Dokumentuaren akzioak
Santanazaleen soka eten ez dadin
Ordiziako Santanazaleen soka-dantza ez da garairik onenak bizitzen ari, dantzari bikoteen parte hartzeari dagokionean. Iaz bi bikote ezkonberrik hartu zuten parte 1509tik uztailaren 27an egiten den soka-dantzan. Aurten, oraingoz, «lau bikote eta erdi daude izena emanda», dio Amets Bide dantza taldeko Izaro Intsaustik. «Bikoteko batek ezin du eta bakarra aterako da».
Bikoteen parte hartze urria ez da berria. «Ez da erraza, urtez urtez asko aldatzen da sokan zenbat bikote ateratzen diren. Egia da azken aldian beherakada egon dela eta kostatzen dela horrelako ekintzetara jendea animatzea. Ohiturek gora-beherak izaten dituzte. 500 urteetan Santanazaleetan ere denetik ezagutu da. Dantza maisuak dantza egitea, garai batean soldadutzara ere joaten zen jendea eta ezin izaten zuten atera… Arrazoiak asko izan daitezke».
Ohiturak mantentzea
Amets Bide taldeko Intsaustik gaineratu duenez, «tristea da dantza maisuak ibili behar izaten dugula jendea animatzeko lan horretan eta hori guretzako izugarrizko ahalegina da. Baina ohiturak mantentzen dira jendeak borondatea daukalako eta nahi dugulako. Urtez urte aldatzen diren joerak direnez, espero behar dugu beti hurrengo urtea hobea izango dela».
Saiatzen dira tradizioa eguneratzen; aurten bikote homosexual bat aterako da. «2022an sexu bereizketarik gabeko soka bat planteatzea urrats handia izan zen eta hor goaz pixkanaka gure alea jartzen». Maria Balluerka izan zen Santanazaleetan aurreskuaren rola bete duen lehenengo emakumezkoa. Maiordomoak ere emakumezkoak izan ziren.
2022tik bikotean bietako bakarra baldin bada ordiziarra, hark izango du plazan dantza egiteko aukera. Adur Ezenarro alkateak orduan zehaztu zuenez, «bikote arteko rolen banaketa ez da generoaren baitan egingo. Bikotean bietako bakarra baldin bada ordiziarra, hark izango du plazan dantza egiteko aukera».
Biak ordiziarrak diren kasuetan «eurek erabakiko dute, edo biei aplikatuko zaizkie plazan dantza egiteko baldintzak. Rolak aukeratu egingo dira, baina emakumeak ez dira balkoian geratzera behartuak izango. Soka-dantzako gainerako rolak ere, aurreskua, atzeskua, maiordomoak eta abar, genero bereizketarik gabe» aukeratu dira aurten.
Kontzientziazioa
Amets Bidekoek «kontzientzia piztu» nahi dute ordiziarren artean, eta 2023ko uztailetik 2024ko uztailera ezkondu diren bikoteak parte hartzera animatu nahi dituzte: «Ekintzetan parte hartzen ez bada, ez dago festarik. Ateratzen den inor ez da damutzen eta egun oso polita izaten da». Entseguak astelehen, astearte eta asteazkenetan izaten dira 19:00etan, Majori kiroldegian.
Dokumentuaren akzioak