Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Quebecen egonaldia egingo dute Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi koreografoek

Dokumentuaren akzioak

Quebecen egonaldia egingo dute Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi koreografoek

'No Trace' ikuskizuna garatuko dute Montrealen. Urte hasieran Louise Bedard Quebeceko dantzari eta koreografoa izan zen Euskal Herrian
Egilea
Miren Garate
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2019/05/29
Lotura
Berria
Iaz, Gipuzkoako eta Quebeceko zenbait erakundek dantza sorkuntzarako lankidetza programa bat jarri zuten martxan, sormenaren garapena indartzeko eta koreografoen ikuspegi artistikoa zabaltzeko asmoz. Besteak beste, programa horrek sortzaileei egonaldiak egiteko aukera ematen die. Otsailean egin zuten proposamenak aurkezteko deialdia, eta, jasotakoen artean, antolatzaileek Kanpai konpainiako Natalia de Miguel eta Jorge Jauregi koreografoen proiektua aukeratu dute, Quebeceko erakundeen oniritziarekin. Udazkenean, bi hilabete eta erdiko egonaldia egingo dute Montrealen.

No Trace pieza garatuko dute egonaldian, dantza garaikideko profesional bilakatzeko bidean diren Quebeceko Ecole de Danse Contemporaine (EDCM) zentroko ikasleekin. Bi dantzarien esanetan, «gizakiak inposatzen dituen arrastoei buruzko lana» izango da, eta norbere ekintzei eta erabakiei buruz gogoeta egitea proposatuko dute, horien ondorioei buruzko gogoeta bat ere egiteko.

Arrastoari lotuta, azaldu dute zati batek inguruarekin duela zerikusia; hau da, gizakiak inguruan duen inpaktuarekin. Bestetik, bakoitzak bere inguruko jendearengan egiten duen arrastoa landuko dute. «Gure ardura da existentzia horrek ongizatea sortzea, eta, horregatik, gainerakoei nahiz norberari uzten ari garen arrastoari buruzko gogoeta irekitzea da proiektuaren ideia. Hori guztia dantzara ekarrita». Ikuskizunak ordu erdi inguru iraungo du, eta abenduaren 11tik 14ra egingo den Les danses de la Mi-chemin jaialdian aurkeztuko dute, Montrealen bertan.

Bi koreografoek dantzari talde handi batekin lan egingo dute, dantzari gazteekin, eta esan dute hori aprobetxatuz taldeko eszenak prestatuko dituztela, oso dinamikoak eta fisikoak. «Irudi biziak osatzea interesatzen zaigu, naturako paisaietan inspiratuta: desertuak, sumendiak, itsasoa, harkaitzak... Gero horiek pauta fisikoetara ere bihur daitezke, dantzaria egoera mental edo fisiko horretan jartzeko, adibidez, adierazteko zer sentitzen den sumendi batean egonda».

De Miguelek eta Jauregik nabarmendu dutenez, «komunikatzen duen dantza» defendatu izan dute beti. «Gorputzak komunikatzeko duen gaitasuna interesatzen zaigu; hitz egiteko duen gaitasuna eta barruan duen poetika hori. Saiatuko gara horretan sakontzen beraiekin».

Bi norabideko proiektua

Quebeceko Ecole de Danse Contemporainek, Conseil des arts et des Lettresek, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, Gipuzkoako Dantzaguneak, Dantzaz Sormen Koreografikorako Nazioarteko Zentroak eta Etxepare Euskal Institutuak sustatzen dute programa.

Bi norabideko proiektua da. Hain zuzen, urte hasieran Louise Bedard dantzari eta koreografoa bi hilabetez aritu zen lanean Tabakaleran eta Gipuzkoako Dantzagunean, Dantzaz-eko dantzariekin. Lan horren emaitza Errenteriako Niessen aretoan erakutsi zuten, eta udazkenean Dantzaz konpainiak egingo duen ikuskizun oso baten parte izango da. 2018an egindako lehen aldian, Iker Arrue donostiarra izan zen Quebecen, eta John Gerena koreografoa etorri zen Gipuzkoara.
Jorge Jauregi eta Natalia de Miguel, atzo, Donostian.
Jorge Jauregi eta Natalia de Miguel, atzo, Donostian. GORKA RUBIO / FOKU 

Dokumentuaren akzioak