Dokumentuaren akzioak
Rafael Amargok 'Tiempo muerto' ikuskizuna ekarri du Euskal Herrira
Heldutasun garaiari dagokion lana da Tiempo muerto, Amargoren ustez. «Gaur egun ez daukat gazte garaiko anbizio neurri gabeko hura», azaldu du. Obra berriarekin «oso atzera» begiratu du artistak, «Rafael primitiboenaren bila». Koreografia «intimista, ilun eta biluzi» sortu du.
Bere buruarekin «seguruago» sentitzeak eraman du Amargo apaingarriak erauzi eta ikuskizunaren zama guztia musikaren eta dantzaren gainean uztera.
Flamenkoaren palo edo adar guztietara lerratzen da Tiempo muerto, eta Lola Floresen omenezko zambra bat ere hartzen du bere baitan. Harekin oso esker oneko agertu da Amargo: «Madrila iritsi nintzenean, berak eskaini zidan aurreneko aukera».
ARGUMENTU BATEN ARDATZIK GABE. Ikuskizunak ez dago argumentu baten ardatzean ehundua, eta horrek emanaldi batetik bestera aldaketak egiteko arintasuna emango dio. Musikaren arloan, talde zabal baten laguntza du Amargok. Juan Parrilla da musikari horien zuzendaria. Piezen hitzak, Granadako fandango batena izan ezik, Amargok berak idatzi ditu, aurreko ikuskizunetan ez bezala.
Duela bederatzi urte estreinatu zuen Amargok bere aurreneko ikuskizuna, artean 22 urte baino ez zituela. Egun koreografo lanak erakartzen du dantzariarenak baino gehiago. Publikoak hala egitea eskatzen diolako jarraitzen du, dioenez, oholtza gainean dantza egiten. «Neuregatik balitz, bihar utziko nioke dantza egiteari eta koreografiak sortu eta talentudun gazteak atzemateari eskainiko nioke denbora, erosoago sentitzen bainaiz eszenategiaren atzealdean».
Dokumentuaren akzioak