Dokumentuaren akzioak
San Rokeri dantzan
Bihar, ezpata dantza eginen dute Deban, eta, aurten, emakumeek ere parte hartuko dute gizonekin batera
Iaz hartu zuten erabakia, eta modu sinboliko batez  eman zuten horren berri. Baselizaren aurrean dantza buruzagiak ezpata  eskaini zien taldeko emakumeei. Hala, aurten 1967tik ikusi gabeko irudia  izanen da Debako kaleetan, urte hartan emakumeek ere parte hartu  baitzuten ezpata dantzan. Ez dago dantza parekidea egin izanaren  bestelako daturik.
Ordutik, gizonezkoak bakarrik dantzatu dira,  baina, dirudienez, hemendik aurrera, ez da horrela izanen. 1967an ez  bezala, oraingoan emakumeen parte hartzea ez da soilik urte bakarrera  mugatuko. Ezusterik ez bada, Deban emakumeak eta gizonak elkarrekin  dantzatuko dira heldu diren urteetan ere.
Egun osoko jarduera
Goizean  goiz jaikiko dira dantzariak bihar. San Rokeren irudiari harrera  egiteko prest egon beharko dute elizaren atarian 09:30ean. Han dantzatu  ondoren, baselizara abiatuko da segizioa, eta mezaren ondotik, hango  zelaian ezpata dantza eginen dute berriz ere. Bukatzeko, herrira  itzuliko dira Plaza Zaharrean San Rokeren irudia dantzekin agurtzeko.  Foruen plazan eginen dute azkenengo dantza: aurreskua.

Urtero abuztuaren 16an ezpata dantza egiten dute Gure-Kai dantza taldeko kideek. / OIER ARAOLAZA / DANTZAN
Dokumentuaren akzioak
 
     
 
  
 
 
