Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Publikoa irabazi behar da, eta dantzan ondo ari zarela transmititu»

Dokumentuaren akzioak

«Publikoa irabazi behar da, eta dantzan ondo ari zarela transmititu»

Lierni Kamio. Euskal Herriko dantza sueltoko txapelduna

Iker Sanz lezoarrarekin batera, Villabonara eraman du Lierni Kamiok Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketako txapela. Seguran irabazi zuen bikoteak, larunbatean, lehia nahiko estu baten ondoren.
Egilea
Ander Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2015/10/20
Lotura
Berria
Seigarren parte hartzea zuten Iker Sanzek (Lezo, Gipuzkoa, 1994) eta Lierni Kamiok (Villabona, Gipuzkoa, 1995), eta larunbatean Segurako (Gipuzkoa) Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketan, ez zuten hutsik egin. Txapeldunaren pozez mintzo da Kamio, badakielako hori dela dantza sueltoan dabilen edozein dantzarik «lor dezakeen gehiena».

Noiz hasi zinen dantzan?

9 urterekin hasi nintzen dantzan, Villabonako Oinkari dantza taldean, eta 13 edo 14 urterekin hasi nintzen txapelketetan, Iker Sanzekin.

Sei urte luze dira, beraz, berarekin dantzan zabiltzanetik.

Ni Oinkari dantza taldean nenbilen bera etorri zenerako, geroago. Bera ordurako bazebilen txapelketetan, eta ezagutzen zuen mundu hori. Ikusi zuen ni nahiko fin nenbilela dantzan, eta, beraz, bikote modura hartu ninduen. Ordutik elkarrekin ibiltzen gara, 14 urteetatik.

Zer behar du bikote batek, ona izateko?

Hasteko, pausoak eta halakoak ondo egitea, eta neurri bat edukitzea. Bestetik, hasieratik indartsu mantentzea, dantza bukatu arte. Baina, batez ere, bikotearen arteko konplizitatea da garrantzitsuena, elkarren artean ondo eramatea. Pausoak ondo egin behar dira, noski, baina publikoa ere irabazi beharra dago, eta dantzan ondo ari zarela transmititu. Erraztasuna, gure arteko feeling-a transmititu behar da, publikoak esan dezan: «Begira hauek ze ondo ari diren». Inbidia sortu behar da, ondo pasatzen ari garenaren inbidia.

Denborarekin finduko zen zuen arteko harreman hori.

Hasi ginenean ez genuen elkar ezagutzen, dantzan bakoitzak berea egiten zuen, eta kito. Denborarekin gure artean ondo konpontzen hasi ginen, eta hori nabaritzen da dantzan. Harreman hori nabari da, nahi gabe ere.

Sei urteren ostean etorri da saria. Bilakaera baten emaitza al da Euskal Herriko txapela?

Gazteak ginen hasi ginenean, eta dantzarako indarra falta zitzaigun. Sei urte pasatu eta gero esperientzia pixka bat hartu dugu, bideoetan akatsak ikusiz, eta, horren arabera, horiek konpontzen saiatuz. Eta, orain, seigarren urtean lortu dugu, azkenean, Euskal Herriko txapeldun izatea.

Hirugarren postua lortu zenuten orain bi urte, laugarrena iaz. Bazen garaia, beraz, irabazteko?

Gutxika maila hartuz joan gara. Aurten, beste lau edo bost bikoterekin batera maila puntu bertsuan geunden, eta ez genekien nork irabaziko zuen. Azkenean, guretzat izan da txapela, baina erraz asko izan zitekeen bigarren edo hirugarren egin duten bikoteentzat ere. Hor geunden denak, eta, akats txikiena eginda, jaitsi egingo genituen puntuak. Aurten guri egokitu zaigu, beste batean ikusiko da. Suertea izan dugu. Tira, suertea, eta ondo ere egin dugu. Azkeneean, lehengoak izateko, ondo ere egingo genuen, ezta? Ez da suerte hutsa.

Nolakoa izan zen dantza egiteko unea?

Dantzan ari ginenean, ni behintzat, ahaztu egin nintzen epaimahaiaz eta publikoaz. Nirea egin nuen, eta Ikerri [Sanz] begiratzen nion bakarrik. Berak agertokira atera aurretik esan zidan: «Lierni, izarrak ikusi arte indarrez eutsi, bukaerara arte».

Entseatu bezala atera al zen?

Entseguetan bezala atera zen dena. Astean hiru aldiz entseatu izan dugu, Oinkari dantza taldeko entseguaz aparte. Ongi sentitzen ginen dantza egin eta gero. Ikerri ere esan nion ondo ibili ginela. Eta, azkenean, saria.

Beraz, hain ongi sentituta, espero zenezaketen txapela?

Espero ez, baina, bai, ongi sentitu ginen egindakoarekin, eta pentsatu genuen sar gintezkeela lehenengo hiruren artean, ez genuelako ezer gaizki egin. Beste batzuetan, zerbait gaizki egindakoan nabaritzen genuen, eta aurreikusten genuen ez ginela lehenengoen artean sartuko. Baina, aurten, aukera ikusi genuen, bai.

Zer ematen dizu txapelak?

Burua altxatzeko balio du. Sueltoan dabilen dantzari orok nahi duena da hau, lor dezakegun gehiena. Oraindik ez zait joan poza. Burua altxatzeko balio digu, erakusteko benetan balio dugula.

Gailurrera iritsita, ba al duzu aurrera jarraitzeko motibaziorik?

Ez dago dena lortuta. Aurrera jarraitzeko indarrak ematen dizkigu honek, jakina. Hau ez da hemen bukatzen. Euskal Herriko txapela lortu dugu, baina dantzan jarraituko dugu oraindik ere.
Argazkia: SEGURAKO UDALA / EZEZAGUNA

Dokumentuaren akzioak