Dokumentuaren akzioak
San Migel jaiak, Markina-Xemeingo Arretxinagan
Arretxinagako Jai Batzordeak plazaren inguruan jarri dituen egurrezko aulkiak berehala bete dira, eta horien atzean jarri dira ikuskizuna zutik ikusi behar zutenak ere. Arretxinagako baselizan egon den mezaren ostean, 12:00ak aldera, atera dira plazara Zerutxuko dantzariak ezpatak eskuan dantzaldi ikusgarria eskaintzeko prest.
Ohiturari jarraituta, hamabi ezpata dantzarik, maisu zaharrak eta lau ezpata txikik egin dute dantzan Arretxinagako baselizaren aurrean, Imanol Aretxabaleta txistuaren erritmoa jarraituta. Eneko Amutxastegi (maisu zaharra) igo da aurten ere ezpata gaineko dorrera eta dantzaldiaren momentu hori batez ere gogoz txalotu du publikoak.
Ezpata dantzaren ostean, Aurreskua dantzatu dute Zerutxuko dantzariek, ikusleetako batzuk ere dantzara aterata.
Dantza giroagaz jarraitzeko, Arantza eta Pantxo bikoteak eta taldeko biolin-jotzaileak era guztietako doinuak dantzagarriak eskaini dituzte, rantxerak eta doinu kubatarrak besteak beste.
Probalekuaren inguruan
Eguerdian etenaldia eginda, euskal jokoekin jarraitu dute ospakizunek, eta probalekuaren inguruan batu da arratsaldean jendea. Txingak probatzen ibili dira gaztetxoak lehenengo, eta Patxua tabernako zaldiaren eta zortzi laguneko talde baten arteko norgehiagoka egon da ondoren.
Gustora ibili dira gaztetxoak 25 kiloko txingak batera eta bestera eramanez, eta 50 kilokoak probatzera ere animatu dira batzuk. Norgehiagoka hastear zenean atera behar izan dira denak probalekutik.
Urko Pagoaga eta Ibai Aretxabaletaren laguntzagaz 20 minutuko proba egin du Patxuaren zaldiak, 900 euroko harria eramanez, eta 63 untze eta 3/4 6 metro eta 40 zentimetro egitea lortu du. Bere atzetik, zortzi lagunek, txandaka, 50 kiloko txingekin harek egindako marka gainditzeko ahalegina egin dute, bai eta lortu ere. Guztien artean 80 untze egin ditu taldeak.
Dokumentuaren akzioak