Dokumentuaren akzioak
Santanazale eta koadrilak, dantzan
Ohi bezala, ezkonberriek esku-dantza egingo dute gaur eguerdian, jaietako azken egunean
Aurtengo santana jaietan nabaritu da zubia tarteko zela, eta jende mordoa ibili da, bai egunez eta baita gauez ere. Gaurkorako ez da gutxiago espero, eta 13:00etan jada koadrila guztiek udaletxe atarian elkartu eta egun guztian kolore berezia emango diote Ordiziari.
Santanazaleen txanda izango da aurrena, ordea. 50etik gora izan dira iazko Santa Ana jaietatik hona ezkondutako bikote ordiziarrak, eta horietatik erdiek-edo parte hartuko dute santanazaleen ohiko esku-dantzan. 1509tik egiten da dantza hori; bistan denez, tradizio handikoa da, eta herritarren artean oihartzun handia du.
Eguren zenaren erreleboa Enrikek hartu zuen orain hiru urte, eta haren ardurapean izan dira aurtengo bikote dantzariak. Enrikek berak adierazi digunez, «asko eta asko sekula euskal dantzarik egin gabekoak diren arren, entsegu batzuen ondoren, segituan hartzen dute pausoa, eta saiatuz, lan txukuna egingo dute».
Santanazaleak tragoxka batzuk hartzera eta Martinezenera bazkaltzera doazen bitartean, festetan arrazoi bategatik edo besteagatik parte hartzerik izan ez duten horiek gogoan hartuta, suziria jaurtiko da udaletxeko balkoitik, koadrilen eguna hasteko.
Guztira 2.000 kidetik gora, bakoitza bere blusa soinean duela, eta koadrila bakoitzak bere musika banda duela. Trikitilariak eta dultzaineroak ere badituzte beste koadrila batzuek.
Koadrila bakoitzak bere aldetik bazkalduko duen arren, 18:00ak aldera izango dira denak berriro herrian. Garagartza plazatik hasi eta Etxezarreta kalera bitartean kolore desberdineko blusak nahasiko dira orduan. Larunbata izanda, kanpoko jendea ere etortzea espero dute tabernariek, eta guztiekin ezin hobeto amaitu nahiko dituzte aurtengo jaiak.
Baina, jaiei agur esateko, ondoko herrikoak ere ezin ahaztu, eta, herriko lagun talde batek antolatuta, egitarauaz kanpoko ekintza bat ere izango da gaur. Errifa batzuk saltzen jarri eta uztailaren 19an ONCEko zozketan 100 zenbakia atera zela kontuan hartuta, zenbaki hori duen errifaren jabeak bareari su emateko ohorea izango du (euro batzuk patrikaratzeaz gain, noski).
Jaiak amaitzeko, musika
Barearen erreketa horrek iragarriko du aurtengo santana jaiak amaitu direla. Iluntzeko 21:00ak aldera izango da, Fray Andres estatuaren ondoan, eta, ohi bezala, momentu horretan aproposak diren kantak abestuko dira bertaratzen diren guztien artean: el que no baile es un limaco de Beasain..., ordiziarrak gera, ordiziarrak gera gu... eta abar. Beasaindarrik ere izaten da tarteko, eta denak ere umore onez izango dira, bi herrien arteko lagunarteko ika-mikak alde batera utzita.
Egun guztian nahiko salto eta dantza eginda egon arren eta gorputzak nekatuak egongo diren arren, beste urtebete itxaron beharko da Santa Ana jaiak berriro iritsi arte eta, beraz, hainbatek hor jarraituko dute, jai egitarauak eskaintzen dituen dantzaldiekin.
Bata Enparantza Nagusian izango da, La Factoria orkestrarekin, eta bestea Beti Alai pilotalekuan, Drindots taldearekin. Horrenbestez, kale-garbitzaileen txanda izango da, izango baitute nahiko lan egun hauetan guztietan pilatutako zabor hori guztia biltzen. Eta ezin ahaztu, santana jaiak amaitu bai, baina San Inazio eguneko usakume tiroketa hor izango dela Lazkaomendiko zelaietan uztailaren 31n. Era berean, abuztua pasatu bezain laster, Euskal Festak ate joka izango dira. Abere, barazki, bertsolari, pilotariak, gazta enkantea, fruitu... guztiak ere festa giro ezin hobean.
Dokumentuaren akzioak