Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Provisional Danza

Dokumentuaren akzioak

Provisional Danza

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Mota
Kritika
Data
2000/10/28

ITZALA eta argia bezain ezberdinak eta bezain bereiztezinak izan dira Provisional danza taldeak hilabete honetan aurkeztutako lan biak.

Haietariko lehena, hain zuzen ere urriaren 7an Bilboko La fundición aretoan ikusi genuena, barnerakoi, ilun eta bortitza izan zen.

Bestea, ordea, ageri-agerikoa izan da, aire zabalean garatua, eta energia positiboa komunikatu die Plaza Berrian paseatzen zeuden ikusleei, hasiera ikusgarria emanez Bilboko II. Antzerki eta Dantza jaialdiari.

Bonbilla biluzi bik argitzen dute eszenako soiltasuna Lo que los perros dejarán (Txakurrek utziko dutena) izeneko piezaren hasieran. Hasiera horretan dantzari biak (Guillaume Trontin eta Carmen Werner) daude harriz betetako poltsa banari lotuta, nahiz eta bata etzanda eta bestea zutik egon, batak beltzez eta besteak zuriz jantzi, bata emakumea eta bestea gizona izan.

Argiez eta itzalez, isilune luzeez eta egoera artegagarriez osaturiko lan honetan bakoitza bere zamari lotuta dabil, mugimendu arritmiko eta asaldatuekin, bat-bateko erorikoen artean, gizakiengan agertzen diren kontraesanak eta barne borrokak azaleratuz.

Hezurrek hots latzak ateratzen dituzte behearen kontra jotzean, eta egoera ez da samurtzen bakoitza bere zamatik askatzen denean, orduan hasten baita kutsu bortitzeko jazarpen bat, aizto zorroztu batekin tentsio goreneraino ailegatzen dena.

Pareta eta zutabeak dantzatoki

Non eta Euskaltzaindiaren egoitzaren fatxadan hasi da Bilboko II. Antzerki eta Dantza jaialdia, aipatutako konpainiaren Los hombres también mueven paredes (Gizonezkoek paretak ere mugitu ahal dituzte) lanarekin. Plaza Berriko erlojuan iluntzeko sei t'erdiak zirela beltzez jantzitako lau gizon eta lau emakume agertu dira erakunde burutsu eta zuhurraren balkoietan, eta Mozarten Requiem-eko Kyrie-aren doinupean hasi dira goitik jaisten, bertan geunden guztiok aho-zabalik geratzen ginela.

Zortzi dantzariek plazako harlauzak zapaldu ostean jarraitu egin du dantzak, eta orduan nabarmendu dira konpainia madrildarraren balioak, behegainean egindako dantza bertikalki egindakoari gailendu zaiolako, beharbada ez ikusgarritasunean baina bai dentsitate eta sendotasunean.

Händelen Messiah-ren obertura, alemanez deklamaturiko testu eder bat edota herri bereko Stoa Porta 8 izeneko taldearen musika gozagarria entzuten zen bitartean agerian geratu dira Carmen Wernerren gaitasuna soinu-banda esanguratsuak josteko, eremu zabalak eta kontrolagaitzak edertasunez betetzeko eta ikusleengan zirrara sakonak sortzeko, mugimendu zehatzak, irudimen koreografikoa, keinu aberatsak eta talde koordinazio itzela erabiliz. Provisional danzak erakutsi digunez, gizakiok paretak ere mugitu ahal ditugu.

Dokumentuaren akzioak