Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Pujol, Setien, Egaña, Biarritz Baleta eta Ona Electroerosion sarituak

Dokumentuaren akzioak

Pujol, Setien, Egaña, Biarritz Baleta eta Ona Electroerosion sarituak

Sabino Arana Sariak

Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2006/01/20

XVII. Sabino Arana Sariaren irabazleak izendatu ditu Sabino Arana Fundazioak: Berezia atalean, Jordi Pujol Kataluniako Generalitateko presidente ohia; Bizitza Osoko Ibilbidea atalean, Jose Maria Setien Donostiako gotzain ohia; Kultura atalean, Biarritz Baleta; Gizartea atalean, Andoni Egaña bertsolaria; eta Ekonomia atalean, Bizkaiko Ona Electroerosion enpresa.



Urtero-urtero gizarteari ekarpena egin dieten pertsona eta erakundeak saritzen ditu Sabino Arana Fundazioak, euskal abertzaletasunaren sortzailearen jaiotzaren urteurrenean. Aurreko urteetan, besteak beste, New Yorkeko suhiltzaileek, euskal sukaldariek, Kukuxumusu enpresak eta Euskaltzaindiak jaso zuten saria. Sari banaketa urtarrilaren 29an egingo dute, 12:00etan, Bilboko Arriaga antzokian.



- JORDI PUJOL (Berezia atala): «1980an Katalunian autonomia ezarri zenetik 2003ra arte gobernu eta administrazioburu gisa egindako ibilbide politikoa nabarmentzeko eta goraipatzeko» emango diote Jordi Pujol Kataluniako Generalitateko presidente ohiari Berezia saria. Juan Mari Atutxa Sabino Arana Kultur Elkargoko lehendakariaren hitzetan, Generalitatearen 25. urteurrenean, Pujolen «konpromisoa, tolerantziaren aldeko defentsa eta askatasunaren eta demokraziaren bilaketa» saritu nahi izan dituzte.



- JOSE MARIA SETIEN (Bizitza Osoko Ibilbidea atala): «Beti erakutsi duen besteenganako arduragatik eta Justiziarekiko eta Giza Eskubideekiko konpromiso etengabeagatik». Horregatik jasoko du Jose Maria Setien Donostiako gotzain ohiak Sabino Arana Saria. «Gogoeta guztiak indarkeria mota guztiekiko arbuioan oinarritutakoak izan dira beti», azaldu zuen atzo Atutxak. «Euskal gatazkaren konponbidea ere elkarrizketan, egian eta justizian oinarrituta bilatu izan du».



- BIARRITZ BALETA (Kultura atala): Biarritz Baletak saria jasoko du, «Ipar Euskal Herriko kultur bizitzaren eragile garrantzitsua» izateaz gain, Ipar eta Hego Euskal Herriaren harreman artistikoen «funtsezko gunea» delako. «Dantzari gazteen prestakuntza sustatzeagatik eta errazteagatik, eta gure koreografi ondarea geure mugaz haraindi ezagutarazteagatik emango diogu saria», adierazi zuen Atutxak.



- ANDONI EGAÑA (Gizartea atala): Sabino Arana Kultur Elkargoak Andoni Egañak bertsolaritza «ezagutarazteko eta hedatzeko» egin duen ekarpena saritu du. «Euskal kulturaren tradiziorik herrikoienetako bat gizarte gertakari nabarmen bihurtzen lagundu du». Atutxaren esanetan, Andoni Egaña «eredu» bihurtu da bertsolari askorentzat, «bere estilo pertsonal bereziarengatik».



- ONA ELECTROEROSION (Ekonomia atala): «Munduko elektrohigadurarako makinen euskal fabrikatzailerik zaharrenak eta Europako Batasuneko ekoizlerik handienak» jasoko du Ekonomia saria. Ona Electroerosion enpresa bizkaitarrak, hain zuzen ere. Atutxaren hitzetan, enpresaren jarduna «diseinuan, berrikuntzan eta kalitatean» oinarritzen da, eta euskaldunek mundu zabalean egiten duten «lan onaren adibide ezin garbiagoa» da.

Dokumentuaren akzioak