Dokumentuaren akzioak
Santanazaleek Ordiziako tradizio zaharra berritu dute
Ordiziako Santa Ana jaien azken egunean, aspaldiko ohitura zahar bati tartea egin diote gaur eguerdian. Santanazaleen esku-dantza egin dute azkeneko urtebetean ezkondu diren bikote batzuek. Lau bikote eta erdi atera dira plazara. Lehenbiziko aldiz, sexu berekoen ezkontza baten partaidetza izan da. 1509tik egiten da Ordizian santanazaleen dantza.
Goizean, udaletxeko batzar aretoan elkartu, eta kofradiako liburuan idatzi dituzte euren izenak ezkonberriek. Manilako zapiak lotu dituzte emakumeek, ohiturari segiz. Mezetara joan dira ondoren. Eguerdian, Adur Ezenarro alkatea aginte-makilarekin eta txistulari taldea aurretik zutela, Plaza Nagusira atera dira.
Aurreskuaren eta atzeskuaren esanetara, sokadantzak egin dituzte, segida bakoitzean ezkonberrien bila udaletxeko arkupera joanda, plazara laguntzeko. Behin esku-dantzak bukatutakoan, fandango eta arin-arin bat dantzatu dituzte, plazan elkartu diren herritar ugarien txalo artean. Kaleko buelta egin dute ondoren, Martinez taberna aurrean geratu eta ohiturazko dantzaldia egiteko han ere.
Ordiziako festak gaur bukatuko dira. Kuadrillen eguna dute. Santanazale berriek eman diote txupinari su, 13:00etan, kuadrillen irteera ofiziala irudikatzeko. 18:30ean, Euskal Herriko errekortarien ikuskizuna izango da, San Bartolomeko zezen-plazan. 21:00etan, Beti Argi musika bandak kalejira egingo du, eta 22:00etan Urrats taldeak erromeria girotuko du, Garagartza plazan. 23:30ean Xaiborren disko-festa hasiko da, Bazterretxe plazan, eta 00:30ean London orkestraren dantzaldia, Plaza Nagusian.
Dokumentuaren akzioak