Asteburuan eskainiko duzuen ikuskizunak askotariko arte diziplinak biltzen ditu. Zelan definituko zenukete artefaktu artistiko hau?
Aritz Lasarguren: Ikuskizun hau laborategi baten antzera antolatu dugu. Gure artean sorturiko sistema bat da, soinuek, irudiek eta mugimenduek bat egiten duten laborategi esperimentala. Ikusleen parte hartzeagaz eta inprobisazioekin osaturiko ikuskizuna izango da.
Uribarri Atxotegi: Ez dago istorio edo narratiba lineal bat. Jolas bat izango da, publikoaren interakzioa izango duena. Publikoari eskatuko diogu gaiak, desirak, kezkak proposatzeko. Eta horiek jaso eta eszenifikatuko ditugu. Unibertso propio bat sortuko dugu.
Unibertso propio bat, beraz.
A.L.: Lengoaia hibrido bat sortuko dugu. Hau da, publikoak proposaturiko gai horietan, artista bakoitzak bere ikuspegia azaleratuko du. Eta gure arteko loturak bilatzea izango da gure lana.
U.A.: Prozesu luze batetik gatoz. Badugu aurrelanketa bat. Baina guretzat sorpresa izango da, ez dakigulako publikoak zein gai proposatuko dituen. Arrazoi horregaitik, barikuan eta zapatuan eskainiko ditugun saioak diferenteak izango dira. Ez dira errepikatuak izango.
Zuzeneko musika, dantza eta irudien proiekzioa. Ikuskizuna sortzerakoan zelan orekatu duzue diziplina bakoitzaren pisua?
U.A.: Hain zuzen ere, horixe izan da egin dugun bidaia. Bost pertsona gara. Hiru mugimenduan ari dira, bat soinuan eta beste bat irudietan. Hasi ginenean, bakoitzak bereari ekiten zion, baina gerora konturatu ginen horrek ez zuela balio, denon arteko oreka bat behar zela. Eta hori bilatzen dugu laborategian. Demagun une batzuetan arlo bisualak indar handia hartzen duela. Bada, horrek ez du esan gura ikuskizun osoan zehar horrela izango denik. Bakoitzak bere zentraltasun horretatik irteten du, errepresentazioa modu globalean egiteko.
A.L.: Dantzariak gara eta txip hori sartuta daukagu, elkar ulertzen dugu.
Publikoaren parte hartze hori etorkizunean indartu beharreko bide bat dela uste duzue?
U.A.: Bai. Esango nuke hori badela denbora batetik hona gertatzen dabilen zerbait. Sortzaile-kontsumitzaile-publiko figura horien arteko mugak lausotu gura ditugu. Horixe da bidea. Gainera, diziplina artistikoen arteko mugak ere lausotzen dabiltza.
A.L.: Antzerkian egin izan dira horrelakoak, inprobizazio saioak eta abar. Publikoari eskatu izan zaizkio gaiak proposatzeko.
Eta asteburuari begira, zein sentipen nagusitzen dira zuen artean? Urduritasuna? Gogoa?
U.A.: Ni pertsonalki gogotsu nago. Honek, azken finean, jendeagaz funtzionatzen du, hartu-eman horietan. Gogotsu gaude, ikusteko ea zelan funtzionatzen duen.
A.L.: Sortze prozesua luzea izan da, baina oso emankorra. Eboluzio bat egin dugu, eta gogoz gaude hori plazaratu, jendeagaz partekatu eta jolasteko. Efektu bisualetarako, kamera berezi batzuk erabiliko ditugu. Ikusmen artifiziala erabiltzen dute eta gai dira gorputzeko mugimenduei jarraitzeko. Sorpresatxo batzuk egongo dira.