Dokumentuaren akzioak
Santibate eta libertimenduak bazterrak harrotzera datoz
Herriz herri, gazte talde bat lanari lotu zaio bazterrak harrotzeko ihaute garaian, santibate eta libertimendu egutegi oparoa eskainiz. Besta hauek ohikoak dira Baxe Nafarroan eta Lapurdiko hainbat herritan eta Nafarrora eta Gipuzkoara hedatzen dabiltza. Negua, gaua, iluna eta beltza ekartzen dute zirtzilek santibatera eta bertan hitza, kritika, umorea, zirtoa dira arma nagusiak. Gaurkotasuneko gaiak ekarriko dituzte plazara, beti ere, kritika soziala ardatz harturik.
Libertimenduetan berriz, zirtzilei dantzariak batuko zaizkie plazan, haiekin argia, udaberria, edertasuna, egokitasuna, dotorezia ekarriz. Herri desberdinetako gazteak mugiarazteko, herria batzeko eta euskaraz aritzeko hitzordu, santibate eta libertimenduen datak ezagutarazi ditu Dantzan elkarteak.
Otsailaren 2an, ostiralez, santibate ospatuko da Donibane Garazin. 18:00etan abiatuko da Xuiketenetik eta herriko ostatuen itzulia eginen dute gazteek, bertsolari eta txarangaz lagundurik. 00:30ean tripot jatea eta besta eginen dute Hori-Horiak peñan. Santibate otsailaren 3an ospatzekoa da Donapaleun eta 17an Baigorrin.
Libertimenduak
Otsailaren 10ean, Irisarrin, kabalkadarekin hasiko da eguna eta gero, plazan, libertimendua ospatuko da. Añorgan (Donostia) ere izanen da ihaute giroa larunbat horretan: goizean zehar hiru barrikada eginen dituzte Añorga Txiki, Karmengo Ama eta Pedro Jose auzoguneetan, eta, gero, emanaldi nagusia Harrobiaren plazan iraganen da, 13:00etan.
Biharamunean, otsailaren 11n, Donibane Garazin, Ihaute igandean emanen dute libertimendua. Garaztarrak dantza taldeak, Zirtzilen antzerkiak eta bertsolariek girotuko dute. Goizeko 09:30ean hasiko da kabalkada karriketan eta 11:30ean libertimendua trinketearen aitzinean. 13:00etan, Garaziko ikastolak antolaturik, bazkaria izanen da merkatu estalian. Izena emateko 06 51 48 29 88 zenbakira deitu behar da. Egun berean, Iruinkokoak Iruñeko karrikak hartuko ditu 09:30etik goiti eta 12:30ean Koko-munstra Santa Ana plazan iraganen da.
Donapaleun, otsailaren 18an, goizeko 10:00etan hasiko da kabalkada karriketan eta ondotik 11:00ean Libertimendua dantzari, zirtzil, eta bertsolariekin. Martxoaren 3an, Baigorrin 10:30ean kabalkada eta Libertimendu emanaldia 11:00etan iraganen dira. Bukatzeko, martxoaren 9an, Hazparnen, dantzari dotore, garbi eta mutuek gutinaka zirtzil ilun, zikin eta kritikoen lekua hartuko dute eta bertsolariek narratuko dute plazan gertatzen dena.
Dokumentuaren akzioak