Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Rhineko Opera Nazionaleko Baleta Arriagan ariko da gaurtik igandea arte

Dokumentuaren akzioak

Rhineko Opera Nazionaleko Baleta Arriagan ariko da gaurtik igandea arte

Konpainia ospetsuak dantza klasiko eta garaikide erakustaldia egingo du Bilbon

Egilea
Montse Arregi
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2000/03/24

GAUR eta bihar 20:00etan, eta etzi 19:00etan hasiko dira Bilboko Arriaga antzokian Rhineko Opera Nazionaleko Baletaren emanaldiak. Egitarau ezberdin bi eskainiko dituzte hiru egunotan: balet klasikokoa da egitarau bat eta garaikidekoa bestea.

Bertrand d’At konpainiako zuzendariak aurrea hartu zien dantzariei, eta atzo eguerdian iritsi zen Bilbora. Berak azaldu zuenez, gaur La Fille Mal Gardee lana eskainiko dute, mende hasierako balet klasikoa, Ivo Cramer koreografoak prestatu duena. «1789ko baleta da, eta artxiboetan ez dugu hari buruzko datu gehiegirik aurkitu. Dena den Cramer historiografoa ere bada, eta barroko osteko garaia ikertzen jardun du koreografia osatzeko», adierazi zuen. Bere esanetan, «balet tradizionala da, baina ukitu iraultzailea ere badu». Izan ere, Bastille hartu bezperan estreinatu zen, eta dantzaldiaren une batean iraultzaren aldeko topa egiten dute dantzariek. «Gaurkotasun handiko baleta izaten jarraitzen du», konpainiako zuzendariaren ustez.

Bihar eta etzi, berriz, dantza garaikide eskola ezberdinen erakustaldia egingo du Rhineko Opera Nazionaleko Baletak. Bigarren egitarau horretan George Balanchine koreografoaren Agon, William Forsytheren Steptext eta Lucinda Childsen Chamber Symphony lanak eskainiko ditu taldeak. «Lehena dantza garaikidearen oinarrietakobat da, Stravinskyren musika duena», esan zuen.

Balet garaikideen kasuan, D’At zuzendariak koreografien egileekin edota haien oinordekoekin adostu nahi izaten du eszenaratuko duen lana. «Borroka egiten dut geurea self-service konpainia izan ez dadin, baten eta bestearen koreografiak etengabe eskainiz. Nire ustez, garrantzitsua da egileari buruz ahalik eta gehien jakitea konpainiak. Horregatik koreografo bakoitzaren lan bat baino gehiago jorratzen ditugu urte batzuetan zehar. Era horretan, teknika hutsez edota automatikoki dantzatzea ekidin egiten dugu», D’Aten hitzetan.

Konpainia duela 25 urte sortu zen Alsazian, eta hasieratik landu ditu balet klasikoa eta garaikidea. Hainbat zuzendari eta artista gonbidaturekin aritu da, besteak beste, Rudolf Nureyev-ekin.

Dokumentuaren akzioak