Dokumentuaren akzioak
Sanjuanak 2011: Oihane Irazoki dantzaria
Nolaz etorri da erabaki hori?
Oihane Irazoki. Urki
dantzan taldean hausnartzen ari gara aspalditxoan emakumeok euskal
dantzetan jokatu behar duen paperaren inguruan, eta prozesu horretan,
Soka-Dantzako aurreskua edo atzezkua emakumea izatea erabaki da aurten.
Eta zu izan zara izendatua…
O.I.
Niri eman zidaten aukera hori. Nire lehen erreakzioa herriak ea nola
hartuko zuen galdetzea izan zen; ateratzera animatu ninduten, eta
baiezkoa eman nuen orduan. Hori bai, paper hori betetzeak errespetu
handia eragiten zidala eta, nahiago nuela atzeskua izan adierazi nien.
Aurreskuak zein atzeskuak berdin dantzatzen dute desafioa eginez, baina
aurreskua da lehenbizikoz dantzatzen duena. Asier Garmendia izan da
aurreskua azken urtetan, eta plazan agertzen duen plantak errespetua
eragiten du benetan.
Urki dantza taldean hausnartzen ari zaretela aipatu duzu…
O.I.
Horrela da eta gure baitan aldaketak jasaten ari gara. Aurreneko
urtetan Gipuzkoako dantzak oso markatuta egiten genituen: neskek gauza
bat eta mutilek bestea. Egun, arau horrek ez digu hainbeste axola, eta
emakumearen rol tradizionala modu naturalean ari gara aldatzen. Egia da
eztabaidak izaten ditugula taldearen barnean, baina orain arte kapaz
izan gara bidea egiten jarraitzeko, eboluzionatzen jarraitzeko.
Iaz ere berdintasunaren aldeko urrats berri batean parte hartu zenuen Santa Krutzetan…
O.I.
Halaxe da. Ezpata-Dantzarien aurretik joan ohi diren lau ezpata
-dantzari aitzindarietatik hiru emakumeak izan ginen. Izaskun Beraza,
Maite Sagaseta eta hirurok lehenbiziko emakumeak izan ginen ezpata
txikia eskutan genuela.
Orduan ere prozesu naturala bizitu genuen
Urkiren barruan. Aurreko urteetan ezpata-dantzari aitzindari bezala
taldeko mutil gehienak pasatakoak zirenez, “eta orain zer?” galdera egin
genion geure buruari. Emakumeak ere dantzatzeko garaia heldu zela
pentsatu eta aurrera egin genuen. Oso hunkigarria izan zen hirurontzat,
eta ikusleen artetik zorionak eta animoak besterik ez genituen jaso.
Aldaketa asko gertatzen ari da tradizioaren baitan Andoainen azken urteetan…
O.I. Bazen
horrela izateko garaia. Modu nahiko naturalean gertatzen ari dira
aldaketak, eta poztekoa da. Izan ere, batzuetan iruditzen zaigu egundoko
aldaketa burutzera goazela, kontrako erreakzioak eragingo ditugula…
Gero errealitatean, gauzak errazagoak izaten dira. Esate batera, emakume
bat eskopetaria izan da aurten; gauza erraz joan da, nahiz eta aldez
aurretik oso konplikatua iruditu guztioi.
Zer nolako sentimenduak ari zaizkizu nagusitzen egunotan?
O.I. Errespetua
eragiten dit atzeskua izateak, eta ezin dut ukatu urduri nagoela.
Goikoplazak errespetu handiagoa eragiten dit dantza-leku bezala; Santa
Krutzetan ezpata-dantzarien taldearen babesa sentitu nuen, eta aldiz,
Goikoplazan iruditzen zait aurreskua eta biok nahiko bakarrik egongo
garela.
Nire burua kontsolatzeko, pentsatzen ari naiz plazan bilduko
den jendearen begiratuak ez direla guregana zuzenduko, agintariengana
baizik.
Kontuak kontu, ziur nago orain sentitzen dudan urduritasuna
plazara irten aurrekoa izango dela, eta behin oinak plazan jarrita,
dantza ondo nola egin beste ezerk ez nauela kezkatuko.
Lehenengo emakume izateak erantzukizun berezia eragingo dizu, ala?
O.I.
Izaskun Beraza dantza kideak Andoaingo dantzaren historian urrats bat
protagonizatuko dudala aipatu zidan lehengoan, baina ni ez naiz jabetzen
gauza horrela denik. Dantza saioa ondo irtetea da nire kezka bakarra
lehen esan bezala, nahiz eta jakin ez naizela konforme geratuko egindako
lanarekin, oso exijentea bainaiz nire buruarekin!
Une honetan nola ikusten duzu Urkiko helduen taldea?
O.I. Ez
dugu dantzari zaharragoen erreferentziarik eduki, eta bide berriak
urratuz ari gara egunero. Taldea 23 neskek eta 17 mutilek osatuko dugu
gaur egun. Une onean gaudela esango nuke.
Eta nola ikusten duzu dantzaren egoera Andoainen?
O.I. Dantza
taldeak egon, badira, baina Andoainen dantza ez dago sustraituta.
Inguruko beste zenbait herritan euskal dantza gertuagotik bizitzen dela
iruditzen zait. Amak kontatzen didanez Lizar Makil dantza taldearen
garaian jendea gehiago mugitzen zen dantzaren inguruan.
Egia da
herriko sektore bat hurbiltzen dela dantza ikustera edo praktikatzera
gaur egun, baina badago beste sektore oso zabala dantza aspergarritzat
jotzen duena, nahiz eta gure tradizioko zati bat izan. Futbolak eta
antzeko aktibitateek askoz ere interes handiagoa pizten dute, eta pena
pixka bat ematen dit.
Sanjuanak nola bizi dituzu, gainerakoan?
O.I. Azterketak
zirela eta azken urteetan ez ditut nahi bezainbat gozatu ahal izan;
orain libreago nago alde horretatik. Ekitaldien artean Axeri-Dantzaren
eguna edo gaueko kontzertuak ditut atsegin, gaueko parrandak ahaztu
gabe...
Dokumentuaren akzioak