Jakin-min handiko emakumea eta ekintzailea da Rosario Ibaieta (Azpeitia, 1945). Erretiroa hartu eta berak Buztintzuriko errebalean sortutako Nerea eskulanak denda itxi berri du, 56 urteren ondoren. Gazte hasi zen lanean; 11-12 urterekin eskola utzi, eta 15 urterekin Debako (Gipuzkoa) hotel batera joan zen lanera. Bost urtez jardun zuen hotelean, "astelehen arratsaldeak bakarrik izaten genituen jai", gogoratu du.
Hoteleko lana utzi, eta 21 urterekin, "etxeko negozioa" sortzea erabaki zuen. "Bateren batek esan zidan puntuzko jertseak egiten hasi beharko nukeela, negozio horrek funtzionatuko zuela eta. Hala, Donostiara joan nintzen akademiara, sei-zazpi hilabete egin nituen ikasten". Negozio berria zabaltzeko lokal bila ere hasi zen Ibaieta Azpeitian. "Errebalean, Imanol Azkueren aitak-eta tailerra izan zuteneko lokala ikusi genuen. Lokala Zubeldiarena zen, eta harekin tratua egin nuen errentan hartzeko. Lokalean obra egin eta han hasi ginen. Egun etxe hura eraitsita dago; garai hartan bonberuen etxea bezala ezagutzen zen, eta etxaurrean ere Casa bombero zuen idatzita". Eraikinaren beheko solairuan denda jarri zuen Ibaietak, eta goiko aldean tailerra. Makina industrial bat erosi, eta jertseak neurrira egiten eta saltzen hasi zen.
Behin jertseak egiteko tailerra martxan ipinitakoan, garai hartan uniformea erabiltzen zuten ikastetxeetara jo zuen Ibaietak. "Gu geu Miserikordian [Milagrosa] ikasitakoak ginen, eta Milagrosa, Esklabak eta Jesuitinak ikastetxeetara joan ginen eskola uniformeen jertseak egiteko zer aukera genuen galdezka. Garai hartan beste batek egiten zuen lan hori, baina hura uztekotan zen, eta gu hasi ginen lan horretan. Mojek erosten zituzten hariak, eta guk jertseak egin, lisatu eta botoiak josi behar izaten genizkien hainbesteko diru baten truke".
Ondoren, umeen arropak diseinatzen eta josten, eta ekoitzitakoa beste denda batzuetara saltzen hasi zen. Aurrena, Donostian zegoen "haurrentzako denda nahiko inportante batera" jo zuen Ibaietak modeloak aurkeztera, eta handik aurrera, pixkanaka bezeroak gehitzen joan ziren Nerea dendakoarentzat; Oñati (Gipuzkoa), Altsasu (Nafarroa), Irun (Gipuzkoa), Hondarribia (Gipuzkoa) eta Tolosa (Gipuzkoa) artean hemezortzi-hemeretzi bezero izatera iritsi zen, "toki bakoitzean denda bat", nabarmendu du. Ordurako, Arantxa, Maria Angeles eta Lurdes ahizpak negozioan lankide zituen Ibaietak. "Guk egiten genituen ume arropek bazuten berezitasun bat: beti eskulanarekin bukatzen genituen, kakorratzarekin bukaera eta detaileak eginda". Lan asko egindako garaia, baina polita izan zela du gogoan.
Garai berrietara moldatuz
Denda martxan izan duten bost hamarkadetan, garaian garaira moldatu behar izan du Ibaietak beren lana eta "etxekoen negozioa" aurrera ateratzeko. 20-25 urtean jardun zuten ume arropak diseinatzen, egiten eta saltzen, baina boladak aldatu ahala, negozioa "eraberritzea" beste erremediorik ez zuten izan Nerearenekoek. "Puntuaren ordez, beste ehun batzuekin egindako arropak hasi ziren zabaltzen: pana, bakeroa... Janzkera aldatu zen, eta helduentzako arropak egiten hasi ginen: konjuntoak beren gonekin, abrigoak... Puntuzko jantzien bolada ere pasatu zen, ordea".
Negozioari heltzeko, geldirik ezin egon, eta beste eraberritze bat egin zuten Ibaietak hasitako negozioan. "Dendan haria lautik batera jaitsi genuen eta etxeko arropa saltzeari ekin genion, pijamak eta abar. Etxe onetako arropa ekarri genuen, kalitatea eskainiz bezeroari. Izan ere, bestelakoen aukera bazegoen merkatuan, eta guk haien prezioekin ezin genuen lehiatu. Eskulanen ikastaroak ematen ere hasi ginen sasoi hartan", azaldu du Ibaietak. 30-35 urte egin dituzte era horretan lanean. Ikastaroetan sortutako lanekin erakusketak ere jarri izan dituzte herriko hainbat txokotan, hala nola Sindikatu Zaharrean eta Betharrametako erakusketa aretoan.
Helduei bakarrik ez, haurrei eskulanak irakasten ere aritu izan da Ibaieta. "Iraurgi ikastetxean jardun nuen ikasleei puntua egiten irakasten hiru bat urtez, eta gaur egun, ikasle haietako askok kalean agurtu egiten naute. Aberasgarria izan zen, bai haientzat eta bai niretzat".
Familiaren habia
Negozioari ekin zionetik egundaino, ordu asko eta asko hartu dizkio lanak Ibaietari, baina ez du inolako damurik egindako bidearekin. "Gure denda topalekua izan da, familiako lau belaunaldiren elkargunea, eta ez etxekoentzako bakarrik, baita ikastaroetan ibili diren herritar askorentzako eta bezeroentzako ere. Elkarri laguntzeko eta elkar zaintzeko topalekua izan da Nerea eskulanak. Urtebetetze jaiak-eta askotan ospatu izan ditugu bertan". Orain, denda itxita, espazio horren hutsunea antzemango dutela dio.
Ez lanean eta ez kalean, ez da geldirik egotekoa Ibaieta. "Etxeko teilatuak ni ez nau azpian harrapatuko; hori bai, etxekoa egin ondoren atera izan naiz beti". Herriko merkatari elkarteetan ere ibili izan da herriko denda txikien alde egiteko, UEMEn (Urola Erdiko Merkatarien Elkartea) aurrena, eta gero Bertan Azpeitiko merkatarien elkartean. UEME bere garaian Erdi Aroko Azoka antolatzen hasi zen Azpeitian, eta arropak prestatu eta han parte hartzen hasi ziren Nerea eskulanak dendakoak. Azokari eskerrak, Nafarroako eta Gipuzkoako herri asko eta Bizkaiko beste batzuk ezagutu zituen Ibaietak. "Erdi Aroko azokak Nafarroako kooperatiba batek antolatzen zituen, eta guk geuk egindako lanekin parte hartzea nahi al genuen proposatu ziguten, eta hala hasi ginen. Hamaika tokitara joan ginen asteburuetan azoketan lan egitera, eta ederki asko pasatu ere bai askotan. Pasadizo ederrak ere baditugu!", gogoratu du.
Dantza eta bidaiatzea
Herriak bizia izateko eta bizirik mantentzeko, bakoitzak bere hondar alea jarri beharra duela uste du Ibaietak. "Erakundeek eta udalak bakarrik ez, herritarrek ere beren aldetik horren alde egin behar dute, beren alea jarriz. Nahi badugu herriari eustea, zerbitzuak izatea eta herrian bizitzea, beste era batera jokatu beharko dugu, baina aldaketa handiak etorri zaizkigu...", dio. Herrian bizitza izatea atsegin duelako, hainbat ekintzatan ere parte hartzen du, Kantujiran edota Luix Beltzaren Ikasberriko gurasoen dantza taldean.
Dantza egitea "ikaragarri" gustukoa du. "Gaur egun, gazte batzuk ere hasi dira gurasoen dantza taldean, baina gurasoak baino aitona-amonak gehiago gara taldean. Lagunarte ederra daukagu eta ondo pasatzen dugu. Dantza taldeari esker hainbat toki ezagutzeko aukera ere izan dugu". Dantza taldearekin Argentinara egindako bidaia ondo gogoan du: "Bidaia mundiala izan zen, zoragarria".
Argentinan bakarrik ez, munduko lurralde ugaritan izandakoa da Ibaieta. Bidaiatzea atsegin du, baita "artea, historia eta horrelako gaiez jakitea ere". "Dendari esker, hainbat azoketan ezagutu nituen lagun batzuk erretiroa hartu eta helduen unibertsitatean hasi ziren. Haiek ikasgaiaren arabera batera eta bestera bidaiak egiten zituzten, eta bidaia horietara bateren bat eraman zezaketela eta, behin komentatu nien ni gustura joango nintzatekeela. Hala, behin Egiptora joan nintzen haiekin, eta bidaian egunero bi orduz Egiptologia ikasten genuen. Zoragarria izan zen. Ondoren, haiekin Greziara eta Erromara ere joan nintzen. Bidaia zoragarriak egin nituen". Jakin-minak bultzatuta bidaiatzen du, kultura eta toki desberdinak ezagutzea atsegin duelako. Parisen, Herbehereetan, Berlinen eta beste hainbat lekutan izan da, eta orain, Iranera joango da. "Nire senar zenari ez zitzaion gustatzen bidaiatzea, eta hala esaten zidan: 'Niri ez zait gustatzen bidaiatzea, eta zuk egin dezakezu nire partea eta zurea, bidaia bat egin beharrean bi. Joan zaitez'. Haren esana ondo gogoan hartu nuen".
Ikasteko aukera izango balu, hizkuntzak gustura ikasiko lituzkeela dio, eta "aurren-aurrena frantsesa" ikasiko luke. "Euskal Herrian bizi gara, eta euskaraz gainera, beste bi hizkuntza hitz egiten dira, eta frantsesa ikasiko nuke gustura", azaldu du.
Dendako ateak itxita, ez da damu egindako ibilbidearekin, garai onak eta txarrak ahaztu gabe, hala dio: "Era denetako boladak izan ditugu, hasierak-eta gogorrak izan ziren. Hala ere, lanean gustura jardun dugu, eta ez dugu utzi. Guk bizi izan dugun familia giroa, lanerako erraztasuna eta laguntasuna oso inportanteak izan dira".