Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Sabin Bikandi: "Bakotxak dakienagaz egin behart dau jantzan, estutu barik"

Dokumentuaren akzioak

Sabin Bikandi: "Bakotxak dakienagaz egin behart dau jantzan, estutu barik"

Jotea da Aiko taldearen proiektu barriaren ardatza. Bideografik Ekoizpenak etxeagaz alkarlanean sortu dabe Jotamentala izeneko dokumentala, jantza klase horren historia eta ezaugarriak azaltzeko. Zezeilaren 12an estreinauko dabe. Estiloaren estandarizazin

Egilea
Dabi Piedra
Komunikabidea
Bizkaie
Mota
Elkarrizketa
Data
2016/02/08
Lotura
Bizkaie

1.- Zein helburugaz egin dozue Jotamentala?

Hasikerako asmoa dator, jotearen inguruan webgune bat sortu nahi dogulako, aspalditik gure ikasleek eskatu deuskuelako pausuak eta ariketak batzeko gune bat. Zeozer egiteko asmoz hasi eta konturatu ginan dokumentala egiteko materiala egoala. Jotearen inguruko hainbat kontu konpartidu gura izan doguz, eretxi desbardinak batu. Sarritan begien aurrean eukiten dogu jotea baina ezezaguna da. Hartu-emonetarako euki dauen garrantzia, jatorria, garapena eta abar aztertu doguz eta irudietara ekarten ahalegindu gara. Errekreazinoak egin doguz, sasoi bateko jantzak erakusteko. Alde estetikotik polita da, jotearen inguruan sortutako irudi asko dagoz.


2.- Dokumentazino lan handia egin dozue, nondik nora ibili zarie informazino bila?

Badago dokumentazino lana eta artxiboko irudi eder batzuk lortu doguz, baina horretaz aparte, ahalegindu gara jotea irudietara eroaten. Jotea ez dakigu nondik datorren, baina badakigu Erdi Aroan aurrekari batzuk egon zirana eta horreetako bat gallardea da. Maritzuli konpainiakoek era horretako jantza bat grabau dabe. Informazinoa jazteko, inguruan daukaguzan ikerlariakana jo dogu, collage aberats bat sortzeko, jotearen irudi ahalik eta zabalena lortzeko. Eretxiak batzuetan alkarren osogarriak dira, beste batzuetan ez datoz bat.


3.- Zeintzuk izan dira kolaboratzaileak?

Juan Antonio Urbeltz, Jose Inazio Ansorena, Oier Araolaza, Iñaki Irigoyen, Jon Pertika, Cesc Jalabert, Jon Maya eta gure taldeko, Aikoko kideak be bai. Kanpotik, Galiziatik etorri jaku Sergio Cobos, Agustin Garcia Gaztelatik. Ahalegindu gara objektiboa ahalik eta gehien zabaltzen. Pasetan dana da, informazinoa ez dala unilineala, oso konplejua da. Edukin bloke batzuk sortu doguz, ikusleak haria jarraitu ahal izan daian, pieza guztiak batu daiazan.


4.- Orson Wellesen film baten zati bat, Miley Cyrusen abesti bat, itxuraz joteagaz lotura handirik ez daukien dokumentuak be sartu dozuez filman...

Orson Wellesek fandangoaren aitamen polita egiten dau, euskaldunentzat inportantea dala esan eban. Polita begitandu jakun hori sartzea, film zaharra dalako, indar estetikoa daukalako eta Orson Welles dalako. Miley Cyrusena kausalidadez heldu da dokumentalera, egia esan. Ereintza taldeagaz egindako ikastaro bat preparetan genbilzala, alabeari hartu neutsan Miley Cyrusen doinu hori, nik eskoletarako edozein klasetako kantak erabilten dodazalako. Arin-arin eta porrusalda ariketak inprobisetako erabili neban eta, zeharka bada be, holan heldu da dokumentalera. Musikea musikea da eta erritmoa erritmoa, guk musikea ulertzeko eta biziteko edozein doinu erabilten dogu.


5.- Zuek dinozue jotea erabateko jantzea dala, zergaitik?

Bikote jantzea da, baina bakotxak bere esparru edo espaziotxua gordeten dau. Orduan, bakarrik eta lagunagaz zagoz aldi berean, joan bazoaz, gero bazatoz, bestearen espazioan sartu, interakzino aberatsa dauka joteak. Era askotara egin leiteke jantzan jota bategaz, lotuta egiteko modua be badago, erritmo aberatsa dauka ganera. Modu askotan interpretau eta landu leitekean jantzea da, ia edozer sartu zeinke jotearen barruan, harrigarria da. Ganera, pausuak sortzeko tradizinoa bizirik jaso ahal izan dogu, adibidez [Silvestre Elezkano] Txilibrin artista hutsa zan, jantzan egiten eban modu izugarri baten. Harek sortu egiten zituan pausu barriak. Tradizinoa beti euki dogu gauza finko baten moduan, iraunkorra, aldaezina eta ez dakit nik zer. Joteak erakusten dau jantzea bizirik dagoala eta gu geu be bizirik gagozala, aldatzen garelako, egokitzen garelako. Espiritu hori ez da galdu behar, ez euskeran, ez euskal kulturan ezta jotan be. Hori guztia azaltzeko, erabateko jantzea esatea otu jatan eta badirudi jenteari gustau egin jakola.


6.- Zelako ibilbidea egin dau joteak Euskal Herrian?

Ez dakigu zelan heldu zan jotea hona, baina orain dala 200 urteko aitamenak badagoz. Espainiako jantza batzukaz zerikusia dauka bertoko jotearen erritmoak. Sasoi baten, goiko klaseek ekarten zituen estilo barriak, kanpoan, Parisen adibidez, ikusten eben Europan momentu haretan modan zer egoan eta bertora ekarten eben. Gero, herritarrek hori ikusi eta hemen zabaltzen ziran jantza barriak. Hori beti pasau da eta joteagaz be bardin izango zan. Hasikeran, kanpotik ekarritako jantza bat zan, bikoteka jantzan egitekoa, erotikoa. Gauza espainoltzat joten zan. Gero, euskal nazionalismoak bereganatu egin eban eta ezaugarriak aldatu eutsazan. Ligatzeko jantza izatetik, jantza garbi izatera pasau zan. Guk eraldaketa hori erakutsi nahi izan dogu dokumentalean.


7.- Zeintzuk dira jotearen ezaugarri nagusiak?

Batez be bere musikea, erritmoak. Inportanteena bikote jantzea dala eta erritmo jakin bat daukala, lehenengo jotearen erritmoa eta gero porrusaldearena izaten da, normalean alkarregaz doaz. Lehen, sarritan biribilketea be sartzen zan ostean, bidekoa be esaten jako horri, izen polita da bidekoa, orain ia galduta dago. Jantzearen zein musikearen aldetik aukera asko emoten dituan jantzea da, olgetarako eta inprobisazinorako tartea dago. Guk, Euskal Herrian, jantzan egiteko daukagun modua adierazoteko aproposa da.


8.- Inprobisetako askatasun hori galduz doala dinozue zuek...

Eboluzino bat egon da estiloan: Lur ganean, hankak zapal-zapal egiten dan jantzea zan lehen, halako baten akademikoago bihurtu zan eta gauza aereoak egitea eta puntatan ibiltea da oraingo jokerea. Txapelketak be badagoz orain, horrek estiloa gehiago findu dau eta beste jantzakera klase bat sortu da. Gure aita-amak jantzan ikusi genduzan guk eta, gaur egun, txapelketak ikusten doguz eta erabat diferentea da. Euskera batuagaz pasau zan antzeko fenomenoa da. Batua beharrezkoa da euskereak aurrera egiteko, baina asko lotsatu egiten dira euren etxeko berbakerea erabilita. Jantzan be horreek konplejuak agertu ziran, jotea akademiko bihurtu zanean. Jantza taldeak herrietara heltzen ziranean, euren estilo finduagaz, herrietako jenteak berea baztertzen eban eta tabernara joaten zan, itzelezko jantzariek jantzan egiteari itxi eutsien, plazan behintzat.

Orain lehengora bueltetan gabilz apur bat. Euskereagaz moduan, batua agertu zanetik urte batzuk pasau dira eta orain errazago egiten dogu lantzean batuan, lantzean etxeko euskeran. Jantzan be bide hori egin nahi dogu. Lurrera bueltau, atzera egin, jantzea zabaldu eta demokratizetako.


9.- Hain zuzen be, jotea herriko plazetara bueltetako estrategia horretan, zuek pausuak erraztu eta askatasun gehiago emotearen alde egiten dozue, ezta?

Bai, ze azkenaldion, nahastau egiten dira kontzeptu bi. Gauza bat da jantzak irakastea, eta beste bat jantzan erakustea. Sarritan jantzea erakutsi nahi izan da, jantza talde batera joanda eta esanda, orain banangoa ikasiko dogu, edo zortzinangoa. Eta ez. Lehenengo jantzan ikasi behar da. Pianoa ikasten hasten danari ez jako esaten [Sergei] Raxmaninov-en kontzertu bat joteko hasi eta batera. Lehenengo erakusten jako zer dan pianoa, ze tekla daukazan. Jantzan be bardin egin behar da. Ni ostatu baten jaio nintzan eta ama eta amama oso kozinera onak izan dira. Baina igual errezeta bakar bat be ez dakie, kozinan ibiltea zer dan ederto dakie, hori bai. Konparazino hori be sarri egiten dot, sukaldearen eta jantzearen artekoa. Kozineroak daukanagaz egiten dau aurrera eta jantzan bardin, bakotxak dakienagaz egin behar dau jantzan, estutu barik.


10.- Zuek azpimarratzen dozue jotea, eta jantza guztiak, ez dirala gauza finko bat, sasoitik sasoira eta personatik personara aldatu egiten dirala.

Bai, lehen bakotxak bere kontura egiten eban jantzan, baina orain, txapelketakaz, dana estandarizauta dago. Gero, beti-betiko jantzariak, herrietakoak entzuten dozuz esaten, zuk aituten dozu zelan emoten dituen sariak? Danek igual-igual egiten dabe eta!. Sasoi baten desbardina zan, bakotxak bere erara ikasten eban, autodidaktea izatea garrantzitsua zan. Halandabe, artista eta maisuak beti egon dira eta eredu izan dira, jenteak hareeri kopietan eutsien. Sarritan, artistak uriburuetan egoten ziran eta, horregaitik, Bilboko Kasillako jantzaldiak erreferentzia izaten ziran. Herrietatik jentetzea joaten zan Bilbora eta, holan, pausu barriak uritik lurralde guztira zabaltzen ziran. Jantzea, eta jotea, oso urbanoak izan dira beti, ez da herrietako eta landa eremuko kontu esklusiboa.

Jotamentala dokumentalaren trailerra, hemen.

Dokumentuaren akzioak