Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Santa Fetik Miarritzera

Dokumentuaren akzioak

Santa Fetik Miarritzera

Kritika, Aspen Santa Fe

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2004/09/18

New Mexicoko hiriburutik Miarritzera etorri da Aspen Santa Fe balet konpainia, eta haiekin batera hango lagun eta senide asko, emanaldiaren ostean Kasinoko aretoetan entzuten zen ingeles hizkuntzari erreparatuz gero.



Dantza garaikidearen parametroetan garatu zen programako lehen pieza. Nicolo Fonte-k sortutako Left Unsaid koreografiak gizakien arteko harremanak esploratzen ditu, Bachen musika atzeko oihal moduan entzuten delarik. Dantzaren eraketa hainbat koadrotan garatzen da eta haietariko bakoitzean giza talde desberdinak aztertzen dira, gorputzak etengabe korapilatuz elkarren artean eta mugimendu etengabearekin filigrana konplexuak sortuz. Konpainiako gazteek koreografia honen zailtasun agerikoa gainditzen dute baina, normala denez, ez dira antzematen urteek emandako segurtasuna eta harekin batera eska dezakeen dentsitatea.



Bigarren koreografia konpainiarako bereziki sortu zuen Moses Pendletonek duela urte pare bat. Momix taldearen sortzaileak bere lanetan ohikoa den estilo optikoa areagotu du Noir & Blanc izeneko pieza jostagarri honetan, argi beltzaren teknika baliatuz: dantzariek beltz kolorean daramate gorputzaren erdia eta beste erdia zuria da. Horrela benetan efektu harrigarri politak lortzen dira, nahiz eta zenbait unetan apur bat errepikakorrak gertatzen diren.



Gaueko hirugarren piezak, Like a Samba izenekoak, Astrud Gilbertoren musika hartzen du oinarritzat. Brasildar abeslariak Stan Getz-ekin plazaratutako abesti sorta XX. mendeko klasikotzat jo daiteke. Bestalde, Trey McIntyre-ren koreografiak balet klasikoko formak baliatzen ditu nagusiki eta horrek kontraste polita sortzen du 60ko hamarkadako jazz brasildarraren eta Santa Feko dantzari gazteen bizi pozaren aldean. Agus Perez

Dokumentuaren akzioak