Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Salome erakargarria

Dokumentuaren akzioak

Salome erakargarria

Salome

Egilea
Jesus Mari Begoña
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2002/05/22

Aida Gomezen bertsio dantzatu eta polit hau Oscar Wilde-ren Salome lanean oinarritu da baina flamenkoaren ikuspuntu unibertsaletik begiratua, hau da, non posibleak diren ekialdeko, klasiko edo musika latinoaren eraginak bere baitan.



Horrela azaldu ziguten hasieran, Obertura moduan emaniko ikasgai didaktikoan —nahiz eta istorioaren harira etorri ez—, dantza taldearen gaur egungo entsegu errealean; bertan hartu genituen flamenkoaren oinarrizko paloak: soleá, tangilloak, buleriak, dantza-pauso hutsak, txalo eta hotsak, gitarraren laguntzarik gabe. Hurrengo eszenan, iraungipenaren atzetik, ekialdeko perkusioak eta sitar indioak Herodesen gorte sentsualera eraman gintuzten atrezzorik gabe, baina argiztapena, jantziak eta Sauraren eszena-mugimenduak egokiak ziren, flamenko rumbeado-aren dantzarekin jarraitzeko.



Bachen ildokoa den nekaldi bateko kontraltoaren oihartzunak Doniene Bautistaren nortasun espirituala adierazi zuen jirovagoak diren dantza eta praka mistikoekin batera. Eta azkenean, horra hor, Salome (Aida Gomez) sedukzio sexualaren dantzarekin, jainkotasuna bereganatzeko sasoian ermitau koitaduaren kontura, eta, horren ukazioaren eraginez, Herodesen aurreko zazpi oihalen dantza erotikoa odolaren mendekua eskuratzeko. Hori guztiori, flamenko eta jazz sinfonikoaren arteko dantza indartsu eta menperatzailean.



Aidak edertasuna eman zion Jose Antoniok eginiko koreografiari eta dantza taldeak bateratasun, indarra eta entrega eman zuten uneoro. Nabarmendu behar ditugu Paco Mora dantza-irakaslea, Herodesen rolean, eta Carmen Villena eta Antonio Correderas, Herodias eta Bautistaren jarrera dantzatuan.

Dokumentuaren akzioak