Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sanpedropean dantzari

Dokumentuaren akzioak

Sanpedropean dantzari

Eguraldiak ez zuen zapuztu Asier Uskolaren kaxarranka dantza Lekeitioko San Pedro egun handian

Egilea
Mikel Carramiñana
Komunikabidea
Berria
Tokia
Lekeitio
Mota
Erreportajea
Data
2006/06/30

Laugarrenez egin du Asier Uskolak kaxarranka dantza, eta ederki egin zuen gainera, txistularien erritmoa akatsik gabe jarraituta eta orekari eutsita, bere buruarekin ziur. Lekeitiarren bultzada izan zuen uneoro, arrantzale kofradiako San Pedroren irudipean eta Independentziaren enparantzan. Ohi bezala, zaindaria eta herritarrak agurtu ondoren, hiru dantza egin zituen: Zortzikoa, fandangoa eta arin-arina.

Lekeition bakarrik egiten den dantza ospetsua da kaxarranka, dantzari batek zortzi lagunen sorbalda gainean dagoen egurrezko kutxa batean igota egiten duen ikuskizun zirraragarria da, arrantzaleen tradiziotik datorrena eta urtero San Pedro egunean errepikatzen dutena. Arrantzalez jantzitako zortzi lagunek eusten diote kutxari eta beste zortzik, arraunak eskuan, laguntzen dute taldea.

Urtero bezala, jendez gainezka zegoen atzo Lekeitio San Pedro eguneko ekitaldiak ikusteko. Miguel lekeitiarrak ingurukoei esan zien: «Herrian bizi izan ditudan 42 urteotan ez dut sekula horrenbeste jende ikusi». Eguerdian egin zuen lehenengo dantza Uskolak, sanpedropean, 12:30 aldera. Lekeitiarrek biziki animatu zuten dantzari gaztea, «aupa Asier!» oihuekin eta irrintziekin.

Ondoren, plazan, andrazkoen aurreskua dantzatu zuten, han bildutakoak kaxarranka bigarrenez ikusteko zain zeudela. Espero baino apur bat beranduago, 13:20an, udalbatzari lehenengo agurra egin eta, berriro, maisutasunez dantzatu zuen Uskolak kaxarranka, jendearen txalo zaparraden artean, hiru dantzetako bakoitza bukatu zuenean.

OHITURA ZAHARRA. Historia luzeko kutxa da oholtza gisa erabiltzen dutena, izan ere, XVI. mendetik San Pedro kofradiako etxezainak txandakatzen zirenean kontu liburuak berrikusteko barruan gordetzen zituzten, etxezain zaharraren etxetik berriaren etxera eramateko. Ekainaren 30ean egiten zuten aipatu joan-etorria. Gaur egun erabiltzen den kutxa 1797. urtekoa da,eta, barruan, gaztelaniaz idatzitako esaldi bat irakur daiteke: Etzenizko Frantziskok egin zuen Anakabeko Juan Bautistaren etxezaina zela.

Duela mende batetik hona, bi familitako kideak izan dira batez ere kaxarrankan aritu direnak, Txanbolintarrak eta Azkarragatarrak, izan ere, oinordetza gisa igaro zen ardura. Azken hamarkadetan, baina, ohitura hori aldatzen hasi da eta Asier Uskola bera da herentziaz dantza egin ez duen hirugarrena. Lehenengoa Eusebio Akordarrementeria izan zen, behin bakarrik, 1929an, herriko dantzari ofiziala itsasoan baitzegoen. Juan Manu Elorzak ere ez zuen inorengandik jaso dantza egiteko ardura, baina halaxe egin zuen 1967an eta 1968an. Pedro Murelaga izan da kaxarranka dantzan urte gehien aritu dena, 34 hain zuzen, azkena, 2003an, Uskolari txanda eman zion urte, hain zuzen ere.

 

Lekeition bakarrik egiten den dantza ospetsua da kaxarranka, arrantzaleen tradiziotik dator

Duela mende batetik hona, bi familitako kideak izan dira, batez ere, kaxarrankan aritu direnak

 

Asier Uskola Kaxarranka dantzaria

«Ezinezkoa da urduritasunik ez sentitzea»

M.C.

Lekeitio

Pedro Murelagak 34 urtez dantzatu ondoren, erreleboa eskatu zuen eta Manu Elorzak hartu zuen gazterik egokiena topatzeko ardura. Etorkizuna dantza taldera jo zuen eta, bertan, hiru dantzariren artean onena aukeratu zuen: Asier Uskola. 18 urterekin dantzatu zuen lehen aldiz kaxaren gainean Uskolak, egun, 21 ditu gazte lekeitiarrak.

Zenbatetan aritu zara kaxarrankan?

Bakarrik nagoela hirugarren aldia izan da aurtengoa, baina erreleboaren urtekoa kontuan hartuz gero, laugarrena izan da hau eta gustura egiten dut, gainera.

Aurreko urteetako iaiotasuna nabari izango duzu dagoeneko?

Gero eta gusturago egoten naizela esango nuke, pozik egiten dut. Hasieran zalantzak egon daitezke, baina ondo atera da beti.

Urduritasuna ere sumatuko duzu.

Lehenengoetan bai, pixka bat urduri jartzen nintzen. Berez, goizean trankil altxatu naiz baina gero, hemen egonda, jendez gainezka, urduri jartzen naiz. Ezinezkoa da urduritasunik ez sentitzea hainbeste lagunen aurrean dantza egiten duzunean.

Zeruari begira egongo zineten egunotan, egin daiteke kaxarranka euria eginez gero?

Goizean bagenuen eguraldiaren kezka, baina azkenean ez du euririk egin. Ez dut uste egin daitekeenik hala izanez gero, nik behintzat ez nuke egingo. Penagarria litzateke gainera, San Pedro egunean jende asko inguratzen delako Lekeitiora.

Dokumentuaren akzioak