Dokumentuaren akzioak
Santa Krutzetan jai giroan dabiltza galdakoztarrak
Galdakaoko jaietako egun handian dantza, musika eta borroka erakustaldiak izango dira nagusi
Gaur, irailak 14, Galdakaoko biztanleek Santa Krutz eguna, festetako egun handia, izango dute. Goizean goizetik, helduentzako eta gazteentzako hainbat aukera daude egitarauan. Jai giroak kaleak hartuko ditu egun osoan, eta batetik bestera ibiltzeko parada edukiko dute herritarrek.
Igandea izanik, gainera, herrikideek behintzat goizetik izango dute ondo pasatzeko aukera hainbat jarduerarekin. Seguru asko larunbateko ausartenak geldituko dira etxean, indarrak berreskuratzeko asmoz.
Santa Krutz eguna 10:30ean hasiko da, Galdakaoko txistulari eta musika bandarekin. Kalejira egingo dute doinu alaiak karriketatik zabalduz, eta, bide batez, jendeari gogoraraziko diote esnatzeko ordua dela. Aurretik, hala ere, Tomas Larrinaga landan antolatu duten marmitako txapelketan parte hartu nahi dutenak goizeko bederatzietan joan beharko dute bertara.
Ordubete beranduago berriz, meza nagusia hasiko da, herriko elizan. Jaietako egun handian, Gurutzeko Abeslariak Abesbatzak kantatuko ditu eliz kantuak. Txistulari eta Tronpeta Bandak ere beraien ekarpena egingo dute meza nagusian.
Meza bukatu ostean, Zabalea plazan, Bizkaiko sokadantza eskainiko dute Andra Mari Dantza Taldekoek. Euskal dantzak ikusiz gozatzen duenarentzat aukera paregabea izango da egunari hasiera bikaina emateko. Ordu berean, Urreta parkean, umeentzako jolas parkea jarriko dute, jateko garaia iritsi arte.
Kirol bitxiak maite duen jendeak edo besterik gabe horrelakoak ezagutzeko jakin-mina duenak Muguruko landara joan beharko du, 12:30ean. Bertan, IV. Aitzur Jaurtiketa Txapelketa izango da. Aitzurra eskuetan hartu eta urrunen botatzea lortzen duenak irabaziko du lehiaketa.
Txapelketa bukatutakoan, ekitaldietan geldialdia izango da arratsaldera arte. Batzuek bazkaltzeko aprobetxatuko dute etenaldia, baina beste asko poteoa egiten geldituko dira herriko tabernetan. Batetik bestera joan eta pintxo pare bat janez gosea mozorrotuko dute etxera alde egiteko ordua iritsi artean. Ondoren, siesta egin, eta berriz kalera.
Arratsaldean, 17:00 aldean, Galdakaoko Musika Eskolako txistulariek kalejira egingo dute, galdakoztarrak lozorrotik ateratzeko. Ordu berean ere hasiko da Igel Txapelketa, Santi Brouard plazan. Lehiakideak ahaleginduko dira igelaren ahoan ahal bezain txanpon gehien sartzen. Euria egiten badu, Kurtzea frontoian izango da lehiaketa, beraz, lasai egon daitezela igelera jolastea gustuko dutenek.
Ordubete beranduago, eguneko momenturik barregarriena ikusteko aukera izango da, J.B. Uriarte kalean. Orduan hasiko da asto lasterketa, eta asto bat bestearen gainean lasterka ikusteko modua edukiko dute bertara joaten direnek. Asto eta gidarien joan-etorriek momentu on bat baino gehiago eskainiko dituzte, dudarik gabe.
19:00 aldera, kale ikuskizunetako ordua izango da Galdakaoko jaietan. Herrian zehar Samasiku taldearen kale animazioak kaleak girotuko ditu, eta Inuntziaga plazan, berriz, Zirkilikili antzerki taldeak kale ikuskizuna eskainiko du.
Era berean, 19:00etatik aurrera ere, Muguruko landan, Gorriti eta bere animaliak egongo dira gaztetxoen alaitzeko. Bertan bigantxen aurretik korrika egiteko aukera izango dute. Izan ere, zezenekin ausartu ez arren, gerritik soka batekin lotua duen bigantxaren aurrera irteteko prest azaldu ohi dira asko. Batek baino gehiagok etxera ubelduraren bat eramango du ziurrenik.
Dantza, musika eta borroka
Eguzki izpiak indarra galtzen hasten direnean, euskal folklorearen beste aukera bat izango dute tradizioa maite dutenak. 20:00etan, dantza alardea antolatu dute, Kurtzero plazan.
Hala ere, dantza egitea baino gehiago borroka erakustaldiekin ondo pasatzea gustuko dutenek ere aukera izango dute Galdakaoko jaietan. Zortzietatik aurrera, eta Maider Unda atleta olinpikoak borroka libreko erakustaldia egin ondoren, pencak silat arte martzialen erakustaldia prestatu dute jai batzordekoek, Kurtzea frontoian. Emozio gogorrak gustuko dituen guztiak, beraz, aukera paregabea du egitarauak aurkezten diona.
Ondorengo orduak gautxorien orduak izango dira. 21:00etatik aurrera, adibidez, erromeria izango da Arizgoiti taldearen eskutik. Inuntziaga plazan joko dute, eta dantza egiteko gogoz urreratuko den jendeak ederki pasatuko du erromeria doinuekin.
Bestalde, 22:30ean, El guateque de la decada taldeak 70eko eta 80ko hamarkadetako abesti arrakastatsuenen doinuak joko dituzte, Ardantza Lehendakariaren parkean. Nostalgikoak eta aro horretako musikarekin gozatzen dutenentzako prestaturiko kontzertua izango da.
Egitaraua azken kontzertu horrekin bukatuko da, baina gauak aurrera jarraituko du, eta lanera joan behar dutenei etxeratzeko ordua berandutuko zaie.
Astelehenaren biharamuna
Santa Krutz egunaren ondoren, hurrengo jaieguna geroago izango da galdakoztarrentzat. Astelehenaren aitzakiarekin eta jendeak lanera joan behar duenez, eguerdi aldera arte ez da ezer izango. 12:00etan hasika da eguna, Inuntziaga plazan, haurrentzako puzgarriekin.
Bazkariaren ostean, eta burua ez herdoiltzeko, 17:00 aldera, buru trebetasuneko III. jokoek jai giroan pasatzeko modua emango dute.
Ordu erdi pasatu eta gero, berriz, buru trebetasuna albo batera utzi eta oreka izango da nagusi. Izan ere, Elexaldeko igerilekuan mastapuntakoa antolatu dute, eta noizbait joko hori ikusi duenak badaki zein zaila den banderatxoak harrapatzea.
19:00etan, Berezikoetze kaleko plazan, Zahir Zirco konpainiak zirku ikuskizuna plazaratuko du. Leku berean, baina gaua iritsitakoan, zinemazaleek aire zabalean Indiana Jons y el Reino de la Calavera de Cristal filma ikusi ahalko dute.
Egitaraua
GAUR
09:00. Tomas Larrinaga landan, marmitako txapelketa hasiko da.
10:30. Kalejira, Galdakaoko txistulari eta musika bandaren eskutik.
12:00. Zabalea plazan, Bizkaiko sokadantza Andra Mari Dantza Taldearekin
12:30. IV. Aitzur Jaurtiketa Txapelketa, Muguruko landan.
13:00. Galdakaoko txistulari eta musika bandaren kontzertua, Kurtzero plazan
17:00. Igel Txapelketa, Santi Brouard plazan. Euria ari badu, Kurtzea frontoian.
19:00. Samasiku eta adiskideen kale animazioa herrian zehar. Punto Je, Je, Je ikuskizuna.
19:00. Borroka libreko erakustaldia Maider Unda atleta olinpikoarekin, Kurtzea frontoian.
21:00. Erromeria Arizgoiti taldearekin, Inuntziaga plazan.
22:30. 70eko eta 80ko hamarkadetako musika arrakastatsuenak joko ditu El guateque de la decada taldeak, Ardanza Lehendakariaren parkean.
Dokumentuaren akzioak