Dokumentuaren akzioak
Salbuespen egoera
John Kovach, State of emergency
SALBUESPEN egoera izan daiteke John Kovach, state of emergency izenburuaren itzulpena, eta horixe da General elèctrica dantza konpainia katalanak Egiako (Donostia) Gazteszenara ekarritakoa.
Emanaldiaren hasieran aulki batzuk ikusten ditugu eszenatokitik sakabanatuta. Neska bat eserita dago, eta handik gutxira beste neska bi eta mutil bat etorriko dira beren eserlekuak betetzera. Horretaz aparte ez da ezer gertatzen. Badirudi norbaiten zain daudela, eta mutilak, azkenik, John delako norbaiti deitzen dio zurrumurru zuhur batean.
John misteriotsua agertzen den bitartean aulkiaren inguruko dantza pauso ikusgarriei ekiten die neska batek, eta jarraian tristeziaren gaineko pentsamenduak entzuten ditugu Heitor Villalobosen 5. Bachiana brasileira-ren doinupean, hasiera batean keinuez hornitua eta geroago hitzik gabeko kontakizun bihurtua, laurek egindako keinu sinkronikoei esker.
Baina dantza une horiek denborapasa besterik ez dira izan, eta benetako egoera John famatua agertzen denean iristen da, berak jakinarazten baitigu ez duela istoriorik konta-tzeko.
Hortik aurrera larritasuna sortzen da. Xederik gabe geratu gara hainbeste itxaron ostean, denon arteko hutsune nabaria zabaldu da eta bostek ekiten diote sortutako ezereza arakatzeari, esploratzeari, bakoitzak bere mundu pertsonaletik, nork beraren dantza lengoaia zein hitz jarioa erabiliz, eta ildo horretatik harrituta geratzen gara dantzari bat (Idurre Azkue) euskara txukun-txukunean bilaketa pertsonalaz aritzen zaigunean.
Inolako artifiziorik gabe
Salbuespen egoera horretan keinuen poetika nagusitzen da, eta berarekin batera erabateko zintzotasunari dagozkion begirada trinkoak eta mugimendu garbi eta dotoreak, ikusleen aurrean inolako artifiziorik gabe aritzean sortzen diren haietarikoak. Bestetik, konpainiaren estiloaren osagaiak dira ikusleen konplizitatea bilatzea eta baita ere hitzen eta mugimenduen arteko elkarketak lantzea, beren aurreko lanean komentatu nuen moduan, iazko Maiatza Dantzanekin Gazteszenan bertan egon zirenean.
Ohar bat amaitzeko. Paris inguruko Seine-Saint De-nisko Topaketa Koreografikoetan mundu zabaleko hamabost koreografori ematen zaio sari berdinkide bana. Hain zuzen ere Tomas Aragay konpainia honetako zuzendari eta koreografoak lortu berri du sari horietako bat gure artean izandako muntaiarekin. Lana ikusi ez duzuenok ez negarrik egin, beste aukera bat izango duzue-eta asteburu honetan bertan Bilboko La Fundicion aretoan.
Dokumentuaren akzioak