Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Santanazaleen ohitura zaharrak ez du etenik

Dokumentuaren akzioak

Santanazaleen ohitura zaharrak ez du etenik

Euskal Herri osoan ez dira egongo Ordiziako Santanazaleen esku-dantza bezalako tradizio luzea duten ekintza ugari. 1509. urtean onartu ziren Santa Ana Kofradiako ordenantzak eta elkarte horri hertsiki lotua egon da ordutik dantza berezi hau.
Egilea
M. Aranburu
Komunikabidea
Noticias de Gipuzkoa
Mota
Albistea
Data
2018/07/28
Lotura
Noticias de Gipuzkoa

Santa Ana herriko zaindariaren ondorengo egunean ospatzen da Santanazaleena. Bertan, urtean ezkondutako bikoteek parte hartzen dute, eta beti ere bikotekide bat ordiziarra izan behar da. Hala, atzoko egunez heldu zioten tradizio luzeko ospakizun horri. Aurten hamahika bikotek parte hartu dute eta Santa Ana Kofradiako parte izango dira hemendik aurrera. Hala, Iñaki Iraola eta Lierni Garmendia, Jon Mendizabal eta Eider Artola, Iñigo Usabiaga eta Amaia Lizarbe, Aritz Olagoi eta Gurutze Benitez, Iñaki Dorronsoro eta Eli Garcia, Urki Tolosa eta Eneritz Iglesias, Unai Arratibel eta Ione Murumendiaraz, John Peter eta Loveth, Maite Esnaola eta Manu Joubert eta Nagore Lariz eta Jon Irastorza gehitu dira usadioaren soka luzera.

ilusio handiz Ordiziarrentzat ekitaldia berezia da. Asko inoiz dantza egin gabekoak dira, baina ez dute egun hau galdu nahi izaten. "Donostikoa naiz, baina ordiziarra sentitzen naiz jada", nabarmendu du Eider Artolak. Jon Mendizabalekin ezkondu da eta egun horretarako "ilusioa handia" zuela onartu du:"Txikitatik ikusi izan ditut Santanazaleak eta etxean ohitura handia izan da nahiz eta ni lehenengoa naizen Kofradia honetan sartu eta dantzatzen. Artolak argi du herritarrentzat ekitaldi honek duen garrantziaz:"Ordiziarrontzako bizipoza da hau".

meza eta dantza Ohiturak agintzen duen moduan, goizeko 9.30ean udaletxean elkartu eta prestaketa lanekin hasi ziren. Emakumezkoei mantilak eta loreak prestatu zizkieten eta gizonezkoak, berriz, ezkontza egunean ibilitako trajea jantzi behar dutela agintzen du tradizioak. Meza Nagusira joan baino lehen, Santa Ana Kofradiako liburu zaharrean sinatu zuten guztiek eta ekintza horren bidez bertako kide izatea onartu zuten.

Liburu hori 1792. urtekoa da eta bertan urte hauetan guztietan ezkondu direnen izen abizenak eta sinadurak biltzen dituzte. Izatez beste bi liburu ere bazeuden, 1509. urtetik honako guzti guztien datuak biltzen zituenak, baina sute batean erre ziren eta beraz, azken hau da mantentzen duten bakarra. Ondoren, iazko aurresku eta atzeskuak testigua pasa zieten aurtengoei. Aurreskua Iñaki Iraola izan zen eta atzeskua Iñaki Dorronsoro. Lehenengo eta bigarren damak, berriz, Nagore Lariz eta Leire Mendizabal izan ziren, hurrenez hurren.

Meza ostean Udaletxera igo ziren berriz eta han Jesus Mari Garateren alarguna, Kontxi Naldaiz, eta familiartekoak zeuden. Dorronsorok eta Iraolak agurra, Ordiziako alkateak hitz batzuk eskaini eta minutu bateko isilunea mantendu zuten maisu dantzariaren omenez. Orain arte hura izan da Santanazaleei entseguetan lagundu izan diena, baina hemendik aurrera Ordiziako Ametsbide dan-tza taldeko kideek hartuko dute konpromezu eta ardura hori.

12.00etan hasi zuten Santanazaleen ohiko esku-dantza eta urteroko legez, Plaza Nagusia jendez bete zen. Jose Miguel Santamaria alkatea eta gizonezkoak atera ziren lehenik eta alkateak aurreskuari ezker eta eskuineko sorbaldak ukitu ostean, Santamariari agurra, zubiak eta desafioak dan-tzatu zituzten. Segidan damak jaitsi ziren Udaletxetik eta protokoloari jarraituz, emakumezko guztiak inguratu ziren eta elkarrekin fandango eta arin-arina dantzatu zituzten. Dantza eta urduritasunak amaituta, Martinez jatetxera joan ziren, herrigunea zeharkatuz.

Ezkonberriek ezkondu aurretik ere argi izaten dute Santanazaleen egunean parte hartu nahi dutela. Hala da Artolaren kasua:"Jon ordiziarra da eta niri ere ilusio handia egiten zidan egun honetan parte hartzeak. Ezkondu eta erabakita genuen, bai ala bai aterako ginela. Gazteok jarraitu behar dugu tradizio honekin". Ez dadila, bada, tradizio luze hau eten. 

Santanazaleen ohiko esku-dantza, gizonezkoen erdian Mendizabal dama dagoela, Plaza Nagusian.

Santanazaleen ohiko esku-dantza, gizonezkoen erdian Mendizabal dama dagoela, Plaza Nagusian. (M.A.)

Dokumentuaren akzioak