Dokumentuaren akzioak
Rafael Bonachela Dantzari eta koreografoa
«Kylie Minogue eta Tina Turnerrekin asko ikasi dut, baina lasai esaten diet ezetz»
Rafael Bonachela (Bartzelona, Katalunia, 1972) dantzaria eta koreografoa da. Rambert Dance Company taldearekin hasi zen lanean 1992an eta bederatzi pieza sortu zituen horrentzat. Kylie Minogue pop abeslariarentzat eta Tina Turnerrentzat koreografiak sortu ditu. Egun, bere taldea zuzentzen du Londresen, Bonachela Dance Company. Gaur, ikastaro bat emango du Bilboko Euskalduna Jauregian, eta, bihar, 20:00etan, ikuskizuna taularatuko du leku berean.
Zer irakatsiko duzu gaur?
Egun bateko lantegia denez, era azkarrean saiatuko naiz ideia bat ematen ulertzeko nolakoa den nire lana, eta dantzarako dudan hiztegia eta hizkera. Ikusiko dut zenbat dantzari ditudan eta zein mailakoak, zer egingo dudan zehazteko. Nire konpainiako bi kiderekin etorri naiz, eta haiek lagunduko didate. Bilbo ezagutuko dut, lehen aldiz.
Askotan esan duzu «mugimenduaren jonki» bat zarela. Nolakoa da zure dantza?
Dantza garaikidearen barruan, oso hizkera fisikoa da, dinamikoa; birtuosoa da oso, baina zerikusi gehiago du pisuarekin, grabitatearekin eta dantzarien arteko kontaktuarekin. Asko jorratzen dut bikote, hirukote eta laukote lana, dantzariak elkarrekin lotuta.
Ez al da harrigarria zu bezalako abangoardiako sortzaile bat, pop izarrentzako sortzen ibiltzea?
Nik ez dut inoiz berezko interesik izan horretan, baina niregana etorri zen aukera 2002an. Nik orduan ez nuen konpainiarik, ametsak besterik ez, eta probatzea erabaki nuen, mundu horretatik niretzat balio dezakeen zer edo zer ateratzerik ote nuen ikusteko. Probatu nuen, eta oso ondo atera zen bi aldeentzat. Beraz, jarraitu dut horretan. Ez dut bilatzen, eskatzen didatenean eta interesgarria iruditzen zaidanean eta konpainiarekin lana egitea galarazten ez didanean, egiten dut. Asko ikasi dut Kylie Minoguerekin eta Tina Turnerrekin lan egiten baina lasai esaten diet ezetz.
Pop mundutik Kubara pasatu zinen iaz. Kontraste ederra, ezta?
Kubako Danza Contemporanea taldearekin aritu nintzen, eta aurkikuntza izan zen niretzat. Ez zait inoiz gertatu estudio batean sartzea eta sekulako teknika, fisika eta sorkuntza duten 40 dantzari ikustea. Noski, kontuan hartu behar da Kubaren egoera eta zein denbora gutxi duen han jendeak telebista ikusteko edo Nintendoarekin galtzeko.
Biharko ez zarete konpainiako dantzari guztiak izango. Emanaldi berezia prestatu duzue?
Egitasmo bakoitzaren arabera osatzen dut konpainia, eta, normalean, sei dantzari izaten gara. Egunotan, ordea, hurrengo lana prestatzen ari gara; horregatik ez dago osatuta konpainia. Dena den, asko interesatu zitzaigun Bilboko gonbita, eta taldeko bi dantzarirekin ikuskizun berezia prestatu dugu: bi bikote lan eta bakarkako bat izango du.
Arrakasta handia izan duen E2 7SD lana dantzatuko duzue?
Bai. Place Prize saria irabazi zuen piezak 2004an. Berria da dantzarientzat, joan zen astean ikasi zuten. Oso lan fisikoa da. Gizonezkoaren eta emakumezkoaren arteko lana oso parekoa da; gizona ikusi ohi den bezain indartsu eta sendo ikusi dut beti emakumea. Asko ikusten da hori nire lanean, eta pieza honetan basatia da, oso bortitza, oso etsia.
Piezarako musika ere oso esperimentala da. Nola sortu zenuten?
Bi dantzariri grabagailu bana eman nizkien, euren bizitza hilabete batez graba zezaten, eurek aukeraturiko uneak. Horrekin, Oswaldo Macia artista kolonbiarrak soinu eskultura sortu zuen. Koreografia, beraz, dantzarien bizitzaren puskekin dago osatuta. Oso lan pertsonala izan zen, gauza intimoak plazaratu zituzten. Orain, beste dantzariek dantzatzen dute haien bizitzarekin, baina piezak ez du nortasuna galdu.
Orain prestatzen ari zaren pieza zertan da?
Asteartean itzuliko naiz Londresera, eta bi astez ikertuko dut Ezio Bosso konpositore italiarrarekin. Ideiak ditut, baina gogoa irekita eramango dut, nire lanak horrela sortzen direlako, estudioan lana eginda guztiekin.
Zer espero duzu Bilbon?
Ez naiz inoiz izan, eta aurreiritzirik gabe noa. Blanca Arrieta da nire koreografo faboritoetako bat. Koreografo euskaldunen lanak ikusi ditut, eta horiek hiriarekiko bibrazio onak ematen dizkit.
Dokumentuaren akzioak