Dokumentuaren akzioak
Santakrutzak 2011: Ezpatadantza osatuz doa
Andoain Dantzan amaitu eta berehala Santakrutzen atarian jarri gara. Etenik gabe zabiltzate lanean...
Jon Iraola Treku. Udaberria,
uda..., giro ona hasten denean dantza saioak izaten dira han eta hemen.
Pozik gaude, erritmo onean, poliki eta letra onez idatzi nahi baitugu
talde honen historia. Ez dugu eredurik izan, ez dugu talde heldurik izan
aurretik erreferentzia gisa herrian, eta orain pixkanaka eredu
bihurtzen ari garen honetan, dinamika polita eman nahi diogu taldeari.
Mugitzen hasi gara eta herrian dantzarekiko sugar hori piztu nahi dugu.
Basteroko bi saio haietatik zein ondorio atera dituzue?
J.I.T. Nik
bi ondorio nagusi azpimarratuko nituzke. Lehena, Andoainek sekulako
harrobia duela dantzarako. Urkik horren erakustaldia egin zuen Basteron.
Orain herriak Urkiri horri eutsi diezaiokeela erakutsi behar diola
deritzot. Dena ez dela futbola, eskubaloia..., aukera ugari dago
Andoainen eta Urki aukera horietatik beste bat gehiago da, indartsu
datorrena.
Bigarren ondorioa, Urki talde indartsua izatera irits
daitekeela da. Ostiraleko saiorako oso larri ibili ginela aitortu behar
dut. Azken orduko entseguak, asistentzia falta denon aldetik..., eta
hala ere, emanaldi duina eskaini genuen. Horrek bere alde ona eta txarra
du. Baina ezin gara autokonplazentziara mugatu. Dantzariok entsegu
gutxirekin emanaldi duina egiteko gai garela pentsatzeko arriskua dago.
Zabarkerian erortzeko arriskua dago, oraindik ordea saihesten ari garen
joera bat da.
Ez du, hala ere, ezkorra izan nahi. Lan gutxi eginez
ikuskizun hori egiteko gai izan ginenez, zer egiteko gai izango ginateke
sasoi betean egongo bagina? Apirilaren hasierako saioak niri behintzat
lanean jarraitzeko gogoa eman dit: gauza berriak ikasteko, Urki
indartzeko..., eta uste dut taldeko gehienok ere horrela pentsatzen
dugula, zorionez.
Jendetza jarri duzue dantzan. Sasoiko dago Urki.
J.I.T. Horrela
ikusten da kanpotik, eta egia da. Ezin gara kexatu azken urtean taldea
hartzen ari den indarrarekin eta herriak taldeen ekintzatan duen parte
hartzearekin. Askotan behar izaten dugu bultzadatxoa, gauza asko egiten
lehenak garenez, erreferentziarik ez dugunez, zalantza asko izaten
baitugu. Orokorroean orain arte ezin gara kexatu, herritarron bultzada
eta laguntza jaso dugulako. Babes horrek zalantzak uxatzeaz gain, Urki
berari indarra ematen dio.
Lanerako gogoa dago, herriari gauzak
eskaintzeko grina. Garrantzitsua da norbera bere buruarekin gustura
aritzea, horrela gozatzen baita dantzan, eta Andoain dantzarako toki
ezin hobea da jendearen onarpena erabatekoa delako. Dantzaria gustura
eta dantzazaleak ere bai, hortaz. Horrek jendea guregana hurbiltzen du,
jendea "oinak airian" jartzeko gogoz dago eta gu irakasteko, gauza
berriak proposatzeko..., dantzarako prest gaude azken finean.
Erraldoiak eta buruhandiak, Urki dantza taldea... non gehiago ikusiko dugu Jon aurtengo jaietan?
J.I.T. Neronek
jakingo banu! Txalaparta jo behar dudala badakit, larunbat goizez. Eta
koadrilen egunean ateratzeko ohitura ezin da galdu. Hortik aurrera,
batek daki. Normalean egunean bertan programa eskutan nora joan eta
nondik ibili erabakitzekoa naiz ni. Zenbait gauzatan parte hartu eta
antolakuntzan lagunduko dut, ahal bada. Txosnatan ere txandaren bat
egingo dut. Jaietan hobe gauzak irteten diren bezala egitea, eta ez
aldez aurretik pentsatuz.
Santakrutzetan zer da bereziki bizitzea gogoko duzuna?
J.I.T. Santa
Krutz jaiak badu beste festa askok ez dutena: herriaren parte hartzea.
Andoaindarrak ikusle izateaz haratago festaren parte gara. Aukera asko
dago bakoitzak bere ezaugarriei egokitutako ekintzatan parte hartzeko:
kros herrikoia, erreka jaitsiera, erromeriak...
Jai hauetan gakoa
parte hartzea da, ondo pasa nahi izanez gero menua hartu eta bakoitzak
zer jango duen aukeratzen du, horrela asetzen da bat Santakrutzetan.
Lastima dieta egin behar izaten dela hurrengo urtekoak heldu arte.
Gauez ala egunez, noiz bizi behar dira jaiak?
J.I.T. Nekatu
bitartean bietan ahal bada, batzuk lana eta ikasketak direla ezin
baitute, ez gauez ezta egunez ere irten. Nik egun eta gau guztietan
ikusi dut gustuko zerbait, beraz, harat eta honat ibiliko naiz betiko
lez. Aurretik aipatu bezala, Santakrutzetan aukera asko dago eta
norberak ikusi behar du zeri heldu. Gauez ala egunez herria jai giroan
jartzea dugu xede denok eta horretan ahaleginduko gara andoaindarrak.
Gora Santakrutzak!
Dokumentuaren akzioak