Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Puska Biltzea, Sorabillan barrena

Dokumentuaren akzioak

Puska Biltzea, Sorabillan barrena

Komunikabidea
Aiurri
Tokia
Andoain
Mota
Albistea
Data
2023/02/02

Neguko festen lehen hitzordua bertan da: Puska Biltzea. Hurrengo bi asteburuetan datorrena Kaldereroak eta Inauteriak izango dira. Axeriak Sorabillan barrena ibiliko dira, 2018an egin bezala.

Izaskun Beraza Axeri-dantzako kapitaina da, elkarrizketa eskaini duena.

Neguko ospakizunen parte da Puska Biltzea, garai bateko ohituran oinarriturikoa. Zer nolako giroa antzematen duzu aurtengora begira? Lagun asko elkartuko al zarete?

Gabonak igaro eta gero Puska Biltzea martxan jartzeko elkartzen gara. Inauteri giroa antzematen hasten da eta taldekideon artean giroa berotzen ari dela nabari dugu. Pozik, gogotsu ekingo diogu aurtengoari ere. Txistulariak eta trikitilariak lagun hartuta, hogei lagunetik gora elkartuko gara.

Zer egingo duzue ibilbidean zehar? Zertan datza Puska Biltzea?

Aurten Sorabillan ibiltzea egokitu zaigu eta baserriz-baserri ibiliko gara. Axeri-Dantzaren baitako jolas bana eskainiko dugu, eta baserrian bertan zein jolas egin erabakitzen dugu. Sueltoan ere dantza egin eta baserritarrekin hizketalditxoa egiteko aukera baliatzen dugu. Eta baita mokadutxo bat jan ere. Puska Biltzea izena hortik dator: oilaskoa dela, txorixoa dela, arraultzak direla… 

Agurtu aurretik kopla batzuk abestu ohi ditugu, hurrengo urtean beste auzo batera goazela iragarriz.

Dagoeneko errotuta dagoela esan daiteke? Beraz, mozorroei dagokionez, Andoainen finkatzen ari direlako Puska Biltzea, Kaldereroak eta Inauteriak hurrenkera horretan.

Herrian ezaguna egiten ari da, ez dakit zenbateraino dagoen errotuta. Inauterien etorrera iragartzen duen lehen ekitaldia da. Mozorrotzeko sasoia hortxe hasten dela esan daiteke, bai.

Otsailaren 4koa bada San Juan jaiei begirako lehen hitzordu modukoa?

San Juan jaietako hitzorduak beste irismen bat du Andoain herrian, handiagoa. Herriko jaietan eta plazan egiten delako, ziurrenik. Inauterietakoa xumeagoa da, beste kutsu bateko ospakizun bat da. Bada Puska Biltzean eroso aritzen denik, eta San Juan jaietako plaza handiari beldur modukoa diona.

Neguko irteera, noski, motorrak berotzen hasteko eta San Juan jaiei lanean hasteko pizgarri ona da.

Lortu da Axeri Dantzan belaunaldi ezberdinak uztartzea. Hori oso pozgarria da zuentzat ezta?

Aurretik ere adierazi dugu Axeri Dantzak kultur transmisioari dagokionez garrantzia handia duela. Herrigintza da, belaunaldi ezberdinak uztartu eta harremanetan jartzeko aukera eskaintzen duelako.

Gazteak eta ez hain gazteak, belaunaldi ezberdinak elkartzen gara. Aita-semeak, ama alabak modu naturalean eta jarduera alai eta parte hartzailean elkartzen gara. Ez da ezer, inor behartzen. Gozagarria, gustagarria delako ekiten diogu Axeri Dantzari.

Sorabilla aldean ibiliko zarete, aurten. Eta kalean ikusteko aukera izango zaituztegu gainerakook? Hala bada zein ordutan?

08:00etan abiatuko gara Irunberri kultur elkartetik Goiz osoan zehar baserriz baserri ibiliko gara eta espero dugu 13:30-14:00ak aldera Sorabilla auzoan bertan egotea. Frontoian emanaldi handixeagoa eskainiko dugu eta herrikide guztiak hara hurbiltzera gonbidatuta daude.

Dokumentuaren akzioak