Dokumentuaren akzioak
San Joan jaiak ospatuko dituzte eatarrek
Ajangizko Kanpantxu auzoan, Bermeoko Aranen, Ereñoko Gabika auzoan, Mendatako Lamikizen, Gernika-Lumoko San Joan Ibarran eta Ean ospatuko dituzte San Joan jaiak. Azken herri horretan, gainera, jai patronalak dira.
Datorren eguenean, 18:30ean, txupinagaz batera hasiko dituzte jaiak. Laugarren urtez jarraian, Kaiarrixa irlaraino joango dira txalupa, batel edo piraguetan. «Moilan batuta, ahal dugun moduan banatzen gara Kaiarrixara joateko, denok ez daukagu-eta txalupa edo batelik. Ahalik eta jende gehiena sartzen saiatzen gara», azaldu dute Jai Batzordeko kideek. Kaiarrixa tontorrean ikurriña ipini eta txupina botako dute.
Hondartzak ere protagonismoa hartzen du Eako jaietan. San Joan bezperako sua ikusteko, esaterako, hondartzan batzen dira herritarrak. 23:00etan, moilatik su artifizialak botako dituzte, Jai Batzordeko kideen arabera, «herritarrentzako sakratuak direnak». Ondoren, aurten, Ezkaixe dantza taldeak San Joan sua girotzeko zenbait dantza eskainiko ditu.
Bergara bere sorterrian
Aurten ere ez du hutsik egingo. Sorterrian, ohi legez, kontzertu berezia eskainiko du Josu Bergara kantariak. Jaien lehenengo egunean izango da, gainera, ekainaren 23an. 20:30ean, hasiko da emanaldia, eta bere azken konposizioak eskainiko ditu.
San Joan bezperan, hondartzan, suaren inguruan batzea berezia izaten da eatarrentzat. Hala ere, gazteentzako egunik garrantzitsuena Erreka eguna dela diote; aurten, jaietako azken eguna izango dena. Espainiako Gorteetako Hauteskunde egunagaz batera dator, gainera, Erreka eguna, «baina bateragarriak direla» diote.
Egun horretan, goizean hasi eta goizaldera arte giro ederra izaten dute herrian. Ohikoa bihurtu den ate gainekoa dantzatzen hasiko dute eguna. Arratsaldean, berriz, errekara sartuko dira. Piñatak eskegi, eta bota egingo dituzte lehenengo; gero, errekara sartuko dira, eta dantzan jarraituko dute. Elektromatxino txarangagaz eta Jo ta Txo musika jartzailegaz amaituko dituzte aurtengo jaiak.
San Joan eguneko herri bazkaria ere egingo dute, jakinarazi dutenez. Musean jokatzeko aukera ere izango dute bazkal ostean gura dutenek.
Barikua izanik, gauean, musikagaz dantzan jarraitzeko aukera izango dute. Dangiliske eta Zirkinik bez taldeek girotuko dute San Joan eguneko gaua.
Zapatua, ekainaren 25a, umeen eguna izango da. Umeen arteko eskupilota partiduekin hasiko dute eguna. Arratsaldean, berriz, frontoian, umeentzako ekintzak antolatuko ditu Pauso txikiak elkarteak. 19:00etan, bestalde, zumba egiteko aukera izango dute. Azkenik, 20:30ean, Joxe Mendizabalek bereziki umeei zuzendutako erromeria eskainiko du.
Jai Batzordeko kideek azaldu dutenez, gutxi gorabehera, urteroko egitarauari eutsi diote aurten ere: «Zaila izaten da gauzak aldatzea, gauza asko ohitura bihurtu dira-eta».
EGITARAUA
Ekainak 23.
– 18:30. Txupina Kaiarrixan (irlan).
– 19:30. Ieko Dantza Taldea.
– Ostean. Sardina jana.
– 20:30. Josu Bergara kantuan.
– 23:00. Su artifizialak.
– 00:00. Eskaixe dantza taldearen emanaldia, sua girotzen.
Ekainak 24
– 12:00. Meza.
– Ostean. Aurreskua.
– 13:00. Hamaiketakoa.
– 15:00. Herri bazkaria; ostean, kartak aukeran, muserako.
– 19:30. Dangiliske plaza taldea..
– 00:00. Kontzertua: Zirkinik bez.
Ekainak 25.
– 12:30. Umeen pilota partidak.
– 17:30. Pauso txikiaren eskutik, ekintzak umeentzat, frontoian.
– 19:00. Aerobic zumbing.
– 20:30. Umeentzako erromeria Joxe Mendizabalegaz.
Ekainak 26.
– 12:00. Ateganekoa.
– 13:00. Ardoa Barrura fanfarria.
– 17:00. Gozo-eltzeak.
– 17:30. Errekara.
– 21:00. Elektromatxino elektrotxaranga.
– 00:00. DJ Jo Ta Txo.
Dokumentuaren akzioak