Dokumentuaren akzioak
Proposamen berritzaileek beteko dute La Fundicioneko programazioa
Arte eszenikoak. Gaurtik abendua arte, dantza zein antzerkia jorratzen dituzten sei talde esanguratsu ikusgai
Udako oporraldiaren ostean, erabat indarberriturik itzuli da Deustuko La Fundicion. Udazken honi begira, aretoak dantzaz eta antzerkiz beteriko egitaraua prestatu du. Gaur, adibidez, Willie Dorner dantza talde ospetsuak zabalduko du denboraldi berria. Hurrengo asteetan, hurrenez hurren, honako hauek igaroko dira La Fundicionetik: El rayo misterioso konpainia argentinarra, Seine-Saint Denisko Nazioarteko Koreografia Topaketetan egongo diren dantzariak, Alain Buffard dantza taldea, Luis Cranach antzerki konpainiak Carlos Marquerieren kolaborazioarekin osatu duen lana, eta La carniceria teatro.
Proposamen garaikideak
Vienako dantza garaikidean, erreferente dugu Willie Dorner. Valsen herrialdean, paradoxikoa badirudi ere, nekez aurki daitezke dantza garaikidea lantzen duten mutilak. Dornerrek berak emakume koreografoen metodoak izan zituen ikasbide, batez ere Rosaria Chladeck-enak. Martha Grahamen adinkide, Chladeckek mugimendu eta adierazpen teknika propioa garatu zuen 30eko hamarkadan. Hain zuzen, teknika horietatik abiatuz sortu zuen Dornerrek Deustun aurkeztuko duen Mazy. Koreografian bost dantzarik parte hartzen dute, eta obrak berak gizakien mugimendu mugen inguruan gogoeta egiten du. Dornerren konpainiaren bisita aprobetxaturik, igandea arte profesionalentzako ikastaro batzuk eskainiko dituzte La Fundicionen bertan.
Datorren astean, berriz, Rosarioko (Argentina) El rayo misterioso konpainiaren txanda izango da. Argentinarrek zazpi urte daramatzate antzerkigintzan, eta, gainera, joera berritzaileen topaleku den areto bat kudeatzen dute Rosarion bertan. La Fundicionen 97an estreinatu zuten Muz antzeztuko dute. Egileen hitzetan, Muz etengabeko bilaketa bat da: jatorriarena, nortasunarena, baina, funtsean, horiei loturik dagoen indarkeriarena. Egun batzuk geroago, hilaren 20an, RAM beren azken ekoizpena aurkeztuko dute Bilboko La Aceria aretoan.
Hilaren erdialdera Seine-Saint Denisko Koreografia Topaketetan izango diren dantzariak jasoko du Deustuko aretoak. Aurten estatuko plataforma Damian Muñozen konpainiak, Idoia Zabaletak, Borja Ramosek, Blanca Arrietak, Idurre Azkuek, Sofia Asenciok, eta Elena Cordobak osatuko dute. Hurrenez hurren, honako lanak eramango dituzte Frantziara: Sonata nº 1 en sol menor, La puta inocencia (Zabaleta eta Ramos), Vertigo, Gora bihotzak, Donde quieras, eta Sin correa.
Azaroko lehen protagonistak, berriz, Alain Buffard konpainiakoak izango dira. Deustura bi lan ekarriko dituzte: INtime/EXtime eta MORE et encore. Urtean koreografo handiren dantzari izan da Buffard; Brigitte Farges eta Daniel Larrieurena kasu. Udazkeneko egitaraua antzerki emanaldi bik itxiko dute. Lucas Cranach konpainiak Carlos Marquerierekin egindako 120 pensamientos por minuto eskainiko du, musika eta gogoeta kaotikoak nahasten dituen obra. La carniceriak, berriz, Faetonen mitoan oinarrituriko After sun aurkeztuko du.
aniztasuna
Garaikidetasunaren barruan, jatorri eta estilo ezberdinetako konpainiak izango dira protagonista udazkeneko egitarauan
aurrekontua
Aurten ere dirua arazo nagusi du aretoak
«Geu, berez, nahikoa zorrotzak gara. Baina urte hauetan guztietan hezi dugun publikoaren eskakizunak handituz joan diren heinean, are zorrotzagoak bihurtu gara. Horregatik, oraingoan muga guztiak haustea erabaki dugu», zioen atzo La Fundicioneko programazio arduradun Luque Taguak. 15 urte bete berriak, aretoak etxea leihotik bota du udazkeneko programazioarekin. Izan ere, arte eszenikoetako joera berritzaileak ekartzeko konpromisoari eusteaz gain, nazioarteko konpainiak gonbidatu ditu. Eta, noski, La Fundicionen moduko areto batentzat kostu ikaragarria ekartzen du horrek.
Hala ere, taldeak beraiekin oso ondo portatu direla zioen Taguak. «Denek normalean kobratu ohi dutena baino askoz gutxiago jasoko dute; ados jarri gara. Carlos Marquerie, adibidez, une honetan antzerki munduan estatuan den pertsona garrantzitsuenetako bat izanik kopuru barregarri baten truke izango dugu hemen». Baina artisten eta areto arduradunen arteko tratu horiek ez dute benetako arazoa konpontzen. «Batzuek pentsatuko dute negarti hutsak garela, eta ez da horrela. Ez zaigu beti kexaka ibiltzea gustatzen, baina diru laguntzen politika aldatu ezean jai daukagu. Nekaturik gaude kurtso guztietan dinamika bera errepikatzeaz, 15 urte lanean egon arren oraindik hasiberriak bagina bezala tratatuak izateaz». Hala ere, La Fundicionek ez duela amore emango esan zuen Taguak.
Dokumentuaren akzioak