Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sagarraren tradizioari hozka egingo diote Hikak eta Oinkarik

Dokumentuaren akzioak

Sagarraren tradizioari hozka egingo diote Hikak eta Oinkarik

Bekatuaren sagarra, tradizioaren sagarra, Apple-ren sagarra. Historian zehar sagarrak izan dituen erabilera, adiera eta sinbolismoak batuta sortu dute Hika konpainiak eta Oinkari dantza taldeak «Sagartu» kale ikuskizuna. Larunbatean estreinatuko dute, Zarautzen.
Egilea
Amalur Artola
Komunikabidea
Naiz
Tokia
Villabona
Mota
Albistea
Data
2017/07/04
Lotura
Naiz

Sagarzalea da Agurtzane Intxaurraga. «Sagarzale amorratua. Eta iruditzen zait gainera sagarrak badaukala halako zerbait, dinamika bat, erritmo bat, borobiltasun bat, kolore ezberdinak... oso teatrala da sagarra». Eta, aldi berean, kontzeptu askori lotutako fruta da. «Bekatuari adibidez; emakumea bekatari gisa agerrarazi izanaren ideiak asko erakartzen nau. Tradizioari lotua ere badago sagarra; ez dugu ahaztu behar baserriek iraun dutela orain arte dolarearen inguruan eraiki direlako, hor bada sagarraren industria bat, tradizio handikoa eta Euskal Herrian, batez ere Gipuzkoan, zentzu handia duena». Ideia horiek buruan bueltaka zebilzkion Hika-ko zuzendariari, bi urte atzera, Sagardo Apurua, Donostiako sagardo festako ekitaldi baterako enkarguz «ikuskizun txiki bat» sortu zutenetik.

Oinkari dantza taldeak eman zion ideia horiek txukundu eta ikuskizun formatuan jartzeko behar zuen bultzada, kurtso hasierarako Hikaren eta Oinkariren arteko elkarlan berri bat abiatzeko proposatu zionean. Aurretik ere lan eginak dira elkarrekin: 2012an 36ko Gerrari aurre egin behar izan zioten emakumeak ekarri zizkiguten gogora “Amantalen ahotsa”-rekin eta, urtebete beranduago, kostaldeko arrantzaleen emazteetan jarri zuten begia “Itsasoaren emazteak” ikuskizunean. Lau urte beranduago, berriro ere euskal gaiei eta tradizioari helduta osatu dute “Sagartuz”, sagarraren sinbolismoaren inguruko ikuskizuna.

Obra larunbatean estreinatuko dute Zarauzko Kaleko Antzerki Jardunaldien barnean eta, aipatu kontzeptu eta sinbolismoei helduko badiete ere, ikuskizunaren asmoa “sagarraren historia” errepasatzetik harago doala azaldu du Intxaurragak: «Gure istorio propioa kontatzen goazen neurrian sartuko ditugu sagarrak bere historian zehar izan dituen esanahi batzuk». Miren Gojenola izango da antzezpenaren zama eramango duena, eta harekin batera ariko dira Oinkariko hamazazpi dantzari. Taldea osatzeko, zuzeneko musika ere jarriko dute Iñaki Dieguez (eskusoinua) eta Iker Telleriak (perkusioa).

Klasikotik funkyra

Dieguezek sortutako piezak zuzenean interpretatuko dituzte bi musikariek eta, Intxaurragak aurreratu duenez, euskal kantutegi tradizionaleko piezetatik –“Sagarra jo” kasu– hasita klasikora, jazzera eta funkyra hurbiltzen diren piezak ere entzun ahalko dira. Jantziei dagokienez Xabi Mujikak egindako lana goraipatu eta koreografian ere Eneko Gilek lan bikaina egin duela iritzi dio Intxaurragak: «Lan handia egin dute, ikuskizun bizia izango da». «Guk azkenean hor sagarra bizi egingo dugu, egongo dira momentu poetiko eta kontzeptualak, baina horiek kaleko hizkuntzara pasatzen ahalegindu gara. Sagastietatik hasi, sagarrera pasatu eta sagardoa sortuko da, bizi ziklo hori plazara eramango dugu umoretik, bizitasunetik eta freskotasunetik», amaitu du.

Plazarako sortua... aretorako moldatua

Eroso sentitzen da Agurtzane Intxaurraga antzokietan, baina azkenaldian izan du harremanik kale-antzerkiarekin ere. Malas Compañias zirku taldearekin “Letter” zuzendu du, esaterako. «Eta hasiera batean buruan izan nuen ‘Sagartu’ barrurako egitea, baina gero pentsatu nuen Oinkari plaza taldea dela, hor oso eroso sentitzen dira, eta Hika&bs;-rekin ere kalean hasi ginela. Orduan, zergatik ez egin kaleko ikuskizun bat, adibidez, festetan erakusteko?», azaldu du.

Zuzen-zuzenean plazan eta plazarako egindako ikuskizuna dela defendatu du, jendearekiko harreman gertuan ematekoa, baina ez du uda amaitu ostean estreinatzear den ikuskizunaren antzokirako bertsioa egitea baztertu. Are, buruan ideia hori badarabilkiola onartu du: «Asmoa litzateke datorren urteko udazkenerako barrura pasatzea. Baina ikusi behar da lehendabizi nola funtzionatzen duen ikuskizunak kalean. Hori kasik bigarren partea litzateke». A.A.

0708_kul_sagartu

Dokumentuaren akzioak