Dokumentuaren akzioak
Rock musikak eta dantza klasikoak bat eginen dute gaur eta bihar Kursaalean
«Oso pozik nago etxean nagoelako, Donostiako Kursaalean. Hirugarren
aldiz hartuko dut parte Musika Hamabostaldian, eta ohorea izanen da
niretzat berriz ere familiarentzat, lagunentzat eta euskaldunentzat
dantzatzea. Ilusio handia egiten dit, gainera, proiektu harrigarri
honekin etortzeak. Niretzat oso garrantzitsua den eta asko lagundu
didan pertsona batek egin du koreografia; Roland Petitek. Hari esker,
neure burua hobeki ezagutu dudala uste dut. Haren laguntzaz, argi ikusi
nuen dantza artistikoa eta interpretatiboa atsegin ditudala. Hamaika
gauza erakutsi dit, eta haren balet batekin etortzea ohorea da
niretzat», esan zuen Lucia Lacarra zumaiarrak.
«Bestalde, Tokyo Asami Maki Balet konpainia japoniarrarekin arituko naiz. Orain dela hiru urte hasi nintzen bertan lanean; Roland Petiten bidez, hain zuzen ere. Ordutik urtean bi edo hiru aldiz joaten naiz Japoniara eurekin dantzatzera. Zoragarriak dira; atseginak eta profesionalak. Zorteduna naiz horrelako jendearekin lan egiteko aukera dudalako», adierazi zuen nazioarteko dantzaren gailurrera iristea lortu duen gazteak. Anitz lagundu diote Japoniara joan den guztietan, eta orain berak lagunduko die.
Municheko Operako dantzari nagusia da, izar gonbidatua Stuttgart Balleten eta English National Balleten, eta mundu osoan zehar aritzen da dantzan. Ametsa da beretzat etxera etortzea. Askoz gehiagotan etorri nahiko luke, baina ezin du, lan askorekin dabilelako.
Lienz Chang da “Pink Floyd Ballet” ikuskizuneko bertze dantzari bat. Ibilbide garrantzitsua egin du Kubako Balet Nazionalean, baina Roland Petitek bereziki beretzat sortutako paper batengatik goratu dute Europako kritikoek. «Familia bat gara», baieztatu zuen. «Denbora asko daramagu Roland Petitekin lanean; gutxienez hamabost urte bai. ‘Pink Floyd Ballet’ ordu eta erdiko ikuskizuna da, benetan zirraragarria. Harrigarria da rocka puntadun oinetakoekin dantzatzea, baita street dancersen lana ere».
Artistentzat «arraroa eta berezia» da koreografia neoklasikoa rock musikarekin egitea, hagitz aukera gutxi izaten dutelako horrelako zerbait bizitzeko. «Horretarako, ezinbestekoa da koreografoa maila ikaragarrikoa izatea. Pink Floyd rock talde mitikoaren musika hartu eta balet klasikoko konpainia batekin taularatzeko ausardia handia behar da», nabarmendu zuen Lucia Lacarrak.
«Niri balet dramatikoak gustatzen zaizkit, pertsonaiak eta istorioak interpretatzeko aukera ematen dutenak. Roland Petitek egindako hau abstraktu samarra da, dantzariok irudia jartzen baitiogu musikari eta ez baitago interpretatzeko istoriorik. Hala eta guztiz ere, horrek ez du esan nahi emozioak helarazteko aukerarik ez daukagunik». Adibidez, Lucia Lacarrak bi bikote artistiko izanen ditu Cyril Pierre eta Lienz Chang, eta bakoitzarekin harreman berezia izaten ahaleginduko da, gero publikoari transmititu ahal izateko.
Oso esperientzia polita bizitzen ari direla esan zuten artistek. Izugarri gozatzen ari dira, eta publikoari ongi pasarazteko gogoz daude. Laster izanen dute horretarako aukera: gaur eta bihar, arratsaldeko zortzietan, Kursaaleko auditoriumean.
«1972an sortutako obra da, baina gaurkoa dirudi»
M. I.
DONOSTIA
Orain dela 34 urte otu zitzaion Roland Petit koreografo frantsesari rock doinuetan oinarritutako balet ikuskizuna egitea. Alaba izan zen musika horretaz hitz egin ziona, Pink Floyd-en jarraitzailea baitzen. Petitek ez zuen taldea ezagutzen, baina alabak animatuta aditzen hasi, eta zaletu egin zen azkenean. Horrela jaio zen Britainiako rock taldearen abestiak eta dantza klasikoa elkartzen dituen “Pink Floyd Ballet”. Apustu handia izan zen Les Ballets de Marseille konpainiarentzat prestatutako ikuskizun hori.
1972an aurkeztu zuten Marseillan, eta musika bandak zuzenean jo zuen. Arrakasta itzela izan zen.
Roland Petiten ordezkari Jean Broeckxek zera adierazi zuen: «Obra hau etengabe ari da garatzen. 2001ean, Frantziako koreografoa Japoniako balet konpainia garrantzitsuenetako batekin hasi zen lanean, Tokyo Asami Maki Balletekin. Elkarlan horren emaitza da ikuskizunaren bigarren bertsioa, 2004an estreinatu zena eta harrera ezin hobea izan zuena. Petitek ‘Pas de deux’ berria sortu zuen Lucia Lacarrarentzat, ‘The Great Gig In The Sky’ abesti mitikoan oinarrituta. Koreografia berritzailea ere egin zuen street dancersekin. Hip hop eta break-dance estiloak musika klasikoarekin nahasi nahi izan zituen horrela».
Lucia Lacarra dantzariak ere ikuskizuna oso modernoa dela pentsatzen du: «Pink Floyden musika bezala, balet hau ez baita zahartzen. Sintetizadoreen musikak eta argien eta elastiko zurien arteko kontrasteak gaurkotasuna ematen diote».
Punta-puntako dantzariak izanen dira
“Pink Floyd Ballet” ikuskizuna maila handiko hainbat artistaren topagune da. Lucia Lacarra nazioarteko dantzaren gailurrera ailegatu da; horren erakusgarri da gorputz mehe eta landua. Cyril Pierre frantsesa ere izarra da, eta mundu osoan erakusteko aukera izan du, gainera. Lienz Changen ibilbidea oparoa da eta Europako kritikoek goratu egiten dute. Altankhuyag Dugaraa eta Slyde dantzariak ere aipatzekoak dira. -
Dokumentuaren akzioak