Dokumentuaren akzioak
Rockaz dantzatutako klasikoak
Dantzaz konpainiak 'Launaka' ikuskizuna estreinatuko du bihar. EOSekin elkarlanean sortua da
Emakumezko bat eta gizonezko bat ageri dira agertokian. Hurbil daude elkarrengandik. Eta distantzia hori murriztu du tartean sartu den zapi arrosa batek. Bat-batean, hirurak korapilatu dira. Betiere, leun, elkarren konplize direla. Urrundu egin dira segidan, gero berriro elkartzeko. Hala, mugimendua dantza bilakatu da, eta dantza, jolas. Musikaren erritmoari jarraika, une oro. Dantzaz konpainiaren Launaka ikuskizuneko atal bat da, Balentziaga museoarekin, Donostia Kulturarekin eta Euskadiko Orkestra Sinfonikoarekin elkarlanean ekoitzia. Dantzaz konpainiako hamaika dantzari, EOSeko lau kide eta Chico Tornado eta Niña Coyote dira partaideak, eta, musikari horien zuzeneko parte hartzea dela medio, doinu klasikoez gain, rock doinuak ere bilduko ditu emanaldiak. Bihar estreinatuko dute, Donostian; 11:00etan egingo dute emanaldi bat, EOSen Miramongo egoitzan, eta, 20:00etan beste bat, Gazteszenan.
Cristobal Balentziaga diseinatzailearengan inspiratuta sortu dute ikuskizuna, eta bi koreografiaz osatuta dago. Silent Pulse izena du lehenak, eta Vitali Safronkinek zuzendu du, Franz Schuberten musikaz lagunduta —Herioa eta dontzeila-ren lehen bi mugimenduak—. Bigarren atala, berriz, Barrock deitzen da, eta Paolo Mohovich arduratu da koreografiaz. Bigarren zati horrek Juan Crisostomo Arriagaren bi mugimendu eta Niña Coyote eta Chico Tornadoren musika ditu. Bi atal horien artean, Mozarten hirugarren laukoterako mugimendua entzun ahal izango da, EOSeko laukoteak interpretatuta, dantzarien parte hartzerik gabe.
Silent Pulse espresuki Launaka ikuskizunerako sortutako koreografia da, baina Barrock aurretik sortua zen. Dena den, moldaketa batzuk egin dizkiote: koreografia ez dute asko aldatu, baina musika zuzenean sartu diote, lehen ez bezala. «Ez dugu askotan zuzeneko musikarekin lan egiteko aukerarik izaten, eta guretzat erronka bat da», azaldu du Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiako zuzendari nagusiak.
Dantzaz konpainiako hamaika kide hauek igoko dira oholtzara bihar, Adriana Pous zuzendari artistikoaren gidaritzapean: Jone Amezaga, Riccardo Ciapella, Carmen Derre, Richard de Leyos, Andrea Loyola, Gilles Noel, John O'Gara, Nora Paneva, Paula Parra, Josu Santamaria eta Rafke van Houplines. Haiekin batera, kolaborazio bat egingo du zuzenean Christophe Pavia ile apaintzaileak.
Koreografiez gain, zuzeneko musika da ikuskizuneko beste elementu nagusi bat. EOSeko Dyonisus laukoteak girotuko du, nagusiki, emanaldia: Irene Etxebestek eta Larraitz Oiarzabalek biolina joko dute; Natacha Dupuy-Scordamagliak, biola, eta Juan Ignacio Emmek, biolontxeloa. Barrock atalean, gainera, Niña Coyote eta Chico Tornado rock taldeak kolaborazio bat egingo du. Goizeko emanaldian, Koldo Soretek gitarra joko du, eta, arratsaldekoan, harez gain, Ursula Strong ariko da, bateria jotzen. Bi emanaldietan, Desert Tornado eta Zauririk ez abestien moldaketak taularatuko dituzte.
Musika klasikotik ez ezik, rocketik ere badu ikuskizunak. Horregatik, emanaldiaren amaiera berezia izango da, Larraitz Oiarzabal EOSeko biolin jotzailearen arabera. «Fusio dibertigarri bat izango da: Arriagaren piezak, rock talde bat, dantzariak eta laukotea elkartuko gara oholtzan».
Urte eta erdi inguru iraun duen prozesu baten emaitza da ikuskizuna, eta ibilbide hori nabarmendu du Fernando Saenz de Ugarte Dantzaz konpainiako zuzendari nagusiak. Izan ere, haren arabera, talde lanean sortu dute guztia. Lehen pausoa EOSeko laukotearekin bildu eta musika adostea izan zen, eta, behin hori erabakita, koreografo bat bilatzeari ekin zioten — Mohovich dagoeneko lotuta zuten, Barrock aurrez sortua zelako—. Safronkinerekin kontaktuan jarri ziren orduan, eta, hark baiezkoa eman zuenean, lanean hasi ziren. Talde lan horri egiten dio erreferentzia, hain zuzen, emanaldiaren izenak: Launaka-k. «Launaka funtzionatzen ari gara, lau instituzio gara, lau musikari, eta lau ataletan banatu dugu prozesua», azaldu du Saenz de Ugartek.
Balentziaga, inspirazio iturri
Lantaldea osatuta, lehen geldialdia Balentziaga museoan egin zuten, eta han sortu zen Launaka izango zenaren enbrioia. Jone de Felipe Balentziaga museoko hezkuntza arduradunaren arabera, «erronka» bati erantzun nahi zioten dantzariak museora eramanda: «Nola txerta dezakegu dantza museoan? Eta nola txerta ditzakegu dantzan museoko edukiak? Dantzaz konpainia museora eramanda, nolabait bitartekaritza bat sortu dugu museoan ikusgai dauden piezen eta publikoaren artean». Denboraldi bat igaro zuten dantzariek museoa ezagutzen, diseinatzailearen lanak ikuskizunaren sormen prozesuan inspirazio iturri izan zitezen. Egitasmo hori burutu zutenetik, bisita dantzatuak egiten dituzte museoan.
Obraren oinarrian Balentziagaren lanak dauden arren, ez dituzte haren jantziak erabiliko emanaldian. Donostiako AEG ikastetxearekin aritu dira elkarlanean moda kontuak adosteko, eta, horregatik, Marilo Miguez eta Xabier Mujika arduratu dira arropez.
Dantzaz konpainiak, EOSek eta Niña Coyote eta Chico Tornadok parte hartuko dute Launaka-n. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak