Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sabin Bikandi: 'jantzarik ez balego ez dakit euskaldunik, Euskal Herririk egongo litzatekeen be'

Dokumentuaren akzioak

Sabin Bikandi: 'jantzarik ez balego ez dakit euskaldunik, Euskal Herririk egongo litzatekeen be'

Egilea
Koldo Isusi Zuazo
Komunikabidea
Bizkaie!
Mota
Elkarrizketa
Data
2009/07/15

Musikea eta jantzea buztarturik, Aikok 'Herri musika ta dantza' diskoa argitaratu eban 2007an eta urtebete geroago, Asier Garciagaz batera 'Kobreik!' izeneko CD grabau eban Sabin Bikandik 2008an. Asierrek tanborra joten dau bertan eta Sabinek metalezko dultzainea edo gaitea, Bizkaiko dultzainea be esaten jakona. CDa, 16 jota, 6 arin-arin eta biribilketa batek osotzen dabe. Tanborra eta dultzainea huts-hutsik entzun geinke bertan, gure erromerietan ohikoa zan modura. Aurten, barriz, 2009an, 'Aurrez aurre' diskoa argitaratu dau Aikok, Maritzuli Konpainiaren 'Aurrez aurre' jantza ikuskizunerako sortua Claude Iruretagoyenaren zuzendaritzapean.

Beste alde batetik, Aiko taldearen ekinbidez, oraintsu amaitu da Dantzaldi Ibiltaria ekimena, Bizkaian zehar jantza tailer, ikastaro eta erromerien zikloa. Ekimenaren balorazinoa eta jantzeagaz eta musika tradizionalagaz lotutako kontuak eskatu deutsaguz Sabin Bikandiri.

 


1.- Jantza tradizionalak sozializetako asmoz abiarazo zenduen Dantzaldi Ibiltaria. Zein da balantzea? Zenbat jentek parte hartu dau tailer, ikastaro eta erromerietan?

Sano pozik gagoz. Ezustekoa be hartu dogu ze pentsetan izan doguna baino erantzun hobea izan dau. Ikastaro eta tailerretan 1.000 lagunetik gora ibili gara. Batez beste 40-50 bat lagun batu doguz tailer bakotxean; herriren batean ehun lagun be hurreratu dira eta, beraz, gustora ibili gara. Durangoko Plateruenan egin genduan ikastaroa be oso polita izan zan. Izena emonda 120 lagun egon dira.

Kontuak kontu, astiro-astiro baina emoten dau Bizkaia mailan, jantza zaleen arteko zeozelako sarea sortzen doala, taldea sortzen dagoala. Dantzaldi Ibiltariaren amaieran ekitaldian, sekulako giroa sortu zan, 250 bat lagun edo alkartuko ginan eta pozik gagoz..


2.- Aiko jantza estilo tradizionala eta naturala zabaltzeaz ez eze, dantzarako espazio barriak berreskuratzeaz eta sortzeaz be arduratzen da. Esangura horretan, urte amaierara bitartean erromeriak antolatzen jarraituko dozue, ezta?

Bai. Batetik, udako jaietan, herririk herri gure taldearen erromeriak izango dira eta, bestetik, Dantzaldi Ibiltariaren barruan, irailetik aurrera barriro hileroko jantzaldia edo erromeria antolatzen jarraituko dogu Plateruenan.

Dana dala, kontu honegaz lotuta, Dantzaldi Ibiltariaren planteamentua aldatzeko beharra ikusi dogu, hau da, transmisinoagaz eta irakaskuntzeagaz gehiago lotzeko, urte naturalagaz joatea, ikasturteagaz batera joatea pentsau dogu. Esangura horretan, 2009-10 ikasturterako Dantzaldi Ibiltariaren egitaraua aurkeztuko dogu irailean eta horregaz batera, urritik bagilera jantza ikastaro trinkoen aukerea be planteauko dogu. Honezkero, hartu-emon batzuk izan doguz herri batzukaz eta oraingoz nahikoa erantzun positiboa jaso dogu


3.- Jantzarako espazio barriak zabaldu behar dirala eta jantzan egiteko antxinako estiloa berreskuratu behar dala dinozuenean, zer esan gura dozue?

Aikoren helburuen artean, jantzarako espazio barriak berreskuratzeaz eta arduratuta gagoz, bai. Erronkea da antxinako denporetako plaza giroa berreskuratzea. Gauza bat da jantza tradizionala suspertzea, zabaltzea eta hori leku zarratuetan eta egin daiteke lehen pausoetan baina plazarako saltoa beste maila bat da. Plazea lehen espazio publikoa zan, alkartzeko eta hartu-emonetarako lekua eta egun aldatzen joan da jokera hori; plazetan egoteko eta jantzan egiteko ohiturea galdu egin da.

Jantzarako espazio barriak zabaltzeko prozesuan, guretzako oso inportantea izan da Plateruena moduko leku batek ateak zabaltzea, hortik gero plazarako saltoa emoteko. Kontua da jantzan egiteko aukerak ugaritu eta zabaltzea.

Ballet edo jantza akademiko eta profesionalizatu eta perfektu horretatik harago, Aikoren marka edo estiloa da jantza tradizional eta naturalaren alde egitea, lehenagoko jantza moduetara joatea; holan jantzan eginaz, asko disfrutetan dogulako eta, ganera, jantzea errazteko, zabaltzeko edo guztientzako egoki egiteko modua dagoalako, jantzea demokratizetako bidea eskaintzen dauelako. Jantzea jente artera ekartea da gure burukomina, danontzako eskuragarri jarri, edozeinek jantzan egin leikela pentsetan dogulako.

Ganera, gure eretxiz, antxinako moldeak gaur barriak be izan daitekez, hau da, oinarri-oinarrizko kontuetan be gauza apurtzaileak egin daitekez, berbarako, jatorriz jota jantzea bikote jantzea dala esaten dogunean, egun biribilkian egiten dan arren. Hori gure zaharrentzako pasodoble bat biribilkian egitea modukoa zan.


4.- Jantzearen alde ludikoa aldarrikatzen dozue baina oinarrizko ezagutzarik barik jai daukagu? Ala ez? Aikok zer proposatzen dau?

Bai. Jakina, jantzan egiteko ohiturea hain galduta dagoanez, oinarrizko lana be egiteko dago. Jantzaz gozetako bidea zabaltzen eta errazten ahalegintzen gara baina Aikok ez dauka botika magikorik jantzan hasteko. Bidezidorrik ez dago. Bidea egitea, lanketea nahitaezkoa da. Esangura horretan, Aiko bidea zabaltzen, antolatzen, eskuragarri egiten ahalegintzen gara eta, batez be, bidean be disfrutetako modua eskaintzen. Helburua ez da maisutza ahalbidetzea, bikaintasun artistikoa lortzea, gehiago da, bidean be, ikasketa prozesuaz gozetea, ondo pasetea. Gure eskola eta tailerrak jantzaldi bihurtzen dira, alkarregaz egoteko gune. Ikastaroetan teknikoki zehatzak izaten saiatu arren, jantzari hasibarriak euki leiken perfekzinoaren kargea arintzen eta ariketearen beraren plazerra suspertzen ahalegintzen gara. Hori da gakoa eta uste dot lortzen gagozala.


5.- Jantzarako doe edo senik barik kostako da jantzari on izatea ala ekinaren ekinez lortzen dan jarduerea da?

Betiko kontua da hori; jakituriaren edozein arlotan egin zeinken galderea da. Zer dan berezkoa eta zer ez? Nondik hasi? Zer ikasi eta zelan? Galdera asko dira. Nik uste dot bakotxak euki leikela berezkoa baina jakitun izanda, berezkoa zer dan mugatzea edo zehaztea sano gatxa dala. Zer dan kulturala eta zer dan ikasia, mugak zehaztea gatxa eta ia-ia ezinezkoa da. Guk argi daukagu bakotxak bere neurrian eta bere moduan jantzan egin leikela. Jantzearen funtzino ludikoa birplanteau gura dogu, hartu-emonetarako, bikoteagazko zein lagun girorako tresna legez. Gure gurasoen gaztaroan, edade bateko bikoteen artean, jantzea izaten zan hartu-emonetarako giltza. Lehenengo berbea, jantzarako eskaintza, maitasuna... Jantzarik ez balego ez dakit euskaldunik, Euskal Herririk egongo litzatekeen be. Kontua da ze, jantzeak hartu-emonetarako eukan funtzino hori ez bada be, modu zabalagoan, hartu-emonetarako, ondo pasetako, sozializetako tresnatzat hartzea da gakoa. Gure gizartean badago jantzarako lekua.


6.- Jantza tradizionalak ikertzen aspaldi zabilze. Sorpresarik hartu dozue? Orain zertan zabilze?

Momentu batean atzera begiratzen genduan, tradizinoak zeozelako nostalgiaz hartzen genduzan, joandako denporak egungoak baino hobeak edo ziralakoan. Momentu gogorrak bizi eta etorkizuna baltz ikustend aben herrialdeetan normala izaten da atzera begiratzea besterik ez bada arnasa hartzeko. Lanerako atxakitzat, tradizioaren estetika, itxurea edo formea hartzen genduzan lehen eta egun, barriz, ikusitakoak ikusita, harago joan behar dala pentsetan dogu. Sistemak ulertzea da kontua, antxinako jantzan egiteko sistemea ulertzea. Bolada bateko ardurak, hau da, ez dakit noren joteko modua, jantzarako estiloa, jantzako pausu edo mobimentu jakinak eta enparauak... Argazki finkoak baino gehiago, antxinako jantzan egiteko edo musikea egiteko modua, ingurua eta sistemea interesetan jakuz, jantza lengoaiaren mugak eta aukerak ezagutu eta zabaltzea. Tradizinoaren barruan, bai musikan eta bai jantzan, hizkuntzea, sistemea transmitiduteko eta sortzeko kapaz izatea da gure ardurea.

Gaur egun, jantza jauzien inguruko lan bategaz gabilz, Sagasetaren partituren beste edizino bat preparetan, egokitu eta grabazinoa egiteko amesagaz, jotea jantzan egiteko modu zaharraren harian, DVD pedagogiko bat lantzen gabilz, errepertorio barri bategaz beste CD bat be grabetakotan gagoz, jantzarako kantuen bildumea... Proiektuak ugari eta astia urri...


7.- Euskal jantza tradizionalen zein jantza talde eta jantza eskolen azken urteotako eboluzinoaz, zer nabarmenduko zeunke? Euskal folklorea bizirik al dago?

Eboluzinoaz gauza asko esan doguz orain arte, antxina jantzeak eukan hartu-emonetarako funtzinoa, politikearen zein erlijinoaren eraginez galdutako jantzak, jantza taldeen sorrerea eta euskal kultureari eta tradizinoari eusteko egindako lana, jantza ikuskizunak, jantzak transmitiduteko bideetan izandako gorabeherak, akademizazinoa, profesionalizazinoa zein jantzearen sozializazinorako ahalegina... lako arloak nabarmendu daitekez.

Kontuak kontu, gaur egun, transizino egoeran gagozala esango neuke, jantza taldeetan be gauza asko mobiduten dabilz, gurea moduko taldeak be sortzen ari dira eta irakaskuntzan be badago formazinorako, ikasteko eta irakasten ikasteko gogoa... Baina badagoz bete beharreko zuloak, bai jantza arloan zein musika tradizionalaren arloan, berbarako, irakaskuntzan. Jantza maisuen formazinorik ez dago, jantza eskolarik ez dago, baliabide gitxi daukaguz, aurrekontu urria... Bizkaian musika tradizionalerako bageunko Bilboko Orkestra Sinfonikoko metal taldearen aurrekontua egoerea bestelakoa izango litzateke.

Bestetik, folklorea zer dan zehazteko tesi doktorala beharko geunke. Gurean badago herri kulturea, jantzan, musikan zein hizkuntzan bertakotasuna aldarrikatzen dauen jokera bat eta gaiaren harian, lagun bategaz izandako berbaldiaren harian, harek esaten eustan lehen jantzan egiteko zein euskeraz berba egiteko modu desbardinak egozala eta hori holan zan desbardinak ginalako. Gaur, barriz, batzuetan desbardin jantzan egin eta berba egiten dogu apropos desbardinak izateko eta horrek panoramena apur bat konplikatu egiten dau.

 

 

 

Dokumentuaren akzioak