Dokumentuaren akzioak
Propio eginiko urratsak
Ezpata-dantza berria sortu du Iruñeko Duguna dantza taldeak, ohitura kontuan hartuz; igandean aurkeztu zuten
«Orain arte beste lekuetako dantzak egin ditu beti gure
taldeak», azaldu du Aritz Ibañez Duguna dantza taldeko kideak, «baina
ez genuen lortzen tokian tokiko dantzak egiten dituzten taldeek lortzen
duten indar bera eta herriarekiko identifikazio bera. Dantzak ikusten
zituen jendeak, eta txalo ere egiten zuten bukatzen genuenean, noski,
baina ez zituzten bere egiten. Horregatik, beste herri batzuetan beren
dantzak dituzten bezala, pentsatu genuen, Iruñeak ere merezi zituela
dantza propio batzuk».
Aurreak erakusten du atzea nola dantzatu, eta kasu honetan
ere, aurrekoek egindakoari begira aritu dira lanean Dugunako kideak.
Historiari begira. «Artxiboetan ikusi dugunez», dio Ibañezek, «Iruñeko
dantza taldeek dantza propioak prestatzen zituzten ospakizun
berezietarako. 1556koa da aurkitu dugun gisa horretako dokumenturik
zaharrena».
Ez da berreskurapen lan bat izan, ordea, ez baitago garai
bateko ezpata-dantza horien lekukotasunik. Erabiltzen zituzten
erremintei buruzko oharrak eta jantziei buruzko datuak baino ez.
Urratsik ez. Arrasto horiek baliatuz dantza «birsortu» egin dutela dio,
horregatik, Ibañezek. Tradizioari so eginik osaturiko dantza da,
halere, dantza berria. XXI. mendean sorturiko dantza bat, Euskal
Herriko eta Europako ezpata-dantzen nolakotasuna kontuan hartzen duena.
XXI. mendeko gizarteari loturikoa, beraz, eta, horregatik, genero
bereizketarik gabe, neska zein mutilak ikus zitezkeen igandean dantzan.
Buruzagia eta zerbitzaria aritu ziren taldearen buru, eta 28
dantzari izan zituzten atzean; lau kapitain ere izan ziren
ezpata-txikiekin dantzan, eta banderazainek eta txistulariek itxi zuten
taldea. 35 dantzari guztira, eta hainbat dantza saio osoaren barnean:
bandera arbola, banderaren azpiko korrikaldia, biribilketa, hainbat
zortziko, eta, noski, ezpata dantza. Arrosa izeneko egitura
ere antolatu zuten dantzariek, egurrezko ezpatak elkarrekin gurutzatuz,
kapitainaren lepo inguruan. Hala, San Ferminen martirioa gogoraraziz,
zintzurra moztuta hil omen baitzuten.
Lehen urratsa
11:30ean hasi zen dantza Arrotxapeko zubian, eta jende franko
zegoen han jadanik dantzarien zain. Prozesioarekin batera joan ziren
ondoren dantzariak, eta Udaletxe plazan izan zen dantzaldi nagusia,
propio dantza ikustera joandako jendetzaren aurrean. Beteta zegoen
plaza.
«Iruñeko dantzariak gara gu», dio Ibañezek. «XVI. mende hartan
Iruñean dantzatzen zuten dantzari haien oinordeko sentitzen gara, eta
nahi genukeena da gure dantza hauek Iruñeko dantza bihurtzea. Asmo
handiegia da agian, baina neurri horretako dantzak egiten saiatu gara».
Igandean ez zen bozketarik izan, noski, baina txalo zaparrada itzela
jaso zuten dantzariek. «Dantza bat propio egitea ez da urtebeteko
kontua, halere», dio Ibañezek, «eta, horregatik, lanean jarraitu
beharko dugu hemendik aurrera ere, atsedenik gabe». Egina dute lehen
urratsa.
Dokumentuaren akzioak