Dokumentuaren akzioak
Salto eta kriskitinen historia
Berezia izan da aurtengo Euskal Herriko Dantza Txapelketa Seguran. Izan ere, 25 urte bete ditu ekainaren 16 eta 17an burutu zen Txapelketak eta urteurren hori egitasmo berezien bidez ospatu nahi izan du udalak, antolatzaile nagusiak.
Ekimen nagusienetariko bat, Txapelketaren historia liburu batean biltzea izan da. Lierni eta Marixabel Elorzak hartu dute bere gain lan hori, eta 90 orrialdeko liburuan bildu dituzte honen ingurukoak.
Lanean aurrera zihoazen neurrian, gero eta argiago geratzen zen azken 25 urteetan Txapelketak izandako garapena. Hasieran, herriak beste azpiegiturarik ez zuelako, Txapelketa eliza ondoko frontoian egiten zen. Ahal ziren moduan oihalak ezarri eta eguraldi txarraren izua aldentzen zuten. Kamerino edo aldagelarik ere ez zen, eta bertako jatetxe bateko jangelan aldatzen ziren dantzariak. Egun, Baratze pilotalekuan egiten da Txapelketa, azpiegitura erosoago eta aurreratuagoekin.
Urtez urte gora egin du Segurako Txapelketaren arrakastak. 1981ean Segurako Udalak Eusko Jaurlaritzari Segurako Txapelketa Euskadiko Dantza Txapelketa izendatzea eskatu zion, azken bost urteetako arrakasta gogora ekarriz. Jaurlaritzak eskaria onartu eta Segurako Txapelketaren itzala handiagotuz joan da.
Ikusle kopuruak ere gora egin du. Ikusle hauen ezaugarriren bat aipatzeko eskatuta, Marixabel Elorzak publiko jantzia dela gogoratzen du. "Publikoa epaile bihurtzen da. Dantzari buruz asko dakite ikusleek eta pauso berri edo landu bat eginez gero, laster hasten dira txaloka. Tarteren batean hanka sartuz gero, hori ere nabaritzen dute".
Urteen joanean.
Urteak ez dira alferrik pasatzen, eta oholtza gainean izan diren dantzariak eta baita dantza egiteko moduak ere aldatuz joan dira.
Lierni eta Marixabelek, Txapelketaren historian garaile izan diren bikoteetako kideak bildu zituzten mahai baten bueltan, beraien ikuspegiak alderatzeko. Liernik dioenez, "beteranoenen iritziz, oraingoek dantza egiteko modu akademikoagoa daukate. Perfektuago dantza egiten dute gaur egungoek, baina lehenagokoek emozio gehiago jartzen omen zuten. Gazteak noski, ez datoz honekin bat".
Txapelketaren joanean argi nabaritu den beste aldaketa bat, jantziena izan da. Dantzariek soinean eramaten dituzten jantziak ekitaldiaren ardatz nagusi bilakatu dira. Elorza ahizpek idatzitako liburuan, gai honek izan du islarik eta Axen Egaña Euskal Dantzarien Biltzarreko kidearengana jo dute iritzi eske. Dirudienez, Txapelketaren hastapenetan, dantzari gehienen janzkera antzekoa izaten zen. Orain, ordea, dantzarien artean jantzi aniztasun handiagoa dago eta ikusgarritasunak ere gora egin du. Eta Txapelketan bertan ere, ondoen jantzita dagoen bikotea saritua izaten da.
gipuzkoartasuna.
Seguran egiten den Euskal Herriko Dantza Txapelketak, maila eta ospe nabarmena lortu dituen arren, kritika nagusi bat ere jaso izan du: Euskal Herri mailako txapelketa izanda, Gipuzkoaz kanpoko parte hartzaileen eskasia duela. Epaimahaiko kide guztiak gipuzkoarrak izaten dira eta parte hartzaileak ere halatsu. Aurtengoan, antolatzaileek eta Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarrak ahalegin berezia egin, eta lortu dute Hego Euskal Herriko lau lurraldeak Txapelketan ordezkatzea.
Herrien artean, badira beraien partehartzaile kopuruagatik nabarmendu izan direnak. Bergara, Hernani eta Azkoitia dira hiru herri nabarmenenak, 25 urtetan zehar Segurara dantzari asko eraman dituztenak. Honez gain, aipamen berezia merezi du Osintxuk, hain eremu txikia izanda eman dituen dantzari ugariengatik. Txapelketan parte hartu duten gipuzkoarren %7 Osintxukoak izan dira.
tamainako sariak.
Segurako Txapelketan ematen ziren sariak azpimarratzen zituen Basarrik «La Voz de España» egunkarian, 1977an: "Begira zer sari zoragarri banatuko diren. Askotan salatu izan deguna da auxe. Sari kaxkarregiak jartzen zirala dantza libreko bikoteentzat. Zorionez hasi dira gauzak aldatzen".
Lehen edizio hartan, Juanito Sarriegik eta Lurdes Lopetegik irabazi zuten. Urrezko domina, txapela eta lepoko zapia, 15.000 pezeta (600 libera) eta Nestor Basterretxearen eskultura bereganatu zituen bikoteak. Lierni Elorzak dioenez, "dantzariek Segurako Txapelketa ongi saritutako txapelketatzat daukate". Aurtengoan berriz, 110.000 pezeta, txapela eta zapia, makila, Palmarako 4 lagunentzako bidaia eta Nestor Basterretxearen eskultura jaso dute.
Lotura berezia du Nestor Basterretxeak Segurako Txapelketarekin. Hasierako urteetatik, ikusle izan da Seguran eta gainera, berak egindako eskultura bat sari moduan ematen da. Urte batean irabaziz gero, eskultura dantzariek ordezkatzen duten herriko udaletxera eramaten da eta han geratuko da hurrengo urteko txapelketa arte. Dantzariek eskultura behin betiko eskuratu nahi badute, hiru urtetan jarraian edo bost urtetan txandan irabazi behar dute Segurako Txapelketa.
Begitik sartzekoa.
Liburu honen bi egileek zerbait argi izan badute, lanaren erakargarritasuna izan da. Bazekiten hasieratik datu pilaketa handiegia eginez gero atzeraka egingo zuela irakurlearen gehiengoak, eta gaia oso gertutik bizi izan dutenek soilik irakurriko zutela.
Datu horiekin, ordea, irudi eta argazki zaharrak tartekatu dituzte, hedabide desberdinetan Txapelketari buruz ateratakoak eta jende jantziaren iritziak: "Badakigu jendeak datuei baino gehiago begiratuko diela bitxikeriei. Sariak elizan emateari, Garaikoetxea argazki batean gazte agertzeari.... Horri erreparatuko dio gehiago, eta hori ere, Txapelketaren historia da".
Dokumentuaren akzioak