Dokumentuaren akzioak
Sagar Handitik sagar txikira
Txalaparta hotsak eta sagar dantzak iragarri zuten hastear zegoena: asteazkena izanagatik, zerbaiten hasiera izan zen atzo Astigarragan (Gipuzkoa). Datozen hilabeteetan kupelak hustuko dira, kaleak betetzeko. Txotx irekierarekin, dagoeneko hasi da sagardo garaia. Iazko uzta «historikoaren» ondoren, berebiziko interesa zegoen aurtengoaren berri izateko. Egun bereziaren protokolo zurrunaren gainetik, sagardo berriaren bueltan beste denboraldi bat ospatzeko irrika sumatzen zen Astigarragako Sagardoetxearen inguruan.
Astigarraga bertakoa den arren, Bruselatik etorri da aurtengo txotx irekiera egiteko ardura izan duen pertsona: Olatz Arrieta kazetaria. «Urduri» aritu zen inaugurazio lanetan; «hemen dugun egunik handienetako bat» da Sagardo Berriaren Eguna, harentzat. Gartziategi sagardotegian eman zion lehendabiziko tragoa aurtengo sagardoari, eguerdian abiatutako zeremonia zainduaren ondoren.
Sagardoetxea jendez beteta zela, Dantza filmaren teaser baten proiekziokoak izan ziren aretoa betetzen zuten kamerek hartu zituzten lehen irudiak. Han zen filmeko lantaldea ere, Telmo Esnal zuzendaria, Koldobika Jauregi produkzio diseinatzailea eta Juan Antonio Urbeltz koreografo burua. Erakundeetako ordezkariek eskertu zieten «sagardoaren kultura» eta haren «estetika» irudikatzen egindako ahalegina.
Arrietak ere eskertu zituen han elkartutakoen zorion mezuak, eta, plater itxurako oroigarria jaso bezain laster, eguneko bigarren zeregin garrantzitsua izan zuen kazetariak: sagarrondo bat landatu zuen Sagardoetxeko sagastian. Aitzurra askatzearekin batera heldu zioten mikrofonoari Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariek. Kazetariaren lanari tiraka jardun ziren: «Nueva Yorkeri Sagar Handiaesaten diote baina/ historiarik ba al du gure sagar txiki baten adina», Maiak. «Halako uzta eman dezala zuk landatzen duzun hitzak», Arzallusek.
Sumatzen zen halako presa bat Gartziategira iristeko, eta azkar batean egin zuten erdigunetik Donostiako sagardotegirako bidea. Edalontzia eskuan hartuta, festa giroa nabarmena zen ekitaldiaren bigarren zati horretan. Jo zuten txalaparta, egin zuten sagar dantza, eta sokadantzan iritsi zen Arrieta kupel artera. Bi mutil gaztek egin zuten dantza, Arzallusek eta Maiak beste bertso bana kantatu zuten, eta iritsi zen kamera guztiek harrapatu nahi zuten unea: txotxa ireki, zurrustak lurra jo, edalontzian pixka bat hartu eta Arrietak «gure sagardo berria!» aldarri egin zuenekoa.
Gutxiago, baina ona
Sagarraren ekoizpena iazkoa baino txikiagoa izan den arren, haren kalitatea nabarmendu zuten sagardogileek. Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak azaldu zuen ekoizpenak izan ohi duen «aldikotasuna»: urte batean asko jasotzen da, eta hurrengoan, gutxiago. Esaterako, 2016a uzta txikiko urtea izan zen «aldikotasun» horretan, baina 2018an 200.000 kilo gehiago jaso dira ordukoarekin alderatuta.
Hala, 11,78 milioi litro sagardo ekoitzi dira 2018an Euskal Herrian. Horietatik 1,5 milioi litro bertako sagarrarekin, Euskal Sagardoa jatorri izenarekin.
Helburua argia da: «Ekoitzitako sagardoaren %100 Euskal Sagardoa izatea». Unai Agirre Euskal Sagardoa jatorri izenaren koordinatzaileak azaldu zuen ari direla zenbaki horretara gerturatzeko lanean: erakundeekin elkarlanean hektarea gehiago lortu dituzte, eta profesionalagoak, uzta onen eta ez horren onen arteko aldea txikitzeko. Euskal Sagardoa jatorri izeneko sagardoa ekoizteko, 234 sagardogilek baino gehiagok 486 hektarea dituzte. Horiek 1,3 milioi kilo sagar erabili dute aurten, iazko 6 milioiak baino nabarmen gutxiago.
Zentzumen guztiak behar izaten dira sagardoaren ezaugarriak hautemateko. Sarri esan ohi den bezala, «lasto kolorekoa» da aurtengoa ere, baina «kolore gehixeagokoa», Agirreren hitzetan. Gorputz gehiago ere izango du, eta, horrekin batera, alkohol graduazioak ere egingo du gora. Txinparta bizia aterako du, eta «sakontasun aromatiko handia» igarriko da usaintzean. Izango da pixka batean egarria asetzeko adina, baina eskertuko dute aurtengo uzta aurreratzen bada. Oraingoz, beteta daude kupelak, eta sagarrondo bat gehiago, etorriko diren uztetarako.
Dokumentuaren akzioak