Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Quebeceko dantzaren printza

Dokumentuaren akzioak

Quebeceko dantzaren printza

Bi zatiko dantza ikusgarria eskainiko du gaur Montrealgo Jazz Balletak Miarritzeko Gare du Midin

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2008/02/08

Montrealgo Jazz Balletak aurpegi berri hori eskainiko dio Miarritzeri. Gaur arratsean, bi zatitan banatua den ikusgarria emanen du konpainiak, 20:30ean, Gare du Midi aretoan. «Quebecen eta dantza garaikidean gaur egun egiten dena erakusten du ikusgarriak» Robitailleren iduriko. Zuzendariak du dantza konpainiaren aurpegi berri hori marraztu. 1998. urtean, kargu berria hartu zuenean, Montrealgo Jazz Balletaren baitan iraultza egin zuela erran zen. «Fama horrekin ez nintzen gustura geratu. Zuzendari ohia gaitzitu zen, gainera. Eta nik ez dut bere lanaren segida baizik egin! Kolore gehiago ezarriz beharbada, baina jarraipen logikoa zen».

Baina zuzendaria ez da sekula Montrealgo Jazz Balletaren koreografoa izan. «Txarra naiz lan horretan. Guk koreografoak gonbidatzen ditugu, sorkuntzak ekoizteko», jakinarazi du Robitaillek. Gare du Midi aretoan ikusiko den ikusgarriak bi koreografo ditu: Rodrigo Pederneiras brasildarra eta Aszure Barton quebecarra. «Zinez ezberdinak dira, bai estilo aldetik, bai lanean aritzeko moldean» azpimarratu du zuzendariak. «Baina ikusgarria aberatsago geratzen da horrela».

Ikusgarriaren lehen partea, Mapa, Rodrigo Pederneiras brasildarrak sortu du. «Bost astez egon zen erresidentzian gure dantzariekin. Egonaldi suharra izan zen, lan eta lan aritu ziren artistak» oroitu da Robitaille. «40 egunez, egunero minutu bat asimilatu behar zuten dantzariek. Ez du iduri, horrela, baina anitz da». Brasilgo dantza herrikoien printzak dantza garaikidearen saltsan moldatu ditu Pederneirasek. «Beti hori egin izan du. Baina oraingoan, modernitate bizi-bizia dago, zaintsua, behar bada egonaldiak eragina duena. Dantzariek ez dute gibelera begiratzeko astirik, gorputzaren barrenetik heldu den dantza delako».

Dantzarien barrenean begiratu du Aszure Barton koreografoak, Les Chambres des Jacques bigarren zatiaren sortzaileak. «Neska hori harrigarria da», Robitailleren ustez. «Dantzari bakoitzaren nortasunarekin osatu du ikusgarria. Eta berehala ikusi du pertsona bakoitzaren berezitasuna, xehetasun txikiak, dantzatzeko moldearen keinu guziak baliatu ditu koreografia sortzeko. Hamabi astez egon da gurekin lanean. Epe horretan lortu duena harrigarria da, batez ere bere adinean». 32 urte ditu Bartonek, eta bere belaunaldiko hoberena eta modernoena ikusi du Robitaillek. «Dantza abstraktua eskaintzen du ikusgarriko bigarren parteak. Dantzatzeko behar sutsu hura adierazi nahi duen koreografia».

 

MIARRITZE, «OBSESIOA». Bi koreografoen erdian, zer ari da ba Robitaille? «Nik konpainiaren norabidea erabaki behar dut. Nik dut aukeratzen nora goazen, zer nahi dugun. Hor, ikusgarri indartsua nahi genuen, koloretsua, bitaminekin. Publikoa aldi oro kutsatuko zuena. Bira hasi dugunetik, bi dantzariek min hartu dute. Horrela hobeki ikusten da zein zaintsua den gure ikusgarria». 36 urte ditu Montrealgo Jazz Balletak, eta bere nortasunaren atxikitzea da zuzendariaren lana, urteek eragiten duten aldaketak baztertu gabe. «Montrealen aurkitzen den dantza eskaintzen dugu, batez ere Bartonen lanarekin. Neska hori eroa da».

Bere dantzariak gaur arratseko ikusgarria prestatzen lagunduko ditu Robitaillek. «Aitzakia polita Miarritzen egoteko». Duela sei urte bertan izan zen zuzendaria, beste ikusgarri batekin. «Geroztik, Miarritzera berriz itzultzeari baizik ez nuen pentsatzen. Duela egun batzuk, Frantzian ginen honat etorri baino lehen, baina nik obsesio bat baizik ez nuen: Miarritze». Robitaille Maitaldian parte hartzeko zain dago orain.

 

 

«Ikusgarri indartsua nahi genuen, koloretsua, bitaminekin, publikoa aldi oro kutsatuko zuena»

Louis Robitaille

Montrealgo jazz balleteko zuzendaria

Dokumentuaren akzioak