Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Santioen egun handia, Villabonan gozagarri

Dokumentuaren akzioak

Santioen egun handia, Villabonan gozagarri

Udalbatzaren desfilea berreskuratu zen atzokoan eta soka-dantza dantzatu zuten udal ordezkari guztiek

Ostiraleko eztandaren ondoren, atzo Santio egun handia ospatu zuten billabonatarrek. Hala nahi izan du aurten egutegiak eta erromeri egunarekin ere bat egin zuen. Festarako aitzakiarik, beraz, ez zen izan atzokoan.
Egilea
Marta San Sebastián
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Mota
Albistea
Data
2015/07/26
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Eguneko berrikuntza nagusia udalbatzak Jesusen Bihotza elizaraino egin zuten desfilea izan zen, txistularien laguntzarekin. Duela urte batzuk, administrazio publikoen laikotasuna defendatuz, garai batean egiten zen desfile hori egitarau ofizialetik kentzea erabaki zuen jai ba-tzordeak. Aurten, aldiz, EAJren udal talde berriak berreskuratzea erabaki du, baina EH Bilduko zinegotziek ez zuten parte hartu atzoko ekimenean. Ondoren, udalbatzak Santio egoitzara egin zuen bisitan izan ziren eta Erreboteko plazan tradizioz egiten den Soka-Dantzan ere guztiek parte hartu zuten, Oinkari Dantza Taldearen laguntzarekin.

Santio Eguneko ekitaldi tradizionalez gain, erromeri eguna ere ospatu zen atzokoan. Kalejirak, sagardo eta pintxo dastatzea, trikitilarien emanaldia, bertsolarien saioa, Gozategi eta Unsain taldeen emanaldia eta larrain-dantza izan ziren, besteak beste. Aurten 40 urte betetzen dituen Oinkari Dantza Taldeak antolatutako eguna izaten da. Duela urte batzuk hasi ziren antolaketarekin eta herritarren harrera ona izan du erromeri giroko jai egunak.

gaur, konpartsa herrikoia Dianarekin altxatuko dira gaur billabonatarrak (9.00) eta ondoren, plater tiraketa izango da Atxutu-Mandotegi zelaian (9.00), bola tiraldia Erreboteko plazan (10.00), irristaketa lasterketa Eroski paretik abiatuta (10.00) eta xake jokoa Txistulari plazan (10.00). Eguneko ekitaldi nagusia Inude eta Artzainen konpartsa izango da, 11.30ean eta 18.00etan aterako dena, eta ondoren (19.00) herri kirolak izango dira Malkar plazan. Eguna amaitzeko, Joxe Mendizabalen dantzaldia izango da. 

Iban Aguirre alkatea, zinegotziei eskua emanda, Erreboteko plazako Soka-Dantzan.

Dokumentuaren akzioak