Dokumentuaren akzioak
Salgai daude 'Ederlezi' pastoralerako sarrerak
Ez da ohikoa pastoral bat Zuberoatik kanpo antolatzea, baina Haizea dator Iparraldetik! zikloari esker, Ederlezi izeneko pastorala Herriko Antzokian ikusteko aukera izango dugu elgoibartarrok azaroaren 14an. Sarrerak aurretik erosteko, Elgoibarko Izarrara deitu behar da. Mixel Etxekopar-en zuzendaritzapean sortu zuten Ederlezi pastorala, eta berak eman dizkigu pastoral honen xehetasunen berri (ikusi bideoan).
Dagoeneko salgai daude azaroaren 14an Elgoibarren izango den Ederlezi pastoralerako sarrerak. Pastorala Haizea dator Iparraldetik! ekimenaren baitan antolatu da, eta, antolatzaileek uste dute, Elgoibarren pastoral bat ikusteko estreinako aukera izango dela.
Pastorala Herriko Antzokian izango da, 17:30ean hasita, eta sarrerak 5 euroko prezioa izango du. Sarrerak aurretik erosteko, Elgoibarko Izarrara deitu behar da (943 74 16 26), edo, bestela, euskaltzaleen elkarteak Ubitarte kalean duen bulegotik pasa daiteke.
•Ijitoen epopeya Euskal Herrian
Pastoralak XVII. eta XXI. mendeen artean Euskal Herrian bizi diren ama baten eta bere zazpi alaba ijitoen istorioa kontatzen du. Familia bati jarraituko diogu, mendez mende eta herriz herri, Bizkaitik Zuberoara, Lapurdiko sorginen ehizan edo Bigarren Mundu Gerran sortzen duten miresmenaren edo gorrotoaren testigu. "Badira bi alderdi: alderdi bat da ijitoena edo bere munduena eta bestea euskaldunona, gure alderdi on eta txar guztiekin, beti gatazka izan baita. Orduan, haien istorioa eta nonbait trajedia izanen da kontatua", dio Mixel Etxekoparrek. Xiberotar pastoral hau 2013ko Xiru festibalean sortu zuten, Mixel Etxekopar-en zuzendaritzapean. Ikuskizunaren ideia Nicole Lougarot idazleak 2009an agertarazi zuen Bohémiens liburutik dator.
•Zuberoako herri-antzerkia
Zuberoako herri-antzerkia da pastorala, hasieratik amaierara arte bertsoz kantatua eta dantzatua, Zuberoako euskaran. Antzerki emanaldia, berez, pertsonaia nagusi baten bizitzan oinarritzen da, eta gaiztoen eta onen arteko borroka baten arabera egituratuta dago. Ederlezi pastorala, ohiko pastoralak baino txikiagoa da. Etxekoparek berak honela azaldu du: "Guretzako instituzio bat da pastorala, baina gurea formatuz pastoral ofiziala baino pastoral txikiagoa da. Aktore gutxi daude, 14-15, eta udako pastoraletan baino musikari gutxiago ere bai".
Pastoralaren antolatzaileak Haritz Dantzari-taldea, Elgoibarko Izarra Euskaltzaleon Topegunea eta Elgoibarko Udala dira, eta Etxe-Tar enpresak eta Txarriduna hotelak diruz lagundu dute.
•Kontzertua Gaztetxean, ekimenari amaiera emateko
Azaroaren 14an, eta Haizea dator Iparraldetik! ekimenari amaiera emateko, musika kontzertu bat ere izango da Elgoibarko Gaztetxean. Nahia x Matthys eta Xiberoots musika-taldeek kontzertua eskainiko dute, 23:00etatik aurrera. Kontzertuaren antolakuntza-lanetan Elgoibarko Gazte Asanbladak ere parte hartu du. Haizea dator Iparraldetik! ekimeneko sustatzaileek jakinarazi dutenez, ekimena oso arrakastatsua izan da orain arte, eta amaiera on bat eman nahi diote. “Antolatzaileak elgoibartar guztiok animatu nahi zaituztegu azken bi ekintza hauetan parte hartzera”.
Dokumentuaren akzioak