Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Publiko zabalerako

Dokumentuaren akzioak

Publiko zabalerako

'Future 6'

Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: urtarrilak 18.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Kritika
Data
2014/01/21
Lotura
Berria

Sei koreografia labur ekarri ditu Bilbora Gauthier Dance konpainia quebectarrak, eta haietariko gehienetan nagusitu da era guztietako ikusleak asetzeko borondatea.

Lehen pieza —Jiri Bubenicek txekiarraren Burning bridges— izan da sakontasun gehien erakutsi duena. Dantzarako eremuak nolabaiteko itxura onirikoa agertu du, pertsonak baino askoz altuagoak ziren aulkiekin eta hanka baten faltan zegoen mahai handi batekin. Hasieran iratxoen moduko dantza bat irudikatu dute bi dantzari gizonezkok, maila abstraktuan, eta Bachen sonata baten notak hasi direnean aulki garaietatik behatu dute behegaineko bikotearen amodio-dantza.

Dentsitate nabarmena hartu du atmosfera artegagarriak bai neska bai mutila mahaiko laugarren hankako zatiak muntatzen saiatzen zirelarik, eta giro horretan laguntza handikoa izan da Arvo Parten musika iragarlea. Bitartean, agerian geratu dira dantzarien estilo garbia eta teknika orbangabea, eta neskaren azken uneko harridura-imintzioarekin jabetu gara koreografoak keinu txikienei ere emandako garrantziaz.

Lehen atal hori amaituta, oihal aurrean agertu da Eric Gauthier bera, eta ingeles hutsean azaldu dizkigu bere konpainiaren ezaugarriak eta bere ibilbide pertsonala, egitarauko sei piezak aurkezteaz gain. Berak esandakoaren arabera, konpainiaren asmoa da publiko zabalerako dantza egitea, eta argi dago sorta honekin lortu egin dutela, zeren eta, hasierako piezaren araztasuna ahaztuta, entretenimendu hutsean oinarritu baitira gainontzeko bost koreografiak.

Itzik Galiliren Cherry Pink and Apple Blossom White piezan sexu-probokazio txikiak gauzatzen ditu eszenako bikoteak, Perez Pradoren mambo ezagun baten pean, eta Cayetano Sotoren Malasangre-n berriz ere entzun ditugu Batistaren garaiko doinuak —oraingo honetan La Luperen ahots porrokatuan—, eta dantzarien eboluzio zehatzek dramatismo markatuaren bidez islatu dute kanta patetiko haien zimeltasuna.

Eric Gauthierren Takuto koreografia telebistarako parametro errazen eta efektismoaren zorduna izan da bete-betean, baina hurrengo piezan —Marco Goeckeren I found a Fox— Gauthier bera agertu da bakarlari eta, Kate Bushen kanta bateko inflexioei zorrotz atxikita, garbi utzi du maila handiko dantzaria dela keinu definizioari eta kemenari begira. Azkenik, Stephan Tossen Bolero antzerki dantzatuaren esparrutik hurbil dago, baina pantomima kutsuko pieza hau egokia izan da gaualdiari amaiera gozoa emateko eta ikusle gehienen entusiasmoa pizteko.

Dokumentuaren akzioak