Aristerrazuko erromeriak ere bertan behera gelditu ziren. Egia da hutsune horri nolabaiteko erantzuna eman zitzaiola. Elizagoien Ahizpen ekimenez, Aristerrazu Zuzenean egitasmoa jarri zen martxan, eta horri esker, Facebook bidez bada ere, jendeak aukera izan zuen igandero ordubeteko trikiti emanaldiaz gozatzeko".

Egoerak zertxobait hobera egin zuela eta, joan den urtean erromeria denboraldiari hasiera eman egin zioten. "Oker ez banago, azaroaren 1ean hasi eta hiru bat erromeria egin ziren, baina Aiako auzoetako festak zirelako batetik, eta pandemiaren egoerak okerrera egin zuelako bestetik, berriz ere erromeriak bertan behera lagatzea erabaki zen, eta harrezkero, ez da besterik egin".

Izer eta Alabier trikitilariak Aristerrazun, iazko azaroaren 1ean.

Pandemiak arintzera egin zuenean, berriz, bestelako gorabehera batzuk izan ziren erromeriak egiteko oztopo. Batetik, Aristerrazuko erromeriak antolatzen dituen Andatza elkarteko lantaldea berritu egin zuten, lehengo kideak adinean aurrera zihoazelako eta erreleboa belaunaldi gazteagoei emateko nahia adierazi zutelako. Bestetik, Aristerrazu jatetxea itxi egin zuten, hura eramaten zuten anai-arrebek erretiroa hartu behar zutelako.

Lantalde berria laster osatu zuten. 1996an elkartea sortu zutenetik, Juan Mari Azkue izan da elkarteko lehendakaria, eta hark karguan jarraituko du beste urte batzuez; gainontzeko kideek, ordea, ez. Joxe Alkainek eta Martxel Ansak otsailean utzi zituzten elkartean zituzten karguak, eta haien lekukoa hartu zuten Irune Elizagoienek (lehendakariordea), Ibon Errazuk (idazkaria), Itsaso Elizagoienek (diruzaina) eta Iosu Arrizabalaga Izer-ek (bokala). Egun, horiek osatzen dute Andatza erromeria elkarteko lantaldea.

Taberna zabalik izango da

Jatetxearen itxierari erantzuna emateak, ordea, buruhauste gehiago eragin diela adierazi du Errazuk. "Ikusten genuen oso tristea izango zela erromeria tabernarik gabe egitea. Horregatik, erromeria egunetan taberna irekitzeko ardura hartu du Juan Marik (Azkue), eta zabalik izango da 18:00etatik 21:00etara. Lehen, ordu erdi geroago hasi eta bukatzen zen erromeria eta jendeak ohitura zuen erromeria bukatutakoan jatetxean bertan afaltzen gelditzeko. Orain, ez da horretarako aukerarik izango, afaririk ez baitugu zerbitzatuko. Erabaki duguna izan da erromeriaren hasiera eta bukaera ordu erdi bat aurreratzea, jendeak afaltzera beste norabait joateko aukera izan dezan".

Errazuren arabera, elkartearen helburua lehengo bera izango da aurrerantzean ere: "Igandero erromeria egiten den leku bakarra Aristerrazu da, soinu jotzaile, dantzari eta trikitizaleek estimu handia dioten plaza, eta horri indartsu eustea izango da gure helburua". Azarotik ekaineren erdialdera, igande eta jaiegunetan, Aiako beste auzoetan festak direnean izan ezik. "Lehen ere hala egiten zen, auzoetako erromeriak babesteko helburuarekin; eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu". Horrela, denboraldiko bigarren erromeria azaroaren 27an izango da, tartean Urdanetako eta Altzolako festak direlako.

Elizagoien Ahizpak Aristerrazun, iazko azaroaren 7an.

Dokumentuaren akzioak