Dokumentuaren akzioak
San Fermin dantzari
Urte osoan lanean aritu ondoren, prest dira Tantirumairu Euskal Folklore taldeko kideak ikasitakoa erakusteko
Dantza giroaz asko dakite Lesakako herrian. Euskal Herri osoan zaila da arlo horri hainbesteko garrantzia ematen dion herririk aurkitzea. Aurtengo festak ez dira salbuespen izango, eta euskal dantzaz gozatzeko aukera izango du Lesakara biltzen den edonork.
Eskaintzak ez dira falta, baina aipatzekoa da Tantirumairu Euskal Folklore Taldeak gaur egingo duen erakustaldia. Urtero bezala, elkartean dauden gaztetxoek hamabi hilabetez prestatu duten erakustaldia aurkeztuko dute. Lan gogorra da, baina saria San Fermin egunaren bezperan jasotzeko parada izango dute.
Garbiñe Sarasola Tantirumairu taldeko arduradunak Egunkariari adierazi dionez, elkartean dauden umeak 5 urterekin hasten dira euskal dantzak ikasten: «Lesakan, Zubigainekoa ikastea beharrezkoa da. XV. mendean lesakarren artean lortu zen bakea oroitarazten du». Bizkaiko eta Gipuzkoako dantza anitz ere erakusten dituzte, eta egun modan dauden Edu Muruamendiarazen koreografiak.
Beraz, agintarien agurra, txulalai eta kozkor-dantza, zinta-dantza edo txotxongiloak barneratuko ditu gaur Tantirumairuren esku izango dugun errepertorioak.
Hala ere, ez dira bakarrik izango Lesakako frontoian. Dantzatzeko ezinbestekoa da musika, eta hori trikitilarien eta txistularien esku egongo da; eta, zenbaitetan, teknologiaren bitartez, Kepa Junkeraren CD berria ere erabiliko dute zenbait unetan. Garbiñe Sarasolak dioenez, «saio bizia eta erakargarria egitea da helburua, eta, noski, urtero hobeto egitea» .
1981etik dantzak erakusten
Hori argi daukate Tantirumairu taldean. Argi daukate, halaber, ez dela komeni dantzak errepikatzea. Horrexegatik ez dute egingo Zubigainekoa dantza, nahiz eta ondo baino hobeto menperatu. «Nagusien lana da hori, eta bihar, San Fermin egunean dantzatzekoa», Sarasolaren hitzetan. Beste herrietara dantzatzera doazenean egin ohi dute, baina Lesakako festetan ezpata-dantzarien esku uzten dute.
Tantirumairu Euskal Folklore taldeak hogeigarren urteurrena ospatu zuen mende berriarekin. Hasieran, eskolan zeuden umeak bertoko eta kanpoko dantzak ikastea interesgarri litzatekeela ikusi zuten, eskolaz kanpoko ekintza gisa. Bezperako egun honek bide emango dio ikuskizun aldetik festetako egun politenari.
Izan ere, Juan Fermin Mitxelena Kultur saileko arduradunak argi du San Fermin eguna dela lesakarrentzat egunik erakargarriena, eta baita kanpotik datozenentzat ere. Zubigaineko dantzaz gain, hainbat ekitaldi izango dira, eta bertso saio ikusgarria ere bai.
Eusko labela duen jaialdia izango da Lesakakoa; bertsolari eta dantzari finak, Operación Triunfo-ren atzaparretatik kanpo. Ezin gehiago eskatu.
Dokumentuaren akzioak